Zelulak berprogramatzen

Ikasleen begietatik · Kolaborazioak

Azken hamarkadetan aurrerapauso ugari eman dira hainbat gaixotasunen ikerketan, bai eta haiek artatzeko terapia eta tratamendu berriak sortzeko ere. Horren adibide da zelulen berprogramazioa.

Gizakiok izaki zelulanitzak gara. Hau da, zelula ugariz osatutako organismoa gara, gutxi gorabehera 30 bilioi zelulaz osatuak. Hala ere, ezin dugu ahaztu zelula hauek guztiak hasierako zelula bakar baten ondorengo urrunak direla. Lehen zelula hura zigotoa da, espermatozoideak obulua ernaltzean sortua.

Amaren sabelean, zelula bakar hau zatituz eta espezializatuz doa. Zer esan nahi du espezializatzeak? Bada pixkanaka, sortutako zelula berrietako batzuk lan edo funtzio jakinak betetzera bideratuko direla. Beraz, esan dezakegu aipatutako zigoto hura gure gorputza osatzen duten zelula bakoitzaren aitzindaria dela, egun gu geu osatzen gaituzten zelula guztien bir-bir-bir-birramona.

Zigoto bakar hartatik sortu dira gure azala osatzen duten zelulak. Bertatik sortuak dira arnasketan parte hartzen duten zelulak, baita testu hau irakurtzea ahalbidetzen duten begiko zelulak ere, eta geratu gabe lanean dabiltzan bihotzeko zelula langileak. Ezin ahaztu ekintza horiek guztiak koordinatu eta oroitzapenen kutxa gisa lan egiten duten garuneko zelulak. Guzti-guztiek jatorri bera dute.

Espezializazio-prozesua aurrera doan heinean, zelulak lanpostu bat betetzeko prestatzen dira. Kontua da behin espezializatuta ez dagoela atzera itzulerarik. Gainera, zelula espezializatuen ondorengoek ere espezializazio maila bera izango dute, edo gehiago espezializatuko dira. Imajinatu gure ama artisaua denez geuk ere artisau izan behar dugula, ez besterik.

Bada antzeko zerbait gertatzen da zelulekin, behin espezializatua delarik ezin atzera egin, eta, beraz, zelula hura eta haren ondorengoak funtzio hori betetzera “kondenatuak” daude.

Hala ere, esan beharra dago badirela lege hori betetzen ez duten zelulak. Zelula amez ari gara. Zelula amak izaki bizidun zelulanitzetan aurkitzen dira eta zatitzean zein bere funtzioaren arabera espezializatu daitezkeen alabak sortzen dituzte. Gainera, gai dira eurak bezalako zelula ama gehiago sortzeko ere (ikusi zelula amen sailkapena ilustrazioan agertzen diren adibideak).

zelula amen sailkapena
Irudia: Zelula amen sailkapena. Zelula amak eurak potentzialki sortu dezaketen zelula mota ezberdin kopuruaren arabera sailkatzen dira. Organismo baten garapenean hasierako zelulak dira potentzia gehien dutenak, haietatik organismo oso bat sortu baitaiteke. Helduaroan gelditzen diren zelula gehienek gorputzeko organo eta ehunen mantentze-lanetan jarduten dute, hiltzen doazen zelulak ordezkatuko dituzten zelulak sortuz. (Ilustrazioa: Maddi Astigarraga Bergara)

Teknologia berriek aukera berriak omen dakartzate, eta kasu honetan ere halako zerbait gertatzen da. XXI. mendean garatutako teknika berriek posible egiten dute zelula espezializatuak desespezializatzea. Hau da, gaur egun, zientzialariak gai dira muskulu-zelula bat hartu eta laborategian zelula ama bihurtzeko. Ondoren, zelula ama honetatik beste era bateko zelula lortu dezakete, hala nola neurona bat. Horixe da zelulen berprogramazioa.

Beraz, esan dezakegu berprogramazioari esker muskulu-zelula bat jada ez dagoela betiko bera izatera “kondenatuta”. Hala ere, dena ez da hain erraza eta gauza asko daude ikertzeko. Edonola dela, berprogramazioak aukera berri asko ireki ditzake.

Berrikus dezagun, bada, gure zelulen zuhaitz genealogikoa. Zelula hauen bir-bir-bir-birramona izendatu dugun zigoto hark ondorengo ugari izan zituen, eta beste hainbeste haren ondorengoek ere. Zatiketekin batera zelula bakoitza funtzio bat betetzeko espezializatzen doa, eta ondorengoak ere funtzio bera betetzera behartuko ditu.

“Kondena” horri iskin egiten dioten zelula bakarrak zelula amak dira. Haiek, zatitzen direnean, espezializatu daitezkeen zelulak sortzeko gai dira. Egungo teknologiek, gainera, aukera irekitzen dute gure gorputzeko zelula espezializatu bat hartu eta hartatik zelula ama bat sortzeko.

Bada berprogramazio-teknika hauetako bat erabili du Achucarro zentroko ikertzaile talde batek Parkinsonen gaixotasuna ikertzeko. Kasu honetan azaleko zeluletatik abiatuta astrozito izeneko garuneko zelulak lortu dituzte, ondoren berauek ikertzeko.

Esan bezala, aukera ugari ekarri dituen eta ekarri ditzakeen teknika da berprogramazioarena. Ea etorkizunean zer egiteko gai garen.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua da eta UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondoko ikasketak burutu ditu.


Zelulak berprogramatzen artikulua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko Graduondoaren «Zientzia ilustratzen» egitasmoaren parte da. Dibulgazio-artikulu bat erreferentziatzat hartuta, ilustratzaileek beste bertsio bat egiten dute ardatz nagusi batekin: ilustrazioa.

1 iruzkina

  • […] Gure gorputzeko zelula guztiak zelula bakar batetik sortu dira, zigototik, hain zuzen. Baina zigotoa garatzen joaten den heinean, zelulak zatitu eta espezializatu egiten dira, gorputzean funtzio ezberdinak betetzeko. Baina badaude zelula berezi batzuk, zelula ama deritzenak. Zelula hauek zatitzean […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.