Zelulaz (eta II)

Zientziaren historia

Teoria zelularrarentzat, zelula zen organismoen oinarrizko unitate estruktural eta funtzionala. Zentzu horretan zelula “primitiboa” izan arren, zelula ez zen inolaz ere entitate sinplea. Histologoek hasieratik onartu zuten bereiz daitezkeen atalez osatuta zegoela, eta funtzionaltasunaren aldetik atal horietan garrantzitsuena zein zen eztabaidatu zuten. Batzuen ustez zelula-pareta zen garrantzitsuena; beste batzuen ustez zelularen edukia, protoplasma. Denborarekin arreta nukleoan zentratu zen.

XIX. mendearen bigarren zatian, zelularen ezagutzari buruzko aurrerapenak egin ziren; batez ere, ehunen finkapen- eta tindaketa-teknika gero eta zehatzagoei esker izan zen hori. Walther Flemming-ek, hain zuzen, zelulen barne-egitura zirudiena aztertzeko teknikak garatu zituen. Flemming izan zen lehena deskribatzen nukleoan zeuden hari formako egituren presentzia; egitura hori Robert Brown botanikoak identifikatu zuen 1831n, landare-zeluletan. Hari horiek aztertuz, Flemmingek zelula-zatiketan zehar zuten portaera deskribatu ahal izan zuen, eta prozesu hau mitosi izendatu zuen 1882an. 1888an, material nukleardun harizpi horiek kromosoma izenaz hasi ziren ezagutzen. Prozesu ezberdin bat deskribatu zen 90. hamarkadan ugalzelulen prozesu bereizgarri gisa: meiosia.

1024px-Wilson1900Fig2
Irudia: Zelula “primitiboa” izan arren, zelula ez zen inolaz ere entitate sinplea. Histologoek hasieratik onartu zuten bereiz daitezkeen atalez osatuta zegoela.

1876an Oscar Hertwig ohartu zen obulu ernalduek bi gurasoen material nuklearra zutela. Edouard van Beneden-ek ikerketa horrekin jarraitu zuen eta 1883an gai izan zen osorik deskribatzeko obulu ernaldu baten nukleo berriaren osaeran inplikatuta dauden prozesuak. Fenomeno zelular horien garrantzia soilik Mendel-en legeak berraurkitu ostean neurtu ahal izan zen behar bezala, herentzia-faktoreen garrantzia ulertu zenean. 1910erako argi zegoen Mendelek herentziazko karaktereak transmititzeko agente gisa defendaturiko faktoreak kromosomen elementuetan oinarritzen zirela nolabait.

XIX. mendearen amaieran zelularen azterketak eta genetika hasiberriak harreman estua izan zuten. Ondorioz, loturarik gabeko informazio asko zegoen, eta ideia eta hipotesi berriek kontraesan gehiegi zituzten. Momentu horretan Edmund Beecher Wilson-en lana funtsezkoa izan zen. Wilson gai izan zen The Cell in Development and Inheritance (1896) lanean aurreko mende erdian zelularen egitura eta funtzioari buruz ikertu zena laburbildu eta modu logikoan antolatzeko. Testu hori erreferentzia puntua izan zen ondorengo garapenetarako. Izan ere, ugalketan zehar kromosomek zuten egitekoaren inguruan Wilsonek egindako ikerketek oinarri zitologikoa eman zioten Thomas Hunt Morgan-i herentziaren mekanismoak aztertzeko.

Arreta gehiena nukleoan jarri zen arren, zelularen edukia ere, zitoplasma, sakon aztertu zen. Hala ere, XIX. mendearen zati handi batean zehar ez zen onartu nukleoaz bestelako egiturarik zegoenik. Hain zuzen ere, zenbait behatzailek zitoplasman sare-egitura bat hauteman arren, XIX. mendearen amaieran baztertu egiten zen egitura horiek benetakoak izatea, eta ikusitakoak tindaketek sortutako ilusio optikoei egotzi zitzaizkion.

Mendearen erdialdean eztabaida bizia sortu zen honako hau argitzeko helburuaz: ea animalia-zelulek gaur egun zelula-mintz deitzen dugun “pareta” duten beti, landare-zelulek bezala. Ernst Wilhelm von Brücke eta Max Schultze izan ziren zelula mintz batez mugatutako barrunbe baten gisara ulertzen zuen ikusmoldearen kontrako ideologo nagusiak. Haientzat eta Thomas Huxley-rentzat, zelularen funtsezko atalak nukleoa eta inguruko protoplasma ziren.

Jada XX. mendearen hasieran garatu ziren tindaketa teknikek zalantzarik gabe frogatu zuten protoplasman bestelako inklusioak zeudela. Carl Benda-k mitokondrio izendatu zituen inklusio horiek. Mikroskopia ez zen lagungarria gertatu egitura horien funtzioak argitzeko, eta Bendak iradoki zuen herentziarekin zerikusia izan zezaketela nolabait. Geroago analisi biokimikoek frogatu zuten erabakigarriak zirela arnasketa zelularrerako. Bigarren Mundu Gerraren ostean, mikroskopio elektronikoari esker mitokondrioaren eta zelularen gainontzeko organuluen egitura ezagutu ahal izan zen; biokimikari eta biologia molekularrari esker haien funtzionamendua deskribatu ahal izan zen.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.