Onon kukuaren bidaia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Kukuak hegazti bereziak dira, sarritan kultura herrikoiarekin eta folklorearekin lotuta daudenak. Egiten duten migrazioaren kausaz, kukuaren kantua entzutea neguaren eta hotzaren amaierarekin lotzen da, udaberria datorreneko seinalea.

Hainbat esaera zahar ditugu kukuarekin lotuta, agian ezagunena denak dio, apirileko lehen egunetan kukuaren kantua lehen aldiz entzutean poltsikoan dirua badaukagu, urte oparoa izango dela. Ez dakit norbaitek Onon kukuaren kantua entzun ote duen, baina, zientzialariak txundituta utzi dituen migrazioa egin berri du: 26.000 kilometroko bidea egin du Mongoliatik Afrikako hegoalderaino eta bidea egiten zuen bitartean, ospetsua egin da Indian, Kenian eta Suedian.

onon
Irudia: Kuku arrunta, Cuculus canorus. (Argazkia: TheOtherKev – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Onon kukua Mongoliatik aldetzen hasi zen 2019ko ekainean, ikertzaile-talde batek jarritako lokalizagailuarekin batera. Beste lau kukuri ere jarraipena egiteko tresnak jarri zizkieten eta noski, ikertzaileek ez zekiten beste noizbait kuku haien berri izango ote zuten. Duela gutxi, bai, bost kukuetako baten berri izan dute berriro, Onon kukua, eta bere gailua aztertzean emaitza ikaragarriak lortu dituzte. Onon kukuak 26.000 kilometroko bidaia egin zuen, lurreko hegazti baten kasuan dokumentatu den bidaiarik luzeenetakoa. Maiatzaren 27an itzuli zen Onon Mongoliara eta tarte guzti horretan, Mongolia Cuckoo Project ekimenari esker online jarraitu ahal izan da bere migrazioa. Koronabirusak eragindako pandemiak gure mugak eta mugikortasuna oztopatzen zituen bitartean, Ononek hogeita zazpi muga zeharkatu ditu eta hamasei herrialde desberdinetatik pasa da. Hedabideek kukuaren bidaiaren jarraipena egin dute eta, horrexegatik, zenbait lekutan Onon kukua ezaguna bilakatu da. Une honetan ikertzaileak kukuaren gailua aztertzen ari dira kukuen migrazio luzeak hobeto ulertu ahal izateko; izan ere, Onon kukuaren bidaia bereziki luzea izan da. Kukuek egunean 1.000 kilometro egin ditzakete elikagai bila egiten dituzten migrazioetan. Kukuek beldarrak atsegin dituzte eta horiek ugariagoak dira leku eguzkitsu eta beroetan. Euskal Herrian apiriletik irailera egoten dira kukuak eta, ondoren, Afrikan igarotzen dute negua. Mongolia inguruko kukuek, aldiz, Asia hegoaldean edo Australasian igarotzen dute negua, baina, kasu honetan Ononek nahiago izan du Afrikarainoko bidea. Oraindik ez dago guztiz argi zein den bidaia luze horren arrazoia, baina, litekeena da Ononek nahiko elikagai aurkitzea bidean eta, hortaz, beste espezie batzuk baldin bazeuden Asia hegoaldean, erosoagoa izan liteke Afrikarainoko bidea. Udaberria Euskal Herrian igarotzen duten kukuen kasuan, 9.000 kilometro inguruko bidaia egin behar izaten dute Afrika hegoalderaino eta normalean gauez bakarrik egiten dute. Kukuak animalia bereziak dira oso eta, ziur aski, haien berezitasunik nabarmenena ugalketa da. Har dezagun bada, Onon kukuak eman digun aukera kukuen ugalketa zertan den azaltzeko.

Kukuaren ezaugarriak eta ugalketa

Kuku arruntaCuculus canorus- Cuculidae familiako hegaztia da. 32 eta 36 cm arteko luzerakoa eta 54 eta 60 cm arteko hego-zabalerakoa. Tamaina ertaina du, isats zabala eta puntadun hegalak. Horrexegatik, hegaldian hegazti harrapari txiki baten antza du, esaterako, gabiraia edo belatz gorria. Kukuaren ezaugarri bereizgarrienetako bat arrautzak hegazti txikiagoen habietan jartzean datza, alegia, habi-parasitismoan oinarritzen da kukuaren ugalketa. Kukuak beste hegaztien habietan jartzen ditu arrautzak eta, horrela, hegazti horrek inkubatzen ditu arrautzak eta baita txita elikatu ere. Eme bakoitza hogeita bost arrautza inguru jartzera iritsi daiteke, banaka-banaka, beste habietan -bertan zegoen arrautzetako bat ere kentzen du-. Parasitatutako hegaztiak ez badira konturatzen arrautzak ez direla haienak, inkubazioak aurrera jarraituko du. Esan behar da, bestalde, kukuaren arrautzak parasitatutako hegaztien arrautzak imitatzen dituztela. Kukuak kaskabeltzen eta txantxangorrien habietan jartzen ditu arrautzak, besteak beste, baina, ehunaka espezie desberdinetako habietan arrautzak jartzeko gai dela dokumentatu da. Era berean, kukuak harrapari txikien antza duenez, errazagoa da habiaren jabeak uxatzea.

Kukuaren estrategia bikaina da, Naturaren konplexutasunaren adierazle zoragarria. Kukuak parasitatzen dituen hegaztien inkubazioa pixka bat luzeagoa da kukuarena berarena baino. Kaskabeltzaren eta txantxangorriaren inkubazioa hamalau egunekoa da, baina, kukuarena hamabi egunekoa besterik ez. Bi egun horietako epea gakoa da kuku jaioberria handiagoa eta indartsuagoa izateko beste txitak jaiotzen direnean. Zein da, baina, horren helburua? Bada, kuku jaioberriak nahikoa indar daukanean, oraindik ireki ez diren arrautzak eta beste txita jaioberriak habiatik botatzeko gai da. Horrela, habiaren jabe diren gurasoen arreta eta elikagai guztiak kukuarentzat dira. Azaldutakoa ondo ikusi daiteke jarraian dagoen bideoan eta, zalantzarik gabe, Naturaren gordintasuna agerian geratzen da.

Ziur asko, gure ikuspegitik zaila egiten zaigu horrelako irudiek ez aztoratzea, baina, ez dugu ahaztu behar animaliak bizirik irauteko eta modu eraginkorrean ahalik eta gehien ugaltzeko diseinatuta daudela. Hobeto esanda, hori modurik onenean lortu duten espezieek jarraitzen dute aurrera. Ikuspuntu horretatik, kukuaren estrategia oso eraginkorra da. Nolanahi ere, kukuak hamahiru eta hogei egun artean pasatzen ditu habian eta ondoren, alde egiten du. Esan behar da kuku eme bakoitza espezie mota bat parasitatzen espezializatzen dela, ziur aski, bera jaio zen habiako espezie bera. Guzti horren gainetik, nekez esan daiteke kukua hegazti ankerra denik. Naturaren legeetara ondo egokitu den animalia zoragarria da eta gure basoetan lan garrantzitsua egiten du. Pinudiak erasotzen dituzten pinu-beldarrak jaten ditu eta baita beste hainbat intsektu ere. Naturaren oreka bermatzeko ezinbestekoa den animalia da kukua. Bada, laster esango diogu agur kukuari edo, hobeto esanda, hurrengo urtera arte!

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.