Louisa Aldrich-Blake, ebakuntza gelako oztopoak gainditu zituen zirujaua

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Louisa Aldrich-Blake, ebakuntza gelako oztopoak gainditu zituen zirujaua

XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Britainia Handiko gizonek menderatutako ohiko hierarkia medikoen arabera antolatuta zegoen. Louisa Aldrich-Blake (1865-1925) aitzindaria izan zen sistema horren arau zorrotzak zalantzan jartzen eta etorkizuneko emakume medikuek lanbidean jardun ahal izateko ateak irekitzen. Halaber, garai hartako ingurune profesional kontserbadorean bere homosexualitatea ikusgarri egin zuten lehen emakumeetako bat izan zen.

Louisa Aldrich-Blake 1865eko abuztuaren 15ean jaio zen Chingforden, Essex (Erresuma Batua). Bere familiak ikasketak egitera bultzatu zuen, eta hori ez zen ohikoa garai hartako emakumeen artean. Ikasketak Cheltenham Ladies’ Colleg ikastegian hasi zituen. Gaztetatik gizartearentzat benetan baliagarria izango zen zerbaitetan jardun nahi izan zuen, eta, horregatik, London School of Medicine for Women ikastegian matrikulatu zen, garai hartan emakumeak onartzen zituzten medikuntza ikastetxe bakanetako bat baitzen. Fakultatean ibilbide bikaina egin zuen: 1894an lehen mailako ohoreekin graduatu zen eta kirurgiako urrezko domina lortu zuen.

Louisa Aldrich
Irudia: Louisa Aldrich-Blake. (Argazkia: Dilettabertelli – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Louisak Medikuntza eta Kirurgiako goi mailako ikasketekin jarraitu zuen Londresko Unibertsitatean, eta 1895ean Kirurgiako Masterraren titulua lortu zuen lehen emakume britainiarra bihurtu zen. Ia erabat gizonezkoena zen arlo batean prestigio handiko bereizketa akademiko bat lortzeak ez zituen soilik bere lanbide aukerak zabaldu; Britainia Handiko medikuntzaren historian mugarri ere bihurtu zuen.

Berrikuntza ebakuntza gelan

Aldrich-Blakeren ibilbide profesionala bera eraldatzen lagundu zuten erakundeetan postu aitzindarien segida bat izan zen. Londresko Emakume eta Haurrentzako Ospitale berrian hasi zen lanean. Emakumeek bakarrik artatzen zuten zentro hartan laguntzaile gisa hasi zen, eta pixkanaka zirujau nagusi izatera iritsi zen. Royal Free ospitalean ere lan egin zuen, eta bertan erregistro kirurgikoko arduradun eta anestesista karguak bete zituen lehen emakumea izan zen.

Louisa Aldrich-Blake ebakuntza konplexuetan espezializatu zen, bereziki umetoki lepoko eta ondesteko minbiziaren tratamenduetan. XX. mendearen hasieran, prozedura horiek kirurgia modernoaren garapen bidean zeuden oraindik, eta haien garapenean aitzindari izan zen. Bere aurrerapenak prestigio handiko argitalpenetan jaso ziren, hala nola 1903an British Medical Journal aldizkarian argitaratutako artikulu batean, ondesteko minbizia tratatzeko erauzketa abdominoperinealerako metodo berri bati buruz. Halaber, umetokiko minbizia tratatzeko Wertheimen ebakuntza hartu eta egokitu izana ere aitortzen zaio. Bere ekarpenek paziente askoren tratamendu aukerak hobetzeaz gain, garaiko literatura medikoan balio handiko ezagutza gehitu zuten.

1910etik aurrera, Elizabeth Garrett Anderson ospitaleko zirujau seniorra izan zen, eta horren bidez, ospe handia sendotu zuen maila goreneko profesional gisa, ingurune kliniko zorrotz eta lehiakor batean.

Madame la Génerale

1914an Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Louisa Aldrich-Blakek bere indar eta antolakuntza gaitasun guztiak herrialdearen zerbitzura jartzea erabaki zuen. Gerra Ministerioak hasieran emakume medikuak kontratatzeko erakutsi zuen errezeloaren aurrean, berak aurrea hartu eta medikuen erregistroan izena emanda zeuden emakume guztiei idatzi zien boluntario aurkez zitezen animatzeko. Bere erabakitasunari esker, dozenaka emakume mediku antolatzea lortu zuen besteak beste Malta, Egipto eta Grezian lan egiteko.

1914 eta 1916 artean, oporrak Frantziako ospitale militarretan ebakuntzak egiten eman zituen, eta bereziki azpimarratzekoa da Gurutze Gorriko kanpaina ospitalean egin zuen lana. Bere lana oso bizia eta konprometitua izan zen, eta pazienteek Madame la Générale ezizena jarri zioten. Izen horrek emakumeak eragiten zuen errespetua islatzen zuen, baita bere zereginak betetzeko zuen energia ere. Ebakuntzak egin eta bizitzak salbatzeaz gain, Aldrich-Blakek emakume medikuek frontean zuten gaitasunari buruzko iritzi publikoa aldatzen lagundu zuen, eta mediku gisa ofizialki izena emateko aukera izan zezaten bultzatu zuen.

Ikasleen prestakuntza

Kirurgian jardutearekin batera, Louisak irakaskuntzan eta ikasleen prestakuntzaren arloan ere lan egin zuen bere alma mater izandako London School of Medicine for Women ikastegian (gaur egun Londresko University Collegeko Medikuntza Fakultatea). 1906an dekanorde izendatu zuten, eta 1914an dekano. Lehen Mundu Gerraren aurreko eta gerra garaiko urte haietan, bere lidergoak garrantzi berezia hartu zuen: emakume asko medikuntza ikastera animatu zituen, eta gerrak iraun bitartean ere fakultate hartako ikasle kopurua nabarmen handitzea lortu zuen.

Louisa Aldrich
Irudia: Louisa Aldrich-Blake. (Argazkia: Harry Herman Salomon – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Bere lan nekaezinaren aitortza ofiziala hil baino urtebete lehenago heldu zitzaion, 1925eko ohore zerrendan Britainiar Inperioko Ordenako Dama Komendadore izendatu zutenean. Urte berean minbizia diagnostikatu zioten, hainbeste pazienterengan borrokatu zuen gaixotasun bera. Hainbat ebakuntza egin arren, Louisa Aldrich-Blake 1925eko abenduaren 28an hil zen, Welsh Bicknorreko bere etxean. 60 urte zituen.

Aldrich-Blaken ondareak bizirik dirau, eta haren omenez Londresko Tavistock Square plazan (Britainiar Medikuen Elkartearen egoitzatik gertu) eraikitako estatuan eta Royal Free ospitaleko Artxibo Zentroan antzeman daiteke.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abenduaren 25ean: “Louisa Aldrich-Blake, la cirujana que rompió las barreras del quirófano“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.