Etanolaren erabilera jasangarria biomolekulen eraldaketan

Argitalpenak · Dibulgazioa

2 min

Etanolaren erabilera jasangarria biomolekulen eraldaketan

Kimika jasangarriaren bilakaeran, berriztagarriak diren baliabide kimikoen erabilera gero eta garrantzitsuagoa da. Horren adibide argia da etanola (EtOH): merkea, ugaritasun handikoa eta berriztagarria izan arren, disolbatzaile moduan soilik erabili ohi da. Artikulu honetan, ikertzaileek etanolari erabilera berri bat ematen diote: konposatu fenoliko esanguratsuen azetilazioa burutzeko erreaktibo gisa erabiltzea, katalizatzaile metaliko baten bidez.

Fenolak sendagaietan, tindagaietan eta produktu natural askoren egituran aurkitu ditzakegu, hala nola tirosina izeneko aminoazidoan, estrogenoetan eta amoxizilina antibiotikoan. Hori dela eta, kimika organikoaren esparruan, fenol deribatuen konplexutasun molekularra handitzeko metodologia sintetiko berriak garatzea gaur egungo erronka handia da. Argitaratutako azken ikerketen arabera, aminoazido sekuentzietan azetil taldeen presentzia oso baliagarria izan daiteke antigorputz-droga konjugatuak sortzeko, oxima loturaren bidez. Ondorioz, fenolen azetilaziloa burutzeko tresna berri eta jasangarriak beharrezkoak dira azetilo taldea baliogarri den biomolekuletan gehitzeko.

Friedel-Crafts azetilazioa fenolen funtzionalizaziorako ohiko metodo erabilgarrienetakoa da. Egia esan, erreakzio hau industria mailan oso erabilia da; hala ere, erregioselektibitate maila baxuak, azetil kloruro kopuru handien erabilerak eta halogenatutako Lewis azido hondakinen sorrerak ondorio kaltegarriak sortzen ditu. Correaren ikerketa taldeak garatutako metodoa C–H loturen aktibazio zuzenean oinarritzen da. Honen bidez, karbono-hidrogeno loturak zuzenean funtzionalizatzen dira, etanola C2-iturri gisa erabiliz eta korrosiboa den azetil kloruroaren erabilera ekidinez. Horretarako, talde zuzentzaile bat (2-piridil eterra) erabiltzen da, zeinak erreakzioa orto-posizioara bideratzen duen, regioselektibitate handiarekin. Modu horretan, tirosina duten peptidoak, hormonak (estradiola, estrona) eta farmazia-industrian erabiltzen diren beste hainbat molekula eraldatu izan dira modu selektibo eta eraginkorrean.

Azetilazio metodo berria urarekin bateragarria da, eta etanolaren aktibazioa lortzeko tert-butil hidroperoxidoa erabiltzen da oxidatzaile gisa. Erreakzio baldintzak optimizatu ondoren, azetilatutako produktuak etekin altuekin lortu dira. Horrez gain, biomolekula konplexuak eskala handian eraldatzeko aukera ematen duela frogatu dute. Metodo honen berezitasun nagusienen artean funtzio talde askorekiko tolerantzia altua eta konposatu fenolikoen orto-posizioen funtzionalizazio selektiboa aipa daitezke. Metodo honen erabilera bereziki interesagarria da Friedel-Crafts moduko metodo klasikoek zailtasunak dituztenean. Behar den talde zuzentzailea (piridil eterra) kentzeko estrategiak ere garatu dituzte, prozesuaren erabilgarritasuna handituz. Azkenik, Pd-katalizatzailearen bidezko erreakzio mekanismo bat proposatu dute, esperimentuetan oinarrituta eta paladio-bitartekari nagusiaren egitura zehaztuta.

Laburbilduz, ikerketa honek etanola molekula bioaktibo konplexuak lortzeko baliabide kimiko jasangarri gisa erabil daitekeela erakusten du, kimika biologikoan aplikazio praktikoak izanik.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 48
  • Artikuluaren izena: Etanolaren erabilera jasangarria biomolekulen eraldaketan.
  • Laburpena: Artikulu honetan, Pd bidez katalizatutako zenbait konposatu fenoliko esanguratsuren C–H azetilazio gidatua aurkezten dugu, etanola erreaktibo kimiko gisa erabiliz. Metodo hau urarekin bateragarria da, erregioselektibitate aurresangarria dauka eta fenol konplexuen eraldaketa ahalbidetzen du, hala nola tirosina duten peptidoak, estrogenoak eta beste farmako ezagun batzuk.
  • Egileak: Carlota Girón-Elola, Paula Andrade-Sampedro eta Arkaitz Correa
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 267-278
  • DOI: 10.1387/ekaia.27329

Egileez:

Carlota Girón-Elola, Paula Andrade-Sampedro, Arkaitz Correa EHUko Kimika Fakultateko Kimika Organikoa I Saileko Katalisi Jasangarria Ikerketa Taldeko ikertzaileak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.