Asteon zientzia begi-bistan #387

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

interneten

Osasuna

Endometriosiaren inguruko informazioa ez dago oso zabalduta, ez gizartean, ezta medikuen artean ere. Menstruazioa iristen denean uteroan ehun bat sortzen da eta, haurdun geratzen ez bazara, askatu egiten da. Bada, batzuetan gertatzen da ehun endometriko hori beste hainbat organotara zabaltzen dela. Horretan datza endometriosiaren gaitzak. Arazoa da askotan medikuek ere ez daukatela gaitzaren inguruko nahikoa informazio. Bestetik, gizartean oso errotuta dago hilerokoa mingarria izatea normala dela. Horrek guztiak gaixotasun honen diagnosia asko zailtzen du. Juanma Gallegok azaldu du Alean: Hilerokoa arazo bihurtzen denean.

Nature medicine aldizkarian argitaratutako ikerketa batean osasun-sistemetan COVID-19agatik izandako etenen ondorioak aztertu dituzte. Ikerketaren ondorioek aditzera eman dutenez, beste gaixotasun batzuk detektatzeko eta diagnostikatzeko probetan ahultasunak egon dira; minbizia, tuberkulosia eta GIBa detektatzeko probetan izan dira murrizketa handienak, % 26-96 bitartean, hain zuzen. Honetaz aparte, 2020an anbulatoriora bisitak % 9-40 artean jaitsi zirela ere ikusi dute, eta hainbat arrazoiri egotzi diote horren errua: zerbitzuen etetea, kutsatzeko beldurra eta mugikortasunean ezarritako mugak, besteak beste. Osasun mentalaren arretan ere jaitsiera nabarmenak antzeman dituzte hainbat herrialdetan.

Aste honetan Zientzia Kaieran Aduna Badiola ikertzaileari egin diote elkarrizketa. UPV/EHUko Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa (GIKAFIT) taldeko kidea da Aduna eta antropometria sistemekin egiten dute lan. Antropometria gizakion gorputzaren osaera eta konposizioa, eta muskuluen zein hezurren azterketa da; talde honek, hain zuzen, neurketa hauek entrenamenduetako eduki zein kirol-probetan egiten dugunaren arteko erlazioa aurkitzen dihardute. Honen harira, Adunak azaldu du haurtzaroan kirola egiteak bizitza osasuntsuago bat eramatera bultzatu gaitzakeela.

Psikologia

Gutako askok eguneko ordu gehienak pantaila bati begira pasatzen ditugu, eta horrek, eragin handia du gure osasunean, ongizatean eta jendartean. Lionel Joly Charrasse soziolinguistak jendartearen portaerak aztertzen ditu gai honen inguruan eta hainbat arlo jorratu ditu pantailak duten eraginari buruz. Horietako bat Interneten kontsumitzen den materialaren izaera matxista orokortua da. Aipatu duenez, mundu mailan Internetetik jaisten den materialaren %35 pornografikoa da, pornografia matxista gehienetan. Baina ondorio sozialez gain, digitalizazioak baditu, noski, ingurumenaren gaineko ondorio negatiboak, gailuak sortzean isurtzen diren berotegi-efektuko gasak, besteak beste. Lionel Joly Charrasse soziolinguistari egindako elkarrizketa eskuragarri dago Gara egunkarian: «Mugikorra hartzeko joera gure gogo-nahia dela uste dugu, baina ez da horrela».

Beste norbaiten jakintza eskuratu eta biltzea, gizakiak betitik egin duen ekintza da. Senideekin, adiskideekin edo kideekin sistema kognitibo partekatuak eratzen ditugu, eta informazioa aintzakotzat hartu, prozesatu eta gogoratu ahal dugu horri esker. Esan genezake giza-kognizioa ez dela gauza indibiduala. Gaur egun, ordea, Interneten erabilerarekin, eskatu bezain laster dugu informazioa eskuragarri, inolako ahaleginik egin gabe. Honegatik, itxuraz, Interneteko jakintza gure jakintza dela pentsatzeko joera dugu. Gainera, errazagoa egiten zaigu Interneten begiratzea guk oroitzea baino, eta aise ahazten dugu. Ondorioz, jendeak gutxiago daki, kontrakoa sinisten badu ere. Datuak Zientzia Kaieran: Jakintsu usteko ezjakinak.

