Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917): Medikuntzaren erreinuko giltzak jaso zituen emakume

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Zeharkaezinak diruditen ateetatik igarotzeko gai zen Elizabeth Garrett Anderson. Bai, dohain berezia zuen, orotariko giltza moduko bat izango balitz bezala. Esan dezagun horiek irekitzeko ahalmena bazuela baina egiari zor, ez zuen erraz izan. Haren garaiko bidegabekeria handienetako bati aurre egin behar izan zion, alegia, unibertsitateetan ikasi nahi zuten emakumeei betoa jartzeari. Elizabethek bere azalean sufritu zuen hori: medikua izateko ikasi nahi zuen, eta asko eskatzea ez bazen, haren ikaskideen begirada harroak jasan behar izan gabe.

Zailtasunez beteriko hasiera bizi zuen –XIX. mendeko zenbat emakumek sufritu zuten patu bera?–, aukera ugari galdu zituen bidean, ate mordoa itxi zitzaizkion. Bada, oztopoak oztopo, mediku-kontsulta bat ireki zuen, eta Britania Handian mediku bihurtu zen lehen emakumea izan zen. Azkenean, bera izan zen atea zartakoz itxi zuena.

Medikuntza ikasteko bidezidorrak

Elizabeth Garrett Anderson Londresen jaio zen 1836an, familia ugari batean. Bere aita, negozioetan oso abila zenez, erraz aberastu zen. Hala, Elizabeth eta Louie alabak, 13 eta 15 urtekoak hurrenez hurren, barnetegi batera bidali zituen. Bertan, lehenak irakurketez asko gozatu zuen, literatura eta frantsesa ikasi zuen –ondoren, tesia Sorbonan defendatzeko balioko zion hizkuntza– eta idazketa hobetu zuen. Baina horren guztiaren gainetik, medikuntza ikastea zuen amets.

Elizabeth Garrett Anderson
1. irudia: Elizabeth Garrett Anderson medikuaren 1860. urtean, gutxi gorabehera. (Argazkia: Wikimedia Commons – CC BY 4.0 lizentziapean)

Erreferenteak izatearen garrantziaz hitz egin ohi da maiz. Kasu honetan, Garrettek bazuen bat, Elizabeth Blackwell, Ameriketako Estatu Batuetan medikuntza gradua jaso eta munduan mediku gisa jardun zuen lehen emakumea, hain zuzen. Esan beharra dago eredu izan zuela bai arlo zientifikoan, bai emakumeen eskubideen aldeko borrokan.

Ametsak egia bihurtuz, medikuntzaren aldeko apustua egingo zuela erabaki zuen. Aitak laguntza handia eman zion; ama, aldiz, ez zegoen oso pozik hautu horrekin. Zoritxarrez, iritzi hori ez zen amarena soilik, gizarte osoarena baizik. Garai hori nolakoa zen ederki asko islatzen du britaniarrak mediku batekin izandako solasaldiak. Azken honek galdetu zion, mediku izateko grinaren harira, ea zergatik ez zuen erizaina izan nahi. Eta Garrettek erantzun zion “nahiago zuela urtean mila libra irabazi, hogei libra baino”.

Alabaina, ate bat irekitzen ez denean, batzuetan leiho batetik sartzeko ahalegina egin behar. Modu horretan, erizaintza ikasketak gauzatzeko matrikulatu zen Middlesex Ospitalean, eta sei hilabetez aritu zen praktikak egiten. Horren ondotik, bertako medikuntza eskolan izena ematen saiatu zen, baina ez zuten onartu. Hala ere, latina, greziera eta farmazia klaseetara joateko baimena eman zioten baina ikasle ez ofizial gisa.

Halaber, irakasle bat kontratatu zuen anatomia eta fisiologia bere kabuz ikasteko, eta disekzio eta kimika eskoletara joaten hasi zen. Dena den, lankideek aurkeztutako kexa baten kariaz, sarrera ukatu zioten eta alde egin behar izan zuen Middlesex Ospitaletik. Hori bai, kimikako eta farmaziako ohorezko ziurtagiria erdietsiz.

Etorri ziren beste saiakera batzuk: Grosvenor Street, Westminster eta London Ospitaleko medikuntza eskoletan izena ematen saiatu zen baina ez zuten inon onartu. Denek gauza bera zioten, emakumeak ezin zirela sartu medikuntza graduan. Zorionez, Garrettek ez zuen amorerik eman eta zirrikitu bat aurkitu zuen

Elizabeth Garrett Anderson
2. irudia: Elizabeth Garrett Anderson 1889 urtearen inguruan. (Argazkia: Wikimedia Commons – erabilera publikoko irudia)

: Botikarien Elkarteak ez zuen debekatzen emakumeak azterketetara aurkeztea. Onartu egin zuten, beraz, haren eskaera, baina, era berean, curriculuma osatzeko eskatu zioten, oraindik egiteko zituen beste irakasgai eta praktika batzuekin. Azkenean, hainbat urtez ikasi eta lan egin ondoren, 1865ean medikuntza gradua lortu zuen, eta lehen emakumea izan zen Erresuma Batuan hori lortzen.

Oztopoak amaierara arte

Gradua izateak ez zizkion gauzak erraztu: ospitale bakar batek ere ez zuen kontratatu emakumea izateagatik. Beharrezkoa zuen zerbait egitea, bazekien ez zuela laguntzarik jasoko. Hortaz, kontsulta pribatua ireki eta kontsultategi bat zuzendu zuen, St. Mary ‘s Dispensary for Women and Children izenekoa, Londresko gunerik pobreenetako batean, Marylebonen. 1866an jarri zuen abian, urte ikaragarria Londresentzat bestalde, kolera-agerraldiaren ondorioz. Pazienteak artatzeaz gain, bisitak egiten zituen gaixoen etxeetan. Azkenean, kontsultategia emakumeentzako ospitale bihurtzea erabaki zuen, non soilik emakumeek lan egingo zuten: New Hospital for Women deitu eta 1872an inauguratu zuen. Elizabeth hil zenean, bere izena jarri zioten. Egun, Londresko Unibertsitatearen zati da.

Dena dela, Garrettek zerbait sumatzen zuen faltan: doktoregoa egin nahi zuen. Hala, Sorbonako Unibertsitatean onartu eta 1870ean amaitu zituen ikasketak. Doktoregoa egin ondoren, London Hospital for Children-eko mediku ofizial bisitari gisa izendatu eta Britainiar Mediku Elkarteko kide izateko aukeratu zuten. 1874an, Londresko Emakumeentzako Medikuntza Eskola sortu zuen. Hemen, irakasle izateaz gain, dekanoa ere izan zen 1883tik 1903ra arte. Datu bitxi bat: ginekologia eskolak emateko haren erreferentea zen Blackwell kontratatu zuen; zirkulua itxiz horrela.

Egunkari eta aldizkarietako artikulu zientifiko ugariren bidez ezagutzera eman zen haren medikuntza-jarduna, baita emakumeen sufragioaren alde egindako borroka ere. Izan ere, 1889an Emakumeen Sufragiorako Elkarte Nazionalaren Batzorde Zentraleko kide izan zen. Ezin da ahanzturan gelditu Aldeburgheko alkate hautatu zutela 1908an, Britainia Handian kargu hori lortu zuen lehen emakumea izanik.

Iturriak:


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.