Zer gertatzen zaigu hiltzen garenean?

Josu Lopez-Gazpio

Bizitza honetan oso gauza gutxi dira ziurrak. Halere, bada bat halabeharrez eta segurtasun osoz gertatuko dena: hil egingo gara. Zu ere hilko zara, bai. Agian ez gaur, ezta bihar ere, baina, egun hori iritsiko da eta hil egingo zara. Zelulen bizitzak muga bat du eta geure gorputzeko zelulak etengabe berritzen badoaz ere, guztiak muga bat du. Mugaldera iristen goazen neurrian, erreflexu okerragoak izango ditugu, gaixotasunek errazago erasoko gaituzte, nerbio-sistema ez da gai izango garunak emandako aginduak betearazteko, muskuluak ez dira gai izango aginduak betetzeko eta, baliteke, garuna bera ere aginduak emateko gai ez izatea. ‘Kaput’ horren ostean, alabaina, geure gorputza ez da bat-batean desagertzen eta hainbat prozesu kimiko eta biologiko gertatuko zaizkio. Nola, bada, ez da zientziarik egongo hil ostean ere?

Irudia: Hil ondoren hainbat prozesu kimiko eta biologiko gertatzen dira gorpua deskonposatzen den bitartean. (Argazkia: Manfred Kain – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hil ondoren bihotzak odola punpatzeari uzten dio eta, pixkanaka, odola koagulatu egiten da eta lodiagoa egiten da. Odola ez denez zirkulatzen ari, grabitateak berak gorputzaren beheko aldeetara eramaten du odola postmortem hipostasia edo livor mortis deritzon prozesuan. Bihotzak odola punpatzen ez duen bezala, biriken jarduera ere eten egiten da. Hil ostean arnasteari uzten zaionean, zelulek ez dute oxigenorik jasotzen. Oxigenorik gabe, zeluletan dauden mitokondriek ezin dute ATPa ekoiztu. ATPrik gabe, zelulak ez dauka energiarik eta bere jarduera guztiak eten egiten dira. Hala ere, heriotza klinikoaren ondoren, denbora batez -hainbat minutu, ordutara iritsi daiteke- zelulek bizirik jarraitzen dute geratzen zaien oxigenoarekin eta zeluletan karbono dioxidoa ekoizten da -mitokondriek martxan jarraitzen dutelako tarte batez-. Era berean, heriotza klinikoaren hurrengo bizpahiru orduetan rigor mortis delakoa hasten da. Muskuluak gogortu egiten dira eta malgutasuna galtzen dute. Fenomeno horrek ez du asko irauten; izan ere, zelulak bizirik jarraitzen dute beste tarte batez eta haien metabolismoak ATPa azido laktiko bihurtzen du muskuluak deskonposatzen hasten direlarik -eta horrekin bigundu egiten dira-.

Zeluletan ekoizten den karbono dioxidoa azidoa da eta, denboraren poderioz, zeluletan dauden organuluak eta zakutxoak apurtu egiten dira. Horren ondorioz, babestuta eta zelulatik bereizita egon behar ziren entzimak askatu egiten dira eta zelula bera digeritzen hasten dira. Nolabait, zelula bere burua jaten hasten da. Prozesu hori zelula barrutik kanpora gertatzen denez, zelulak nutrientez beteriko poltsatxoak bihurtzen dira. Nutriente guzti horiek erakarrita, hainbat bakterio eta onddo gorpura hurbiltzen dira eta hildako zelulen nutrienteak hartzen dituzte. Pixkanaka, muskulu eta organoak likidotzen hasten dira. Putrefakzioa hasi da. Giza-ehunak erasotzen dituzten mikroorganismoen metabolismoaren ondorioz, hainbat eta hainbat substantzia ekoizten dira -horietako batzuk gas egoeran-.

Askatzen diren gasen artean, freona legoke, adibidez. Freona likido hozgarria da, hozkailuetan erabiltzen dena, hain zuzen ere eta klorofluorokarbonoen taldekoa da -ozono geruza kaltetzen duten gasak-. Bentzenoa ere askatzen da, hain zuzen ere, gasolinan dagoen hidrokarburo minbizi-sortzailea. Igortzen diren beste gasen artean sufredun konposatuak daude -ustel-usainaren erantzule nagusiak- eta baita metanoa eta karbono tetrakloruroa ere. Karbono tetrakloruroa, esaterako, su-itzalgailuetan erabiltzen zen toxikoa dela ezagutu zen arte. Fase honetan askatzen diren molekula nagusiak putreszina eta kadaberina dira. Putreszina eta kadaberina, beste 400 bat konposaturekin batera, gorpuen usain txarraren erantzuleak dira. Esan behar da, halere, putreszina ez dela gorpuen deskonposizioarekin bakarrik lortzen eta, besteak beste, gernuak eta semenak ere putreszina dute.

Mikroorganismoen lanaren ondoren, haragi gehiena desagertzen doa eta geroz eta bigunagoa da, usteltzen ari den seinale. Horrekin batera animalia handiagoak gerturatzen dira, besteak beste, zizareak eta kakalardoak. Intsektuek gainerako haragi ustela erabiltzen dute elikatzeko eta, horrela, hezurrak bakarrik geratzen dira. Denboraren poderioz hezurretan dauden proteinak ere deskonposatu egiten dira eta hezurraren mineralak bakarrik geratzen dira -nagusiki hidroxiapatita, alegia, kaltzio fosfatoa-. Denbora luzea pasata, hidroxiapatita ere hauts bihurtuko da eta horrela, gorputza osatzen zuen materia guztia, organikoa eta ez-organikoa, Naturako beste elementuen parte izatera pasatzen da. Horrela, hautsa bizigai bilakatu zen bezala, bizigaia hauts bilakatuko da. Zikloari berriro hasiera emateko, noski; izan ere, hauts bilakatu diren nutriente guzti horiek beste animalientzat elikagai izan dira eta landareentzat ongarri ona izan dira.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

2 iruzkin

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #260 - Zientzia Kaiera

[…] Josu Lopez-Gazpiok testu honetan dioen moduan, hil ondoren ere zientzia dago. Jakina denez, hil ostean, bihotzak odola punpatzeari uzten dio; odolak ez du zirkulatzen beraz grabitateak berak gorputzaren beheko aldeetara eramaten du. Biriken jarduera ere eten egiten da. Eta zelulei zer gertatzen zaie? Zeluletan dauden organuluak eta zakutxoak apurtu egiten dira. Horren ondorioz, babestuta eta zelulatik bereizita egon behar ziren entzimak askatu egiten dira eta artikuluan irakur daitekeen moduan: zelula bere burua jaten hasten da! Ezagutu ezazu prozesu guztia Lopez-Gazpioren eskutik! […]

Zer gertatzen zaigu hiltzen garenean? • ZUZEU

[…] Josu Lopez-Gazpio kimikan doktoreak, Zientzia Kaieran. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>