Zenbat aldiz berriztatzen dira gure gorputzaren zelulak?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zenbat urte dituzu zuk? Duzun adina duzula ere, beste adin batekoak dira zure gorputza osatzen duten egitura gehienak. Egitura batzuek ordu batzuk besterik ez dute, eta egitura gutxi batzuek bakarrik dute zure adin berbera. Ehunak eta organoak elkarrengandik oso desberdinak dira. Zelula gehienak berriztatzen doaz, eta hala egiten dute zelulek osatzen dituzten ehunak ere.

Irudia: Gure gorputzeko zelulen iraupena ez da mugagabea, izan ere, gorputzeko egiturak tarteka berriztatzen dira.

Heste mehea estaltzen duten zelulak dira bizi-iraupen laburrenekoak. Heste-epitelioa oso ehun aktiboa da. Milaka molekula txiki xurgatu eta digeritzen ditu, eta bere zelulak 2-4 eguneko tartean berriztatzen dira. Badira digestio-aparatuan bizi laburrekoak diren beste zelula batzuk: koloneko kriptakoak hiruzpalau egunean berriztatzen dira, sabelekoak 2-9 eguneko tartean, eta Paneth zelulak hogei egunean, heste mehean hauek ere. Heste meheak hesteko patogenoen aurka aritzen da besteak beste.

Askoz ere gehiago bizirauten dute hepatozitoek (hau da, gibeleko zelulek): sei hilabete eta urte baten arteko epea. Izatez, digestioan badu zeregina organo honek, baina organo beregaina da; hepatozitoak dira bilisa sortzen dutenak, eta bilis hori funtsezkoa da gantzen heste-digestioan. Hala ere, metabolismokoak dira gibelaren funtzio nagusiak: organismo osoari eragiten diote gibelaren baitan gertatzen diren metabolismo prozesu askok.

Odoleko zelulek oso iraupen desberdinak dituzte. Immunitate-sistemakoak dira iraupen laburrenekoak: neutrofiloak, leukozito ugarienak direlarik, 1-5 eguneko epean berriztatzen dira eta beste leukozito batzuk, eosinofiloak, 2-5 eguneko epean. Plaketek zauriak orbaintzen dituzte eta 10 bat egun bizi izaten dira. Askoz ere luzeago bizi izaten dira globulu gorriak, lau hilabetean behin berriztatzen baitira. Zelula ama hematopoietikoak bi hilabete luzatzen dira, leukozito, plaketa edo globulu gorri bilakatu baino lehen.

Nahiko iraupen laburrekoak dira era berean, umetokiaren lepokoak, sei egunekoak; birika-albeolokoak ere zortzi egunekoak dira, eta larruazaleko epidermisekoak 10-30 eguneko epean bizi izaten dira. Bestalde, luzeagoa da ostoeklastoen iraupena. Ostoeklastoek hezurra birmoldatzen duten zelulak dira eta bi astean behin berriztatzen dira. Aldiz, osteoblastoek, hezur-matrizea eratzen duten zelulak, hiru hilabetean behin berriztatzen dira. Horrela, zelula horien jardueraren ondorioz, hezur-ehunaren %10a berriztatzen da urtero. Trakeako zelulak, hilabete batean edo bian berriztatzen dira. Espermatozoideak bi hilabetean behin berriztatzen dira, emakumeak bere obulu guztiekin jaiotzen badira ere.

Zaharrenak izatera iristen direnen artean, zortzi urtean behin berriztatzen diren adipozitoak ditugu. Adipozitoak gantz-erreserbak gordetzen dituzten zelulak dira. Muskulu-zelulak ere zortzi urtean behin berriztatzen dira, eta kardiomiozitoak (bihotzekoak) urtero berriztatzen dira bere %0.5-%10ean. Nerbio-sistema zentralekoak ia ez dira berriztatzen, baina hor badago salbuespen bat: hipokanpoko neuronen %0.6koak urtero berriztatzen dira.

Batez beste, ehunekotan, gorputza osorik berritzen da 15 urtean behin.

Ondo ikusita, esan liteke arrapalada batean berriztatzen ari garela eten gabe gorputzeko egitura guztiak edo gehienak. Izatez, ez dugu duela bi hilabete genuen gorputza.

Oharra: artikulu hau zure interesekoa izan bada, agian artikulu hauek ere interesgarriak irudituko zaizkizu: Zelulaz (I), Zelulaz (eta II) eta Zenbat zelula daude giza gorputzean?

Post scriptum: joan den martxoaren 7an, Nature aldizkariak plazaratu zuen artikuluan, baieztatu zen uste ez bezala nagusietan ez dagoela neurogenesirik. Nature ikusterik ez badaukazu, artikulu horren laburpena aurki dezakezu The Scientist izenekoan. Raúl de la Flor neurozientzialariak eman zidan erreferentzia hau, Twitter bidez.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola


Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko martxoaren 11n: ¿Cada cuánto tiempo se renuevan las células de nuestro cuerpo?

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.