Entzumen-galeraren eta Alzheimer gaixotasunaren arteko erlazioa

Argitalpenak

3 min

Entzumen-galeraren eta Alzheimer gaixotasunaren arteko erlazioa

Entzumen-galera edo hipoakusia eta narriadura kognitiboa zahartzaroarekin lotuta dauden bi egoera dira. Entzumen-galera gaitz neurosentsoriala da. Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) arabera, egun, mundu zabalean 1.500 milioi pertsona dira eritasun hori pairatzen dutenak, eta 2050. urterako zifra 2.500 milioira igo daitekeela aurreikusten dute adituek. Datuen arabera, gorreriak, eta, batez ere, adinarekin loturiko hipoakusiak, 75 urtetik gorako pertsonen % 50i eragiten dio. Bestetik, Alzheimer gaixotasuna neuroendekapenezko gaitza da, eta dementzia kausa ohikoena. Datuek diotenez, eritasunak 65 urtetik gorako pertsonen % 5-8ri eragiten die. Pertsonentzat eta, oro har, gizartearentzat dituen inplikazioengatik OMEk munduko osasun publikoaren lehentasuntzat hartzen du Alzheimer gaixotasuna.

Bi gaitzek elkarrenganako eragina dutela aztertu da zenbait ikerketatan. Dementziaren eta entzumen-galeraren arteko lotura, lehen aldiz, 80ko hamarkadan proposatu zuten Uhlmann eta lankideek, Alzheimerra zuten pazienteekin egindako ikerketa batean. Ikerketa horren arabera, Alzheimerdun pazienteek entzumen-galera izateko prebalentzia bikoitza zuten kontrolekin alderatuta. Halaber, entzumen-galera maila handiagoak narriadura kognitibo larriagoari zegozkiola aztertu zuten.

Egun, ez da ezagutzen entzumen-urritasunaren eta Alzheimer gaixotasunaren arteko kausazko mekanismorik. Hala ere, hainbat hipotesi garatu dira bi baldintza horien arteko erlazio kausala azaltzeko. Alde batetik, entzumen-galerak bultzatutako isolatze sozialak zein garuneko funtzio- eta egitura-mailako aldaketek dementzien garapenean erraztuko lukete. Bestetik, Alzheimer gaixotasunak entzunbidean eragindako ustezko alterazioek narriadura kognitibo eta soziala eragingo lituzkete.

Entzumen-seinalearen transmisioan tentsio-menpeko potasio-kanalak (KV) funtsezkoak dira, zelula kitzikagarrien ekintza-potentzialaren birpolarizazio-faseaz arduratzen baitira. Hortaz, kanal horietan egon daitezkeen aldaketek soinuaren bereizketa zuzenari eragin diezaiokete eta entzumen-galera bultzatu. Gainera, garuneko potasio-kanalen (KV1.3, KV2.1, KV3.4, KV4, KV7.2) disfuntzioek neuroendekapenezko prozesuak eragin ditzakete. Hainbat ikerketek agerian utzi dute Alzheimerra duten pazienteetan tentsio-menpeko potasio-kanalen adierazpenean eta funtzioan alterazioak daudela. Alterazio horiek zenbait mekanismo patologikoren agerpena eragin dezaketela uste da, horien artean, neuronen kitzikakortasunaren aldaketa, neuroinflamazioa eta neuronen apoptosia.

Entzumen
Irudia: tentsio-menpeko potasio-kanalen adierazpena entzunbidean. KV7.1 (horiz) kokleako ildo baskularrean adierazten da, eta KV7.4 (berdez) ko-kleako barneko eta kanpoko zelula ziliatuetan. KV3.1 (gezi gorriz) entzunbide osoan zehar adierazten da. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Horrez gain, entzunbidean adierazten diren zenbait potasio kanalen (KV3.1, KV3.3, KV7.1, KV7.4) alterazioek ere Alzheimer gaixotasunaren garapenean eragina dutela aztertu dute adituek. Gutxi dira orain arte esparru honetan egin diren ikerketak. Horien artean, aipagarria da Song eta lankideek egindako azterketa. Izan ere, KV7 familiako kanalen modulazioak Alzheimerraren garapenean eragin positiboa izan zezaketela proposatu zuten. Entzunbidean adierazten diren KV7 kanalek neuronen kitzikakortasun intrintsekoa eta erantzun sinaptikoa modulatzen dute, hipokanpoko neuronetan eta neurona piramidal kortikaletan. Song eta lankideek egindako ikerketan aztertu zutenez, kanal horien blokeo edo inhibizioak neuronen plastikotasun sinaptikoa hobetu zuen. Bestalde, Peixoto Pinheiro eta lankideek egindako ikerketan KV7.4 kanalaren agonista (ACOU085) baten bidez entzumen-funtzioa babes zezaketela frogatu zuten.

Hortaz, entzunbideko tentsio-menpeko potasio-kanalak itu terapeutiko moduan erabiltzeak eta euren funtzioa modulatzeak Alzheimerraren, eta beste neuroendekapenezko gaixotasunen, garapena moteltzeko bidea irekiko luke eta, aldi berean, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eskainiko luke.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 48
  • Artikuluaren izena: Zein erlazio dago entzumen-galeraren etaAlzheimer gaixotasunaren artean? Tentsio-menpeko potasio-kanalen papera aztergai.
  • Laburpena: Entzumen-galera (hipoakusia) eta narriadura kognitiboa zahartzaroarekin lotuta dauden bi egoera dira. Bi faktoreek bata bestean eragina dute. Entzumen-seinalearen transmisioan tentsio-menpeko potasio-kanalak funtsezkoak dira. Hortaz, kanal horietako aldaketek soinuaren bereizketa zuzenari eragin diezaiokete, eta entzumen-galera bultzatu. Gainera, garuneko potasio-kanalen disfuntzioek neuroendekapenezko prozesuak eragin ditzakete. Hainbat ikerketak agerian utzi dute alterazioak daudela Alzheimerra duten pazienteen tentsio-menpeko potasio-kanalen adierazpenean eta funtzioan. Uste da alterazioek zenbait mekanismo patologiko agertzea eragin dezaketela, horien artean, neuronen kitzikakortasunaren aldaketa, neuroinflamazioa eta neuronen apoptosia. Hori dela eta, entzunbideko tentsio-menpeko potasio-kanalak itu terapeutiko moduan erabiltzeak eta haien funtzioa modulatzeak Alzheimerraren garapena moteltzeko bidea irekiko luke, eta, aldi berean, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko aukera emango luke.
  • Egileak: Ane Arrizabalaga-Iriondo, Arantza Muguruza-Montero, Janire Urrutia eta Miren Revuelta
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 101-114
  • DOI: 10.1387/ekaia.27184

Egileez:

Ane Arrizabalaga-Iriondo, Arantza Muguruza-Montero, Janire Urrutia eta Miren Revuelta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.