Zer moduz jaten zuten Malaspina espedizioan?

Maria José Moreno

Egun hauek ospakizunez beterik daude, eta holakoetan, asko jaten dugu. Ezaguna da urtearen bukaerak gehiegikeriak eragiten dituela, eta gure janeurriak gora egiten du izugarri, gutariko askok ondorioei erreparatzen ez dielarik.
Ezin zuten horrela jokatu Malaspina espedizioan joan zirenek. Espedizio hau izan zen espainiar ilustrazioko zientzia-egitasmo garrantzitsuena, XVIII. mendean munduaren inguruan egin zen zientzia-bidaia alegia. Ekimen honek helburu modura hartu zuen espainiar koroak garaian bere esku zituen lur-jabego guztiak bertatik zorrotz miatzea. Bidaian zehar zehaztapen ugari lortu ziren esparru askotan: astronomia, lurraren magnetismoa, animalia eta landare-espezieak, meatze-ekoizpena, nabigazio-itsasbideak, eta erregeorderriaren egoera.

Baina janarien kontura itzulita, nolatan lortu zuten bost urteko jangaiak eramatea itsasontzian, XVIII. mende hartan? Izan ere, 1789ko uztaileko 30etik 1794ko irailaren 20ra arte iraun zuen bidaiak, eta janariek bere egoera eta erabilgarritasun onari eutsi zioten tarte horretan guztian.

Malaspina espedizioa

Zer esanik ez, portu espainiar batera iristen ziren bakoitzean, jangaiak hartzen zituzten, baina hala ere, geldialdi biren artean hilabeteak igarotzen ziren. Garai hartako Armadaren Arau Orokorrek zorrotz biltzen zituzten nutrizioa eta elikadura-ziurtasunari buruzko zehaztapenak, eta gezurra badirudi ere, egun guztiz onartuta dago zehaztapen horiek oinarritzen ziren printzipio asko elikadura-ziurtasuna bermatzeko ezinbestekoak direla. Izan ere, bazeuden bertan osasun-erregistro, trazabilitate, higiene-prozedura eta biltegiratzeko bateragarritasun-zehaztapenak.

Maestre izenekoa zen elikagaien ardura bere gain hartzen zuena, eta kontrola, janariak erosten ziren une berean hasten zen kontrol hori. Azpimarratzekoa da gaixorik zeudenek eta oro har marinelek janeurri desberdina hartzen zutela. Komandanteei, Ofizialei eta Guardamarina izenekoei ere janari desberdina ematen zitzaien, egiten zuten lan intelektualagatik.

Janari bakoitza toki jakin batean gordetzen zen itsasontzian, eta gainean idatzita zeramatzan besteak beste izena eta eroste-data. Janariak errotatu egiten ziren, hondatu ez zitezen, baina hala ere batzuetan alferrik galtzen ziren. Horrela, irin-hazi lehorrek (adibidez garbantzuenek edo arrozarenek), hezetasuna hartzen zuten, eta horrek erraztu egiten zuen intsektuen ugalketa.

Eta ez zen beti posible gertatzen janari horien ordez berriak lortzea. Nazkari gaina hartu eta janari horiek jatea besterik ez zuten batzuetan. Izan ere, erruz azaltzen ziren harrei ezikusia egiteko, gauean baizik ez zuten jan nahi izaten mazamorra (zopa mota bat bizkotxoaz edo itsas gailetaz osatua eta ogia egiteko erabiltzen zena).

Jakingarria da era berean eguneroko kaloria kopuruaren bosten bat ematen zuela edandako alkoholak, eta hori ez zen txiripaz gertatzen, ez eta itsasgizonen nahien mende gertatzen ere. Berez, bizkorgarri gisa erabiltzen zen , itsas ibilaldi luze haietan. Digestibo ontzat zeukaten eta horretaz gain, uste zuten ona zela eskorbutoa saihesteko. Gainera, ura nekez mantentzen zuten egoera onean.

Bazeuden halaber itsasontzietan animalia bizientzako toki bat. Izan ere, elikatu egin behar ziren, eta gaixotasunak kutsatzeko arriskua igo egiten zuten, baina okel freskoa izateko aukera eskaintzen zuten halaber animaliok. Garai hartako zientziak ez zeukan artean gatzak janarien kontserbazioan zuen zereginaren berri, baina janari gehienak kontserbatzeko gehien erabiltzen zen prozedura, gatzatzea zen, horrela saihestu egiten baitzen mikroorganismo patogenoen eta eraldatzaileen hazkuntza.

Hala eta guzti, badirudi orekatu samarra zela espedizioan parte hartu zuten janeurria. Horrelakoa zen egun erabiltzen ziren kaloria kopuru estandarren arabera, baina esan daiteke eskasa ere bazela, espedizioko egunean egunean egiten zen jarduera fisikoa kontuan hartuta.

Hau esanda, gehitu beharrekoa da mende gutxi batzuetan aurrerapen handiak egin direla, eta hobetu egin direla eta hobetzen jarraitzen dutela albaitaritza-kontrolek, nutrizioak eta dietetikak, elikagai-ziurtasunek eta abarrekoek. Izan ere, munduan zehar jaten dena jaten dela ere, oso garrantzitsua da gizartearen garapenerako janariak egokiro jatea.

Erreferentzia bibliografikoa:

María Jesús Periago Castón, ‘Seguridad alimentaria y nutrición en la armada del siglo XVIII’, (Academia de Veterinaria de Murcia, 2014) ISBN: 978-84-697-1435-5

——————————————–

Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #53 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] Bagoaz XVIII. mendeari begiratuz. Malaspina espedizioak bost urte iraun zuen eta espainiar ilustrazioko zientzia-egitasmo garrantzitsuena izan zen. Mariajo Moreno kazetariak bidai honi erreparatu dio eta galdera bat luzatzen du Zientzia Kaieran, nolatan lortu zuten bost urteko jangaiak eramatea itsasontzian, XVIII. mende hartan? […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>