Ingurumena

Koronabirusak eragindako pandemiak berriro fokuan jarri du araztegietako uren analisien garrantzia. Izan ere, ur horien analisien bidez posible da birus honen presentzia atzematea, biztanleriak sintomak izan baino lehen. Birusen arrastoak gorotzekin batera kanporatzen dira, eta beraz, hauen material genetikoaren zatiak bilatu daitezke hondakin-uretan. Koronabirusak, gainera, badu abantaila bat: digestio-sisteman birusaren kantitatea handitu egiten da eta, hortaz, errazagoa da detektatzen. Bestalde, Herbehereetan egindako ikerketa batek frogatu ahal izan du hondakin-uretan detektatzen den koronabirus kantitatea biztanleriaren kutsatze-mailarekin lotu daitekeela. Josi Lopez-Gazpiok azaldu du Zientzia Kaieran: Hondakin-uren analisia birusak atzemateko.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarirako idatzi duenaren arabera, hegazti harraparien populazioa murrizten ari da berunezko munizioak pozoituta. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek frogatu dutenez, hamar hegazti espezie soilik kontuan izanda, 55.000 hegazti galdu dira Europan berunezko munizioz akabatutako animaliak jateagatik. Egoera, gainera, larriagoa da hegazti-harrapari handietan. Kalterik handiena itsas-arrano buztanzuriak jasaten du; haren populazioa berunak pozoituta hilko ez balitz % 14,4 handiagoa izango litzateke. Arrano beltzak eta sai arreak jarraitzen diote. Europako Batasuna eta Erresuma Batua planteatzen ari dira berunezko munizioa debekatzea, baina ehiztariak ez daude ados.

Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argi utzi nahi izan du espazioaren ikerketa ez dela jasangarria. Espazioaren ikerketarako instalazioek urtero 1,2 milioi tona CO2 igortzen dituztela kalkulatu dute Frantziako Tolosako Unibertsitateko ikertzaileek. Honek esan nahi du isurtzen dugun CO2-aren herena, gutxienez, misio espazialei dagokiela. 50 misio espazialen eta 40 teleskopioren instalazioak kontuan hartu dituzte, eta haien jardunean igortzen duten CO2-az gain, bizitza-ziklo osoa hartu dute kontuan. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Berrian irakur daitekeenez, mikroplastikoak topatu dituzte lehenengo aldiz gizakien odolean. Amsterdamgo Vrije Unibertsitateko ikerketa-talde batek egin du azterketa eta erakutsi dute mikroplastikoek gorputzean barrena bidaia dezaketela odolaren bitartez, baita organoetan finkatu ere. Azterturiko pertsonen %80tan aurkitu dituzte partikula txikiak, baina oraindik ez dakite zer eragin eduki dezaketen partikulok gizakien organoetan.

Teknologia

Muskuluen kontrolik ez duen pertsona bat hitzez komunikatzea lortu dute, garun-ordenagailu interfaze bat erabiliz. Pertsona horrek ez zuen muskuluak mugitzeko inolako ahalmenik, eta beraz, ezin zituen hitz egiteko erabiltzen diren muskuluak erabili. Alabaina, garunean bi mikroelektrodo ezarriz eta haiek jasotako seinaleak prozesatuz, gaixoak lortu du alfabetoko hizkiak aukeratzea. Hala, gai izan da hitzak eta esaldiak sortzeko. Egoitz Etxebestek azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Gure gorputzeko zelula guztiak zelula bakar batetik sortu dira, zigototik, hain zuzen. Baina zigotoa garatzen joaten den heinean, zelulak zatitu eta espezializatu egiten dira, gorputzean funtzio ezberdinak betetzeko. Baina badaude zelula berezi batzuk, zelula ama deritzenak. Zelula hauek zatitzean zein bere funtzioaren arabera espezializatu daitezkeen alabak sortzen dituzte eta gainera, gai dira eurak bezalako zelula ama gehiago sortzeko. Zelula amen inguruko ikerketak aurrerapen handiak izan ditu azken urteetan, eta gaur egun, zelulak birprogramatu daitezke. Hau da, muskulu-zelula bat hartu, adibidez, eta laborategian zelula ama bihurtu daiteke, ondoren zelula ama honetatik beste era bateko zelula lortzeko, neurona bat, adibidez. Datuak Zientzia Kaieran: Zelulak berprogramatzen.

EHUko Farmazia Fakultateko ikerketa-talde batek bakterio espezie berri bat identifikatu du Añanako gatzagan. Altererythrobacter muriae izena jarri diote bakterioari eta International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology aldizkarian argitaratu dute mikroorganismo berriaren azterketa. Orain arteko ikerketetan ikusi dute mikroorganismoen populazioa aldatu egiten dela gatz kontzentrazioaren arabera: zenbat eta gatz kontzentrazio handiagoa, mikroorganismo mota gutxiago daude; zenbat eta gatz gutxiago, espezie gehiago. Baina ikerketa honen helburua, espezie berri bat identifikatzeaz gain, mikroorganismo estremofilo hauengandik ikastea da, bertatik aplikazio bioteknologiko berriak ateratzeko. Azalpen guztiak Berrian: Gesaletako altxorra.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.