Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira

Koldo Garcia

Edozein zientzia ulertzeko, behar-beharrezkoa da bere historia. Gaur dakiguna bere garaian egindako galdera eta aurkikuntzei esker dakigu eta iraganeko zehaztapen horiek oinarri hartuta, galdera eta aurkikuntza berriak egiten ditugu. Agian, pentsa daiteke orain dela mende eta erdi gertatu edo egin zena aztertzea astuna izan daitekeela, baina ezta gutxiago ere. Gaur egun DNA edo gene bezalako kontzeptuak ezagunak baditugu ere, erronkez betetako pasarteak dituzte atzetik. Zientzia Kaierak genetika garatu eta moldatu dutenen ibilbide hori partekatzeko aukera eman didanez, hasieratik hasiko gara.
1. irudia: Gregor Mendel, genetikaren aita.

1. irudia: Gregor Mendel, genetikaren aita. “Gregor Mendel Monk” Bateson, William – Mendel’s Principles of Heredity. A Defence. (Argazkia: Wikipedia CC by 4.0)

Genetikaren ibilbidearen abiapuntua XIX. mendearen bukaeran dago, Brnoko (Txekiar Errepublika) Tomas Deuna abadetxeko soroetan, Gregor Mendelen eskutik. Mendelek 1856 eta 1863 urteen artean 2 hektareetan 29.000 ilar inguru landatu eta haien hainbat ezaugarri aztertu zituen. Matematiketan zuen formakuntza dela eta, ilarretan egiten zituen behaketei estatistika aplikatu eta ikusi zuen ezaugarri horiek patroi batzuk betetzen zituztela eta, hortaz, lege batzuk zeudela tartean. Urteetako lan horren emaitzak 1866an argitaratu zituen genetikaren hasiera jotzen den lanean.

Olomouceko (Txekiar Errepublika) unibertsitateko bere irakasleek eta abadetxeko kideek inspiratuta Mendelek ilarrei aztertzeari ekin zion. Landareen hibridazioen eragina aztertu nahi zituen landareen hobekuntzari aplikatzeko; horretarako ilarrak aukeratu zituen. Mendelen legeak bezala ezagutzen direnak garatzeko Mendelek bi aukera zituzten ilarren 7 ezaugarri behatu zituen: haziaren itxura eta kolorea, loreen kolorea, lekaren itxura eta kolorea, loreen kokapena eta zurtoinaren luzera.

2. irudia: Mendelen zazpi ezaugarriak. (Argazkia: Mariana Ruiz; Testuaren itzulpena: Josu Goñi Etxabe. Domeinu publikopean lizentziatua.)

2. irudia: Mendelen zazpi ezaugarriak. (Argazkia: Mariana Ruiz; Testuaren itzulpena: Josu Goñi Etxabe. Domeinu publikoko lizentzia.)

Haziaren koloretik hasi zen: hazi horia eta berdea zuten landareak gurutzatu zituen eta hibrido hauen haziek bakarrik hori kolorea azaldu zuten. Ezaugarri bat bestea “menderatzea” izan zen Mendelen 1.go Legearen oinarria. Hibrido hauek gurutzatu zituen eta lau landaretik hiruk hazia horia zuten eta batek berdea. Horixe izan zen Mendelen 2. Legearen oinarria. Gainontzeko ezaugarriekin esperimentu saio bera egin zuen eta gauza bera ikusi zuen. Gainera ezaugarri horiek bakoitza bere aldetik heredatzen zirela behatu zuen, hots, haziaren itxurak eta koloreak ez zuten zertan lotuta egon, konbinazio posible guztiak lortzen baitzituen. Hori bai, proportzio desberdinetan lortzen zituen konbinazioak. Behaketa hau Mendelen 3. Legearen oinarria izan zen.

