Asteon zientzia begi-bistan #372

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Genetika

Manu Araolaza (Donostia, 1990) Biologian lizentziatu zen UPV/EHUn eta ondoren Biología celular y genética masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun, doktoretza egiten ari da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Epigenetikaren inguruan dabil ikertzen, genetikaren alor hau hobeto aztertzeko helburuarekin. Izan ere, ikerketa alor konplexua da eta asko geratzen da honen mekanismo guztiak erabat ulertzeko. Epigenetika, genomaren gainean ezartzen diren zenbait molekula kimiko txikiek eratzen dute, eta geneen adierazpena baldintzatzen dute, zer adierazi eta zer ez kontrolatuz. Manu Araolazaren ikerketa DNAren metilazioan zentratzen da, morfina erabiliz metilazioak pairatzeko DNA sekuentzia sentikorrenak zeintzuk diren identifikatuz. Azalpen guztiak Unibertsitatea.net atarian: Manu Araolaza: “Epigenetikaren azpian dauden mekanismoak aztertzea, ezagutzea eta hobeto ulertzea da gure helburu nagusia”.

Teknologia

Aste honetan Berrian, Jose Luis Villate fisikari eta Tecnaliako Itsas Energia Arloko zuzendariari egin diote elkarrizketa, itsasoko haize-sorgailuei buruz. Gaur egun Iparraldeko Itsasoan daude haize-sorgailu gehienak baina, orain, azpiegitura flotagarriekin askoz leku gehiagotan jar daitezkeela azaltzen du Villatek. Hala ere, itsas-inguruneak asko baldintzatzen du teknologia honen funtzionamendua, gehienbat korrosio arazoengatik eta olatuen indarragatik. Honen harira, Berrian bertan itsas eolikoei buruzko infografia eskaini dute informazio interesgarria eskainiz.

Oraingoz ez dago honelako teknologiarik euskal kostaldean, baina Galizian bi eraikitzeko asmoa du Iberdrolak eta Bretainian, berriz, 62. Kalkulatu denez, errotek arrantzaren %30 uxatu dezake. Datuak Berrian: Arrantzaleak ez dira fio itsasoko haize errotekin.

Geologia

Zientzia Kaieran, Mareta Nelle West geologoaren ekintza gogoangarrien inguruan irakur daiteke. 1964an, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak kontratatutako lehen emakumezko geologoa bihurtu zen. Ondoren NASAko Geologiako Talde Esperimentalean sartu zen eta Apolo misioan parte hartu zuen, ilargirako lasterketa espazialaren garaia baitzen. Mareta West izan zen Ilargia kartografiatzeaz arduratu zen zientzialaria, eta baita historiako lehen ilargiratzea gertatuko zen puntu zehatza erabakitzeaz arduratu zena ere. Lehen emakumezko astrogeologoa kontsideratzen da. Baina Maretaz aparte, badira beste bi geologo Ilargirako lasterketa honetan parte hartu zutenak: Eugene Merle Shoemaker eta Harrison Hagan Schmitt. Azken hau, besteak beste, Ilargitik ekarritako hauts eta arroka laginak aztertzeaz arduratu zen. Datuak Zientzia Kaieran: Geologoak Ilargian.

Biologia

Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu duenez, kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek. Baieztapen honen zergatia, dirudienez, albedoa deritzon fenomeno fisikoa da. Gorputz guztiek xurgatzen dute erradiazioa, baina gainazal baten kolorea gero eta argiagoa izan, orduan eta erradiazio gehiago islatzen du. Hau horrela izanik, Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dutenez, hegazti migratzaileak argitsuagoak izango lirateke, antza, migrazioan zehar Eguzkiaren erradiazioa hobeto jasateko. Eboluzioaren prozesu bat izango litzateke beraz hori, gorputza gehiegi berotzea saihesteko mekanismoa, hain zuzen.

PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa baten arabera, biobotak beren burua erreplikatzeko gaitasuna izan dezaketela ikusi da. Biobotak milimetro bateko egitura biologikoak dira eta funtzio jakin batzuk egiteko balio dute, hala nola, zehaztutako helmuga batera joatea, pisua altxatzea edo ebaki bat ixtea. Duela urtebete izan genuen robot biologiko horien berri, baina orain, ugaltzeko gaitasuna ere izan dezaketela ikusi da. Ugalketa, hala ere, ez da animaliena edo landareena bezalakoa: Petri plaka batean mugitzen dira, eta banakako zelulak topatzen direnean, elkartuta eta beste biobot bat sortzen da. Ikertzaileen esanean, lana oso baliagarria izan daiteke medikuntza birsortzailean, lesio traumatikoak sendatzeko, adibidez. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Ugaltzeko gai diren lehen biobotak sortu dituzte.

Osasuna

Aste honetan Zientzia Kaieran Jon Zarate UPV/EHUko NanoBioCel ikerketa-taldeko ikertzaileari egin diote elkarrizketa, teknologia biofarmazeutikoaren inguruan. Teknologia honen helburua tratamendu pertsonalizaturako terapia aurreratuko medikamentuak sortzea da. Hau da, farmako konbentzionalen printzipio aktiboak erabili ordez, zelula, ehun edo gene batean oinarritutako medikamentu konplexuak sortzen dituzte, eta hainbat gaixotasun tratatzeko erabiltzen dira gaur egun; hala nola, fibrosi kistikoa eta gisa horretako gaixotasun monogenetikoak tratatzeko aproposak izan daitezke.

Ingurumena

Hainbat ikerketek adierazi dutenez, gune berdeek eragin positiboa izan dezakete osasunean, arrazoi ezberdinengatik. Besteak beste, ingurumenarekiko faktoreekiko esposizioa handitzen dutelako, jarduera fisikoa bultzatzen dutelako eta giza kohesioa areagotzeaz eta estresa gutxitzeaz gain, atentzioaren berrezartzea eragiten dutelako. Hauek guztiek osasun fisiko zein mentalean dute eragina. Gainera, beste abantaila oso nabarmena eskaintzen dute: aire kutsaduraren murrizpena. Horregatik, hiri plangintzan eta hiritarren bizitzetan maizago kontuan hartu beharko litzateke. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Hiriko gune berdeak eta osasuna.

Kaliforniako itsas espezieak aurkitu dituzte Ozeano Pazifikoko plastikozko zabor multzo erraldoietan bizitzen. Lur lehorretik itsasora iristen diren plastikozko hondakinek hainbat bizidun espezie izan ditzakete itsatsita eta, beraz, plastikozko hondakin hori iristen den tokiraino joango dira berarekin batera. Kasu honetan, plastikozko kontinente mugikor batean hartu dituzte datuak, 1,6 milioi koadroko eremu bat estaltzen du, 77 Euskal Herriren parekoa. Landareak nahiz animaliak aurkitu dituzte bertako plastiko zatietan: anemonak, hidroideak, moluskuak, izkiren antzeko anfipodoak, karramarroak… Ikusi ahal izan dutenez, espezieek uste baino gehiago iraun dezakete bizirik ozeanoaren erdian, eta inbaditzaile bihurtzeko arrisku handia dago. Munduan bost zabor orban erraldoi atzeman dituzte uretan, eta Ozeano Pazifikokoa da handiena. Datuak Berrian: Plastikoa etxe eta garraiobide.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.