Zientziarako zailak, hasierako urteak ere

Juan Ignacio Pérez

Thomas Sprat (1667): The History of the Royal Society of London for the Improving of Natural Knowledge

1. irudia: Thomas Sprat (1667): The History of the Royal Society of London for the Improving of Natural Knowledge

Natur Zientzia Hobetzeko Londresko Erret Elkartea” (Royal Society of London for Improving Natural Knowledge), horixe da Erret Elkartea izen laburrez ezaguna dugun zientzia-elkarterik garrantzitsu eta zaharrenetako bat. Ofizialki 1662an sortu bazuten ere, lehenagotik elkartzen ziren gero elkartea bera sortuko zuten zientzialariak. Bilerak 1645ean hasi ziren, eta astean behin elkartzen ziren. Normalean, gai jakin bat hartzen zuten eztabaidagai eta aurretik finkaturiko gai horretatik ez urruntzeko, debekatuak zituzten jainkoa, politika edo gaurkotasun handiko kontuak. Euren hitzetan, Filosofia Berria eta horrekin zerikusia zuten gaiak baizik ezin zituzten aztertu: –medikuntza, anatomia, geometria, itsasgintza, estatika, mekanika eta abar-.

Elkartea sortzeko lehen bilera 1660ko azaroaren 28an egin zuten, eta William Brounckerrek, Robert Boylek, Alexander Brucek, Robert Morayk, Paul Neilek, John Wilkinsek, Jonathan Goddardek, William Pettyk, Peter Ballek, Lawrence Rookek, Christopher Wrenek eta Abraham Hillek hartu zuten parte bilera hartan. Wilkins aukeratu zuten lehendakari. Hortik aste gutxitara, Charles II erregeak jakinarazi zien bilerak egiteko baimena zutela eta elkartearen sorrera laguntzeko prest zegoela; horrela ba, 1662ko uztailaren 15ean sinatu zuen Erret Agiria. Orduantxe sortu zen, ofizialki, Erret Elkartea.

Erregeak, hala ere, ez zuen jartzen interes handiegirik Elkartearen jardueretan. Atsegin zituen erakustaldi eta esperimentuak, baina askoz gehiagorik ez. Erret Agiriak zerga-salbuespen zenbait zekartzan eta, era berean, baimen bat armarri bat edukitzeko, higiezinak erosteko, langileak kontratatzeko, liburuak argitaratzeko eta atzerritarrekin posta trukatzeko. Erregeak ez bide zuen bat egiten Francis Baconek zientziari ematen zion garrantziarekin, eta, zehazkiago, ez bide zuen pentsatzen zientzia-elkarte batek baliozko zerbait egin zezakeenik nazioaren interesen alde. Izan ere, ez zion inoiz ere eman txakur txikirik eta, hori zela eta, Elkarteak sekulako diru-estuasunak jasan behar izan zituen lehen urte haietan.

Gauzak horrela, oso langile gutxi kontratatu ahal zituen bere lehen urteetan, eta batzuetan ezin izan zituen ordaindu ez eta soldatak ere. Arrazoi beragatik, ezin izan zuen higiezinik erosi, horretarako baimena bazuen ere. Horregatik, Londresko Gresham Collegeko aretoak erabiltzen utzi zieten, alegia gela bat eztabaidetarako, beste bat tresneria, liburu eta bitxikeriak gordetzeko, eta beste zenbait, beharren arabera, bestelako zereginetarako.

Erret Elkartearen lehen karta (1662)

2. irudia: Erret Elkartearen lehen karta (1662)

Dirua lortu ahal izateko, bazkide-sari altua eskatzen zieten kide izan nahi zuten lagunei. Beraz, dirudunak soilik izan zitezkeen Elkarteko bazkideak. Izan ere, lehen urteetan, garrantzizkoagoa zen bazkide-saria ordain zezaketen lagunak erakartzea, eztabaidetan parte hartzeko gai izan zitezkeenak erakartzea baino. 1660ko hamarkadaren bukaeran berrehun eta hirurogei bazkide zeuzkan Erret Elkarteak, baina ikuskizun dibertigarriak dastatzeko asmoarekin sarturiko aristokratak ziren horietako asko. Horren ondorioz, ezagutzan aurreratu eta sakontzeko izan gabe, euren kideen nahikeriak asetzeko behartuta ikusten zuten euren burua Elkarteko arduradunek. Izan ere, esperimentu-erakustaldiak ez ziren oso zailak izan behar, eta emaitza ikusgarri edo harrigarriak ematen bazituzten, are hobeto. Erakustaldi horiek asmatzeko eta kideen aurrean egiteko “Komisario” bat zegoen Elkartean, eta horrelako hiru edo lau erakustaldi prestatu behar zituen astero; ez zen lan makala, ez.

Zientzia-jarduera ez da beti izan orain ezagutzen dugun bezalakoa. Bere lehen urteetan ez zegoen laborategirik ez eta zientzia-erakunde publikorik ere. Erret Elkartea erakunde pribatua zen (eta horrelakoa da egun ere), eta hamazazpigarren mendean ez zegoen besterik. Elkarteak kontratatzen zituen komisarioak izan ziren, izan ere, lehen zientzialari profesionalak. Eta beste zientzialari gehienek ez zuten sosik ere hartzen egiten zuten zientzia lanaren truke. Baina bestelako diru-iturriak ere bazituzten. Denbora luzea igaro behar izan zen agintariek zientzia-ezagutza handitzeko dirua gastatzea ona zela jabetu arte eta, beraz, zientzia-erakunde publikoak sortu arte. Gauzak ez baitira beti izan gaur diren modukoak, ez horixe.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #7 | Dibulgazioa | Zientzia Kaiera

[…] behar zituen, hori dela eta soilik bazkide dirudunak onartzen zituzten elkartean. Guzti hau  Zientziarako zailak, hasierako urteak ere […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>