Mendelek meritu handia izan zuela aitortu behar da. Geneak edota kromosomak zer ziren jakin gabe “karaktereak” edo “herentzia-faktoreak” belaunaldiz belaunaldi transmititzen zirela ondorioztatu zuen. Zorte pixka bat ere izan zuela onartu behar da:aztertu zituen ezaugarriak gene bakarrari lotuta zeuden eta gene horiek ez zuten elkarrekiko loturarik. Gaur egun jakin badakigu hori ez dela beti horrela gertatzen: gene batek baino gehiagok baldintzatzen duten ezaugarriak daude eta gene batzuk batera heredatzeko probabilitatea handiagoa da beste batzuk heredatzeko probabilitatea baino. Bestalde, lortutako emaitzak hain borobilak izanda eta lotuta ez zeuden ezaugarriak aukeratu izana, susmoak sortu zituen bere garaian (1936 aldera) eta bakarrik egokiak ziren emaitzak argitaratu zituela iradoki zen. Hala ere, orain dela gutxi egindako lanek kritika horiek zorrotzegiak direla deritzote eta Mendelen lana zuzena izan zela aldarrikatzen dute.

Beranduago ezagutu ditugun xehetasun horiek eta egindako kritikak alde batera utzita, gaur egun, Mendelek egindako lanak oraindik ere bere eragina mantentzen du: biologia eta matematikak modu eraginkorrean uztartu zituen lehenetarikoa izan zen eta gaur egun, Mendelek zabaldutako bideari jarraituta, ohikoa da matematika eta estatistika genetikan erabiltzea. Bere lana ere orain “genetika klasiko” bezala ezagutzen den genetikaren adarraren oinarri da eta “mendeldar ezaugarri” gene bakarrak baldintzatzen duen ezaugarriari esaten zaio.Izan ere, ezaugarri eta gaixotasun horiek biltzen dituen datu-baseak Online Mendelian Inheretance in Man izena du (ingelesez Gizakian Mendeldar Herentzia Online). Azkenik, Mendelen lanak “populazioen genetika” deitutako adarrean ere eragina izan du.

Gregor Mendelek ilarretan egindako lana erleetan ere aplikatzen saiatu zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan, erleen gurutzaketa behar zen bezala egitea zaila baitzen eta hibridoek eragozpenak baitzituzten. Bizidunen herentzia ikertzeaz gain, Mendelek astronomia eta meteorologia jorratu zituen eta 1865ean “Austriako Meteorologia Elkartea” delakoaren fundatzailetako bai izan zen. 1868tik aurrera abadetxeko buru izendatu zuten eta bere karrera zientifikoa alde batera utzi zuen. 1884ean hil zen nefritisak jota.

Hala ere Mendelek ez zuen jakin berak eman ziola hasiera genetikari. Bere lana urteetan ahaztuta gelditu zen eta “genetika” hitza ez zen 1905era arte erabili jakintza eremu hau izendatzeko. Baina hori ibilbide honen hurrengo atalerako utziko dugu.

———————————————————————————-

Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

———————————————————————————-

Genetikari buruzko artikulu-sorta:

  1. Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira.
  2. Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada.
  3. Genetikaren ibilbidea (III): Kromosomen sekretuak argitzen.
  4. Genetikaren ibilbidea (IV): Informazioa helize batean.
  5. Genetikaren ibilbidea (V): Informazioa maneiatzen.
  6. Genetikaren ibilbidea (VI): Osagaietatik osotasunera.
  7. Genetikaren ibilbidea (VII): Eboluzioak eta genetikak topo egin zutenekoak.
  8. Genetikaren ibilbidea (VIII): Gaixotasunen genetika.
  9. Genetikaren ibilbidea (eta IX): Eppur si muove.

3 iruzkin

Eman iritzia

Euskarari eta dibulgazioari egindako ekarpenak | Edonola

[…] 2014/10/07 Genetikaren ibilbidea (I): Ilarrei begira […]

Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada - Zientzia Kaiera

[…] ibilbidearen aurreko atalean, ahaztuta utzi genuen Mendelen lana zientziaren kaxoi batean, eta esan genuen “Genetika” hitza […]

Gene-aplikazioak, fidagarriak al dira? - Zientzia Kaiera

[…] eta galdera-erantzunak. Adibidez, aplikazio batek badu Mendelen legeak ikasteko joko […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>