Kolore argitsuagoak dituzte hegazti migratzaileek

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ikertzaile talde batek aurkikuntza bitxia egin du: hegazti migratzaileek luma argitsuagoak izateko joera dutela ondorioztatu dute, eta atzean egon daitekeen arrazoi ebolutiboa ere proposatu dute: beroa hobeto jasan dezakete horrela.

Esperientzia hutsagatik txikitatik ikasten den kontzeptu horietako bat da albedoarena. Lagun askok hitz horren berririk ez duen arren, horren adierazpena nahiko agerikoa da jende gehienarentzat. Udako egun eguzkitsu batean hondartzatik autora itzultzean beltz koloreko autoa ukitzea besterik ez dago. Azal ilunek askoz arinago hartzen dute beroa, eta denbora gehiagoz mantentzen dute ere. Arrazoi berdinagatik, Mediterraneo aldeko herri askok zuriz marraztutako mihiseak dirudite. Maila handiagoan, klima globalean garrantzi handia du albedoak, eta hori aintzat hartzen dute klimatologoek mundu mailako eredu klimatikoak lantzerakoan.

Fenomeno horren atzean arrazoi fisiko ezaguna dago: gorputz guztiek xurgatzen dute erradiazioa —are gehiago, teknikoki 0 absolututik gora dauden gorputz guztiek erradiazioa igortzen dute ere—, baina gainazal baten kolorea gero eta argiagoa izanda, orduan eta erradiazio gehiago islatzen du.

hegazti migratzaileek
1. irudia: Espezie migratzaileen kasuan, hautespen naturalak lumadi argiagoa duten hegaztiak lehenetsi dituela ondorioztatu dute. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hala izanik, kontraesankorra eman dezake ikustea ingurune hotzean bizi diren ugaztun askok ile zuria dutela, eta hainbat espeziek ilea aldatzen dutela urtaroen arabera. Negua iristean, ile marroixka kendu eta jantzi zuria jartzen dute. Kasu horietan, azalpenik agerikoena da elurraren kolorea hartuta errazagoa dela kamuflatzea, eta horrek bizirik irauteko aukerak biderkatzen dituela, berdin harrapakina zein harrapakaria izan. Baina beste batzuetan argudiatu izan da ere kasu horietan ile zurietan melalinak okupatzen ez duen espazioa aireak betetzen duela, eta horrek hobetzen duela animaliaren isolamendu termikoa.

Ikertzaile talde batek egin duen azken proposamenaren arabera, hegaztietan ere garrantzi handia izan dezake lumadiaren kolorazioak. Zehazki, zientzialari hauek diote hegaztien espezie migratzaileak argitsuagoak direla, antza, migrazioan zehar Eguzkiaren erradiazioa hobeto jasateko. Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dute haien proposamena.

“Espezie migratzaileek kolore argitsuagokoak izateko joera dute migratzaile ez diren espezieen aldean”, laburbildu du Ornitologiarako Max Planck Institutuko (Alemania) ikertzaile Kaspar Delheyk. Dioenez, eboluzioak luma argiagoak dituzten hegaztiak lehenetsi ditu, horrela Eguzkiaren argiaren aurrean gehiegi berotzeko arriskua arintzen delako. “Hau bereziki garrantzitsua izan daiteke distantzia luzeko hegaztientzat, bidaia horietan ezin dutelako gelditu itzalpean atsedena hartzeko”, erantsi du.

Ikertzaile hauek aurretik ibiliak ziren klimaren eragina aztertzen hegaztietan, eta azterketa horietan ondorioztatu zuten kolore argitsuak dituzten hegaztiak tenperatura altuko eta itzal gutxiko eremuetan bizi direla.

Oraingoan jakin nahi izan dute ea migratzaile diren hegaztien kasuan harreman hori ote dagoen. Horretarako, beste egile batzuek emandako pista bat jarraitu dutela aitortu dute: zantzu horren arabera, hegazti espezie batzuk altitude handiagoetan hegan egiten dute egunez, eta baxuagoetan gauez. Altitude handiagoetan hegan egiteak kostu energetiko handiagoa du. Hortaz, portaera horren arrazoia izan liteke altitude horietan tenperatura baxuagoa dela, eta horrek laguntzen du konpentsatzen Eguzkitik jasotako erradiazioa.

hegazti migratzaileek
2. irudia: Txirri zuri (Calidris alba) espezieko talde bat, migrazio bat abiatzen. (Argazkia: Pablo F. Petracci)

“Termorregulazioa espezie migratzaileetan hautespen faktore garrantzitsua baldin bada, baliteke espezie hauek lumadi argiagoa eta islatzaileagoa garatu izana, gehiegizko beroa ekiditeko”, idatzi dute gutunean. Hipotesi horretatik abiatuta, zenbakietara jo dute.

Lumadiaren argitasuna kuantifikatzeko, 0tik 100erako eskala osatu dute, eta Birds of the World datu basean bilduta dauden espezie guztiak sailkatu dituzte ezaugarri horien arabera. Datu base horrek 10.000 espezie inguru jasotzen ditu.

Bi aldagaiak alderatzean —lumadiaren argitasuna eta migratzaile izan ala ez—, horien arteko korrelazioa aurkitu dute. Diotenez —seguruenera korrelazioetan ateratako ondorioen inguruan zientzia komunitatean dauden zuhurtziei aurreratu nahian—, lumadiaren kolorean eragiten duten beste hainbat faktore ere aintzat hartu dituzte alderaketa horretan. Eta kontuan hartu dute ere hegaztien kasuan oso garrantzitsua den faktore bat: dimorfismo sexuala. Espezie bakoitzeko, emeen zein arren koloreak jaso dituzte, eta horrek biderkatu du datu-basean sartu behar izan dituzten itemen kopurua: guztira 19.552 izan dira.

Migratzen duten hegaztiak argitsuagoak izateaz gain, migrazioaren luzeraren arabera ere desberdina da kolorea. Migrazio luzeagoak egiten dituzten hegaztien lumadiak are argiagoak dira, eta zertxobait ilunagoak dira migrazio motzagoak egiten dituztenak. Berdin hegazti handia ala txikia izan, lurtarra ala urtarra izan, joera berdina aurkitu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Delhey, Kaspar et al. (2021). Migratory birds are lighter coloured. Current Biology, 31, R1505–R1512. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2021.10.048


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.