Agnesiren sorgina: Maria Gaetana Agnesi matematikariaren kurba

Uxune Martinez
Maria Gaetana Agnesi (1718-1799) matematikaria, hizkuntzalaria, teologoa eta filosofo italiarra Milanen jaio zen 1718ko maiatzaren 16an. Agnesiren izena geometria analitiko eta kalkulu-liburuetan agertzen da sarritan, beti “Agnesiren sorgina” izeneko kurbari esker eta baita ere, 1748an Instituzioni analítiche ad uso della gioventù italiana testu liburua argitaratzeagatik.

Kalkulu diferentziala eta integralei buruzko ideia berritzaileak jasotzen zituen lan aitzindariaren egilea izan zen Agnesi. Kalkulu diferentzial eta integralak lehenengoz elkarrekin tratatu ziren liburuan aurreko matematikari batzuen material sakabanatu eta heterogeneoak batzen zituen argitalpenean sekuentzia logiko eta didaktiko bat emanez.

Instituzioni analítiche liburua kontutan hartuz, matematikari emakume autore zaharrena da Maria Gaetana Agnesi. Askorentzat, Gaetana Agnesi, Hipatia Alexandriakoaren ondoren, emakume matematikari inportanteena izan da.

1. irudia: Maria Gaetana Agnesi (1718-1799) matematikaria.

1. irudia: Maria Gaetana Agnesi (1718-1799) matematikaria.

Gaetana Agnesi neska argia izan zen txikitatik. Bederatzi urterekin zazpi hizkuntza zekizkien, hori zela eta “zazpi hizkuntzatako orakulua” ezizena eman zioten. 20 urte zituela ama hil zitzaionean, komentu batean sartu nahi izan zuen. Aitak, Pietrok, ezezkoa eman ondoren, familia zaintzeari (20 neba-arreba izan zituen) eta aljebra eta geometria ikasteari ekin zion, haren esanetan “bakea nagusi den pentsamenduaren atal bakarrak” zirelako. 1748an Instituzioni analítiche ad uso della gioventù italiana testu liburua argitaratu zuen. Lanak ospea hartu zuen arin matematikarien artean hainbat kontzeptu argi azaltzen baitzituen. Ospea zela eta liburua frantsesera eta ingelesera itzuli zuten eta itzulpen-lan kaxkar batengatik sortu zen egun ezaguna den “Agnesiren sorgina kurba”.

Jonh Colson matematikari britainiarrak liburua itzuli zuen ingelesera eta ez zuen ongi menperatzen italiarra, antza. Agnesiren testuan agertzen zen ekuazio baten kurba azaltzeko honek “versiera” termino italiarra erabili zuen (versiera ontzigintzako kontzeptua italiarra da, itsasontzietako bela birarazten duen sokari egiten dio erreferentzia eta hau erabili zuen Gaetanak kurbaren biraketari aipamena egiteko), baina Colsonek “avversiera” (sorgin edo azti) bezala ulertu zuenenez, izen hori eman zion, “sorgina”. Ordutik aurrera bere izena geometria analitiko eta kalkulu liburuetan agertzen da sarritan, “Agnesiren sorgina” izeneko kurbari esker.

Agnesiren kurbak bi gezur ditu oinarrian: batetik, Agnesik ez zuela kurba hura aurkitu, eta, bestetik, ingeleserako itzulpen txar batengatik eratorritako sorgin hura ez dela existitzen. Pierre de Fermatek aztertu zuen lehenik kurba 1630. urtean eta 1703ean Guido Grandik. Grandik kurba “versoria” lez izendatu zuen. Versoria latineko vertere (biratu) hitzean du jatorria eta gerora, Maria Gaetana Agnesik versiera erabili zuen berori aipatzeko.

agnesi sorgina (kurba matematikoa)

2. irudia: Agnesiren sorgina kurba.

Tamalez bere irudia kurba horrekin erlazionatzeak, estalian utzi izan du bere meritu aipagarrienetakoa, Instituzioni analítiche ad uso della gioventù italiana liburua. Liburua, Leibnizen eta Newtonen kalkulu diferentzialari buruzko ekarpenak aztertzeko eskuliburu gisa erabili izan da zenbait herrialdetako unibertsitateetan.

1750 eta 1752 artean Bolognako Unibertsitatean matematika-irakaslea izan zen. Bera izan zen Unibertsitate hartako lehen emakume matematikari irakaslea eta ohorezko katedraduna izendatu zuten bertan. Hurrengo berrogeita sei urtean, moja lanetan, bere bizitza eta ondasun guztiak txiroak zaintzeko eta laguntzeko eskaini zituen, berak sortutako babeslekuan bertan hil zen arte

———————————————————————————-

Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

———————————————————————————-

2 iruzkin

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #53 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] Iragana historiaz betea dago eta historiak baditu ere pasarte bitxiak. XVIII. mendean bizi izan zen Maria Gaetana Agnesi matematikari italiarra. Neskato argia izan zen txikitatik eta gaztetan kalkulu diferentziala eta integralei buruzko ideia berritzaileak jasotzen zituen lan aitzindaria idatzi zuen:Instituzioni analítiche ad uso della gioventù italiana liburua. Bertan, aurreko matematikari batzuen material sakabanatu eta heterogeneoak batzen zituen, argitalpenean sekuentzia logiko eta didaktiko bat emanez. Uxune Martinezek hurbiltzen digu emakume honen lana Zientzia Kaieran: Agnesiko sorgina: Maria Gaetana Agnesi matematikariaren kurba. […]

Zientzia KaieraZientzia Kaiera

Egoitz Etxebestek Maria Gaetana Agnesiren bizitza hurbildu zigun ere Elhuyar aldizkarian: Maria Gaetana Agnesi, fedeak apaldutako matematikaria.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>