Zelulaz (I)

César Tomé López

Robert Hooke-k erabili zuen zelula terminoa, Micrographia (1665) liburuan, mikroskopio bidez landare-ehunetan ikusi zituen paretaz inguratutako barrunbeak deskribatzeko. Espazio horiek ikusita, monasterioetako gelak (cella) etorri zitzaizkion gogora. Baina terminoa ez zen guztiz onartua izan. Izan ere, XVIII. eta XIX. mendeetan, anatomistek begi hutsez ikusgai den ehun konektiboari “zelula-ehuna” deitzen zioten, eta horrek nahasmendua sortu zuen hitzaren erabileraren inguruan.
Irudia: Kortxoaren egituraren irudia mikroskopioaz, Robert Hookek egina. Zelula izena irudian ikus daitezkeen gelatxoetatik dator, latinez cellulae. (Argazkia: Wikipedia / Public Domain)

Irudia: Kortxoaren egituraren irudia mikroskopioaz, Robert Hookek egina. Zelula izena irudian ikus daitezkeen gelatxoetatik dator, latinez cellulae. (Argazkia: Wikipedia / Public Domain)

Teoria zelular garaikidearen jatorria XIX. mendean bilatu behar dugu, mikroskopiaren garapenari lotua. 1830etik aurrera mikroskopio akromatikoak agertu ziren, eta horrek ordura arteko zenbait zailtasun optikoren amaiera ekarri zuen. Izan ere, ordura arte ehun biziaren egituraren xehetasunak deskribatzeko oztopo handiak egon ziren.

Mikroskopioen garapen teknikoa bera baino are garrantzitsuagoa izan zen ikerketa mikroskopikorako zentroak zabaltzea; dozenaka mikroskopista profesionalek egin zuten lan zentro horietan. Berlin, Breslau, Edinburgo edo Londresko histologia eskoletan ikerketa zehatzak egin ahal izan ziren ordura arte baztertuta zeuden gaien inguruan. Peter Müller-en Berlingo taldeak hurrengo hamarkadetako emaitzarik garrantzitsuenak lortu zituen.

Teoria zelularra Jakob Matthias Schleidenek eta Mülleren ikasle izandako Theodor Schwannek formulatu zutela esaten da. Schleiden botanikoak 1838an adierazi zuen landareak osatzen zituzten atal guztiak egitura zelular mikroskopikoz eratuta zeudela. Schwannek antzeko egitura topatu zuen animalien ehunetan, eta, analogia hori oinarri, iradoki zuen ehun bizi oro zegoela zelulaz edo zelulen eratorriez osatua; ideia horiek 1839an argitaraturiko Mikroskopische Untersuchungen über die Übereinstimmung in der Struktur und dem Wachstum der Thiere und Pflanzen(Faunaren eta floraren egitura eta hazkundearen arteko antzekotasunen inguruko azterketa mikroskopikoak) liburuan azaldu zituen. Izenburuan antzeman daitekeenez, Schwannek interes berezia zuen zelulek hazkundean zuten egitekoaren inguruan. Era berean, Schwannek testu horretan adierazi zuen zelulek lan garrantzitsua eta oinarrizkoa egiten zutela funtzionaltasunaren aldetik.

Alta, Schwannen ideiek aurkari asko topatu zituzten eta zelulen jatorriaren inguruko haren proposamenak (zitogenesia) oinarririk ez zuela frogatu zen azkenean. Hala eta guztiz ere, bizidun ororen oinarrian egitura bera zegoela babesten zuen ideiak erantzuna eskaintzen zion XIX. mendeko biologiaren behar bati, alegia, printzipio bateratzaile baten beharrari, ikerketa-programak horren arabera antolatzeko.

Schleiden eta Schwannen arabera, zitogenesia espontaneoki gertatzen zen, “blastema” izeneko egiturarik gabeko substantzia batetik. Hipotesi hori Naturphilosophie deituriko korronte espekulatiboaren barruan kokatzen zen; korronte horretan, “filosofo” batzuek –Lorenz Oken tartean– proposatzen zuten izaki bizidunen sorburu izandako besikula esferikoak jatorrizko fluido batetik sortuak zirela. XIX. mendean zehar biologo askok gero eta argudio indartsuagoekin egin zioten kontra zitogenesi espontaneoaren ideia horri.

1846an, Schleidenen kolaboratzaile izandako Carl Wilhelm von Naegeli-k honako hau ondorioztatu zuen: berak aztertutako ia kasu guztietan frogatzen zen landare-zelulak lehendik existitzen ziren zelulen zatiketaren bidez sortzen zirela. 1852an Robert Remak enbriologoak frogatu zuen zelulak soilik sortzen zirela aurretik existitzen ziren zeluletatik, baita enbriogenesiaren hasierako aldietan ere.

Rudolf Virchow patologoaren lanarekin gailurrera heldu zen blastemari egindako kritika. Virchow zitogenesi espontaneoaren alde agertu zen hasieran, baina zelula oro beste zelula batetik datorrela (omnis cellula e cellula) dioen esaldia arau bihurtu zuen 1855ean (Remaken lanean “gehiegi” oinarrituta eta haren izena behar bezala aipatu gabe, beharbada). Horrez gain, Virchowek nabarmendu zuen zelulek hainbat prozesu patologikotan duten egitekoa, eta horrela patologia zelularraren oinarriak ezarri zituen.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

2 iruzkin

Eman iritzia

Cuando la ciencia es Zientzia #8 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Cie...

[…] Quizás ya sabrás que… la historia que recoge el árbol de la vida tiene mucho que ver con una unidad funcional a la que llamamos célula. La célula es el elemento de menor tamaño que puede considerarse vivo y los organismos vivos se clasifican dependiendo del número de células. El término célula fue usado por primera vez por el biólogo Robert Hook en su obra Micrographia (1665), donde describe sus observaciones sobre tejidos vegetales. En estas, comprobó que había unidades que se repetían, que le recordaban a las celdas de los monasterios (cella) y de ahí surgió el nombre de célula. […]

Zenbat aldiz berriztatzen dira gure gorputzaren zelulak? - Zientzia Kaiera

[…] hau jakingarri gertatu bazaizu, agian artikulu hauek ere interesgarriak irudituko zaizkizu: Zelulaz (I), Zelulaz (eta II) eta Zenbat zelula daude giza […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>