Asteon zientzia begi-bistan #53

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

zientzia begi-bistan #53Esperantza sortarazten duten aurrerapausoak ematen direnean zientzian, ate berriak irekitzen zaizkigu. Cambridgeko Papworth Ospitalean egin duten bihotzeko transplante batek ate berriak ireki dizkie bihotzeko gaitzak dituzten gaixoei. Europan lehen aldiz egin den ebakuntza kirurgikoa gauzatu dute bertan. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaieran bihotza geldituta zendu den pertsona baten bihotza hartu, biziberritu eta Londresen bizi den 60 urte dituen gaixo bati transplantatu diote arrakastaz. Honi esker, itxaropen taupadak sortu dira bihotz transplanteetan.

Endekapenezko gaixotasuna da alzheimerra. Gaitz honek neuronei eragiten die, neuronek berezko egitura eta funtzioa galtzen dute eta, ondorioz, pazienteen funtzio motor, kognitibo, sentsorial eta emozionalek kalteak jasaten dituzte. EHUko Elekin ikerketa-taldea ingeniaritza biomedikoa du ikerlerro eta horren baitan Alzheimerren eritasuna atzematen lagun dezakeen sistemak garatzen ari direla kontatzen digute Elhuyar aldizkarian. Bioseinaleak aztertzeko sistemak ari dira garatzen gaixotasunaren diagnostiko medikoetan laguntzeko. Sistema hauek hitz jarioari erreparatzen diote, galera kognitiborik baden ikusteko. Beraz, hizketaren analisia gauzatzen dute alzheimerra goiz detektatzeko.

Ana Galarragak ikerketa berezi baten berri ematen digu. Estatu Batuetako, Finlandiako, Txileko eta Danimarkako ikertzaile-talde batek hainbat alderdi aintzat hartuta etxe barruetan azaltzen diren espezieen ezaugarriak ikertu dituzte: nola sortu ziren, zeintzuk diren hautespen-presioak, zer eragin duten espezie horietan gure aldaketa kulturalek eta abar. Ikertzaileek diotenez, munduan askotariko kulturak badaude ere, etxe barruko kondizioak nahiko antzekoak dira toki gehienetan eta, ondorioz, leku bateko eta besteko etxe barruetako espezieak ez dira uste daitekeen bezain desberdinak. Elhuyar aldizkarian: Etxe barruko biomaren eboluzioa ezagutzeko bidean.

Ba al dakizu Ganimede sateliteak Lurrak baino ur gehiago eduki dezakeela? Joxerra Aizpuruak Argia aldizkarian horren berri ematen digu. Hubble teleskopioak lortutako datu eta irudietan oinarrituz, zientzialariek uste dute Ganimedek ur gaziko barne-ozeanoa duela eta hau, gure planetakoak baino hamar aldiz sakonagoa dela: 100 kilometro ingurukoa.

Nagore Irazustabarrena kazetariak egun Ig Nobel Prizes sarietan aurkezteko modukoak diren iraganeko ikerketen berri ematen digu Argian. Asteon kontu bitxi bat eman digu ezagutzera. 1901. urtean Duncan MacDougall mediku estatubatuarrak arimaren pisua kalkulatzeko esperimentua egin zuela. Hiltzen garenean arimak gorpua uzten omen du, beraz, medikuak arimaren pisua kalkulatzeko gorputza hil baino lehen eta hil eta berehala pisatu behar zuela erabaki zuen. Hilzorian zeuden sei pertsonen gorpuak pisatu zituen (hil aurretik eta hil ondoren), lehen gorputzaren diferentzia 21 gramokoa zela ikusi zuen, besteena handiagoa edo txikiagoa izan zen arren, lehenaren balioa hartu zuen arimaren pisua finkatzeko: 21 gramo.

Lourdes Herrasti ikerlaria da Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologia sailean eta osteoarkeologian espezializatua dago. ‘Bones’ telesailak osteoarkeologia modan jarri duela ikasleen artean aitortzen du. Izan ere, indusketa batetik ateratako hezurrak aztertuta pertsona hari buruzko hainbat datu lortzen dira. Lourdes Frankismoaren biktimen gorpuak lur azpitik ateratzen aritu da azken urteotan Francisco Etxeberria auzi medikuarekin eta Berrian elkarrizketatu du Edu Lartzangurenek: Erru arazo bat dugu denok, eta beste bati leporatu behar.

Zientzia Kaieran aldiz, Peru S. Gamarra kazetariak Jordan Santos-Concejero biologoa elkarrizketatu du. Jordan kirolaren fisiologiaren adarrean ari da lanean. Hau da, gizakiaren gorputza aztertzen du gizakiak kirol ezberdinak egiten dituenean. Gizaki baten gorputza limitera eramaten denean sistema fisiologikoek nola erreakzionatzen duten aztertzen saiatzen da. Horrez gain, atleten artean egon daitezkeen diferentziak aztertzen ditu eta honen baitan bere ikerketak, eliteko atleta kenyarren arrakastan erabakigarria izan daitekeen faktore bat deskribatzen du lehen aldiz: “Atleta kenyarren arrakasta puzzle erraldoi bat da”.

Bagoaz XVIII. mendeari begiratuz. Malaspina espedizioak bost urte iraun zuen eta espainiar ilustrazioko zientzia-egitasmo garrantzitsuena izan zen. Mariajo Moreno kazetariak bidai honi erreparatu dio eta galdera bat luzatzen du Zientzia Kaieran, nolatan lortu zuten bost urteko jangaiak eramatea itsasontzian, XVIII. mende hartan?

Iragana historiaz betea dago eta historiak baditu ere pasarte bitxiak. XVIII. mendean bizi izan zen Maria Gaetana Agnesi matematikari italiarra. Neskato argia izan zen txikitatik eta gaztetan kalkulu diferentziala eta integralei buruzko ideia berritzaileak jasotzen zituen lan aitzindaria idatzi zuen:Instituzioni analítiche ad uso della gioventù italiana liburua. Bertan, aurreko matematikari batzuen material sakabanatu eta heterogeneoak batzen zituen, argitalpenean sekuentzia logiko eta didaktiko bat emanez. Uxune Martinezek hurbiltzen digu emakume honen lana Zientzia Kaieran: Agnesiko sorgina: Maria Gaetana Agnesi matematikariaren kurba.

—––

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>