Hegaztien gaueko migrazioa, uste zenaren kontrakoa

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Kontrakoa uste bazen ere, hegaztien gaueko migrazioa udaberrian itsasotik eta lurretik igarotzen dela eta udazkenean lurretik egiten dela frogatu du Nadja Weisshaupten ikerketak. Hegaztiek Bizkaiko golkoan gauez egiten duten migrazioaren aztertu du UPV/EHUko Matematika Aplikatu Saileko ikertzaileak bere doktorego-tesian.

1. irudia: Hegaztiak hegan.

Hegaztien gaueko migrazioaren inguruan Bizkaiko golkoan eskala handian egin den lehen ikerketa izan da eta aitzindaria izan da gau migrazioaren azterketan. Lanak zenbait uste bertan behera utzi ditu: “Uste zen fronte zabalean migratzen zutela udazkenean, baina, nire azterketan ikusi dudanez, ez da hala”, Nadja Weisshaupten hitzetan. Ikerketaren emaitzek erakusten dute gaueko migrazio-jarduera handia dagoela Punta Galean udaberrian eta txikia udazken osoan. Udazkeneko migrazio mugimendua gehienbat Pirinio aldera izaten dela ikusi da, itsasoa gurutzatzea saihesteko, ziur aski.

Hegazti tipologiari dagokionez, paseriformeak (txori kantariak) dira gau-migratzaile nagusiak, nahiz eta hegazti urtarren ehuneko txiki bat ere erregistratu den.

2. irudia: Karnaba, hegazti paseriformea.

Milioika hegaztik migratzen dute ugalketa-tokitik negua igarotzen duten tokietara, bi puntuen arteko distantzia oso handia dela. Beharrezkoa dute sarri gelditu eta indarberritzea, bidaian aurrera egiteko. Ugalketa tokian eta negua pasatzeko tokian ez ezik, paseko lekuetan ere ekosistema egokiak behar dituzte hegaztiek, migrazioan zehar elikatu eta atseden hartu ahal izateko. Ekosistema egokien faltak ondorioak izan ditzake, bai espezieen populazioan, baita kontserbazioan ere. Nahitaezkoa da, beraz, migrazio-estrategien berri izatea, ikuspuntu biologiko eta ekologikotik nahiz kontserbazioaren aldetik. “Espazio bat babesteko, ezinbestekoa da oinarri zientifikoa izatea”, azaldu du Nadja Weisshauptek.

Hegaztien migrazioaren inguruko ikerketa zientifiko ugari egin izan dira (Euskadin, batez ere, harrapatutako hegaztiei eraztunak jarriz), fenomeno horri lotutako eredu eta dinamiketan eragina duten faktoreak aztertzeko. “Hala eta guztiz ere, orain arte ez zegoen daturik Bizkaiko golkoko gaueko migrazio aktiboari buruz”, gehitu du Weisshauptek. Aranzadi Elkarteak eraztunen bidez lortutako ezagutza eta Euskalmeten Punta Galeako radarraren datu-basea oinarri hartuta, Bizkaiko golkoko gaueko hegazti-migrazioa aztertu du Weisshauptek.

Behaketa-metodoak

Gauez aritzeak eta distantzia handiak behatzeko beharrak suposatzen zituen oztopoak gainditzeko hiru behaketa-metodo erabili ziren: radarrak, kamera termikoak eta ilargi-behaketak.

Radar meteorologikoak

Bi motatako radarrekin egin da lan:

  • Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua. Haizea neurtzen du, baina migrazio-garaietan, beste seinale batzuk ere erregistratzen ditu, hegaztiei dagozkienak. Datu meteorologikoen kalitatea bermatzeko arazoa bada ere, hegaztiak aztertzeko oso erabilgarria da. “Interesgarria da, gogor aritu behar izan baitugu jendeak sinets zezan posible dela profilagailuak erabiltzea azterketa ornitologikoetarako”, adierazi du Weisshauptek.
  • Prezipitazioa neurtzeko radarrak. Horrelako radarren uhina profilagailuarena baino laburragoa izan arren, hegaztiak erregistratzen dituzte. Ikerketan ikusi denez, zerbitzu meteorologiko bakoitzak bere prozesatze- eta iragazte-mailak ezartzen ditu eta, kasu batzuetan, informazio biologikoa kanpo geratzen da. Hori dela eta, ezin izan dira erabili AEMETen radarrak. Euskalmeten Kapilduiko radarreko eta Frantziako radarreko informazioa da erabili dena. Amsterdamgo unibertsitateko Adriaan Dokter doktorearekin elkarlana egin da, hark garatutako algoritmoa da radarretako datuak erauzteko erabili dena.
Kamera termikoak

Objektuek igortzen duten erradiazio infragorria erregistratzen dute. Hegaztien tenperatura (40-41ºC) detektatzen dute, giro-tenperaturarekiko kontrastea argia baita. Behatutako hegaztiak paseriformeak diren eta banaka edo taldeka doazen zehazteko aukera ematen dute kamerek. Gainera, aztertutako denbora-tarteko migrazioaren norabidea eta intentsitatea ere erakusten dituzte.

Ilargi behaketa

Ilargiaren aurretik pasatzen diren hegaztiak aztertzean datza ilargi behaketa. Ilargi betearen aurreko bi egunetan hasi eta ondorengo bi egunetara arte egiten da ilargi-behaketa. “Kasu honetan, beste sistemetatik eskuratutako informazioa osatzeko erabili da, hegazti migratzaileen konposizioa zehaztu ahal izateko”, argitu du Nadja Weisshauptek.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Radar meteorologikoak, hegazti migratzaileak aztertzeko funtsezko tresna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.