Ezti gidaria

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria

———————————————————————————————————–

Nahiz eta txikiak izan, kolore deigarririk ez erakutsi eta kantuan ere arruntak izan, bereziak dira, oso bereziak, Indicatoridae familiako ezti-gidari izenez ezagutzen diren txoriak. Berezitasuna, portaeratik datorkie. Batetik, beste txori batzuek eraikitako habietan erruten dituzte arrautzak, eta, beraz, bizkarroitzat har ditzakegu; horri dagokionez, kukuaren antzera jokatzen dute. Baina, bestetik, badute ikertzaileen interesa piztu duen ezaugarri bat, horretan bai, bakarrak baitira: argizari-jaleak dira txori hauek.

1. irudia: Indicator minor txoria. (Alan Mansonen argazkia)

Aurkikuntza hau egin arte uste zen lehorreko ornodunek ezin zituztela ezkoak elikagai modura erabili, digestio zailekoak zirela uste baitzen; izan ere, ornodun gehienen areak ekoitzitako lipasek ezin dituzte hidrolizatu kate luzeko gantz alkohol baten eta gantz azido molekulen arteko esterrak diren ezkoak.

Argizari-jale izatea berez bitxia izanik, are bitxiagoa da txoriok jaki mota hau lortzeko erabiltzen duten amarrua. Argizaria erlauntzen barruan egoten da, baina ezti-gidariak txori txikiak izanik ez dute behar besteko indarrik erlauntzak apurtzeko. Askotan, gainera, erleek zokondo eskuraezinetan egiten dituzte etxeak eta, beraz, txoriok ezin izaten dira erlauntzetaraino iritsi. Hori gutxi balitz, erle-habiara sartzeak badu bere arriskua, erleek euren eremua babestu egiten dutelako. Hortaz, argizaria eskuratu ahal izateko, lankide bat bilatu dute.

Laguntzaile horien artean daude ezti-bilatzaileak diren zenbait giza talde, adibidez Keniako Boran tribuetakoak, eta, batzuen ustez, baita azkonar ezti-jalea ere[1]. Erlauntzaren jabe egiten lagunduko dien kidearen arreta jasotzeko, jokabide zalapartatsua agertzen dute txoriek, lankideak erlauntzerantz gidatzeko. Nolabaiteko sinbiosia dago tratu horretan, ezti-bilatzailea txoriari jarraituz bestela aurkitzeko zaila litzatekeen erlauntzeraino iristen delako. Txoriak, bere aldetik, gida-lanaren ordainetan erlauntza barruko edukietara iristea lortzen du. Lankideak eztia besterik erabiltzen ez duenez, utzitako hondakinetan dauden erle, erle-larba, gainerako fauna eta batez ere argizaria baliatzen ditu gure txori gidariak.

2. irudia: Gizakiekin elkarlanean eskuratzen dute ezkoa indicatoridae familiako txoriek.

Ezti-gidariak ezkoak jaten dituztela lehenengoz aipatzen du Joao dos Santos misiolari portugesak: 1569an idatzi zuen Indicator taldeko txoriak bere Mozanbikeko misioko elizara sartzen omen zirela aldareko kandeletako argizaria jatera. Harrezkero, urteetan eta urteetan aurkitu zituzten naturazaleek ezti-gidarietako arandoietan (errotetan) argizari arrastoak, baina 1950era arte ez zen argi ezarrita gelditu animalia hauek erlauntzeko argizaria aktiboki bilatzen dutela, eta ez soilik hango erleak eta erle-beldarrak. Eztia beste osagai horiei lotuta doan neurrian baino ez omen dute irensten.

Erleek ekoitzitako argizaria irentsi eta digeritzeko ahalmena bi ezti-gidari espezietan behintzat frogatu izan da modu esperimentalean: ezti-gidari txikian (Indicator minor) eta ezti-gidari handi edo lepo beltzaren kasuan (Indicator indicator). Argizaria digeritzeko modua ez dago oraindik guztiz argi, baina ez da inoiz digestio-hodiaren egitura espezializaturik aurkitu, ez eta hipertrofiatutako listu-guruinik ere[2].

Izatez, bi aukera daude ezkoen digestioa azaltzeko: edo bakterio sinbiontikoek burutzen dute digestio hori edo berezko entzima egokiak dituzte txoriek lipido horiek hidrolizatzeko. 1956an argitaratutako ikerketa batean Friedmann eta Kern ikerlariek Micrococcus cerolyticus eta Candida albicans bakterio sinbiontikoak aurkitu zituzten ezti-gidari txikien kasuan, eta hortik ondorioztatu zuten mikroorganismo hauen lana ezkoen digestioa izan litekeela. Baina 1988an Diamond-ek eta Place-k emaitza horiek kolokan jarri zituzten, eta argizariaren digestioa txori askoren ahalmen endogenoa dela proposatu zuten.

3. irudia: Erlauntza.

Geroago, Downs eta Hegoafrikako bere lankideek ikerketa bat burutu zuten kontu hauek argitu nahian. Ateratako ondorioen artean, Indicator minoren kasurako behintzat, honako hauek aipa daitezke: aske bizi direnean, ohikoa da ezti-gidariek argizaria baliatzea. Laborategian egindako lanetan ikusi zen egunero irensten zutela substantzia hori eta, aukeran, nahiago zutela ekoitzi berria zen argizaria eta ez zenbait egunetakoa; hala ere, proteina-iturri gehigarri bat beharrezkoa zuten gorputz-masa mantentzeko. Besterik ematen ez zitzaienean, argizaria % 90 baino etekin handiagoz digeritzen zuten, eta horretarako denbora luzez mantentzen zuten digestio-hodian. Mikrobio gutxi batzuk besterik ez zituzten aurkitu digestio-aparatu osoan, baina digestio-entzimak, lipasa barne, arean eta hestean behatu zituzten. Emaitza horietan oinarrituz, beraz, ondorioztatu zuten berezko ahalmena dutela txori hauek lipido konplexu hauek hidrolizatzeko. Dirudienez, ezkoak digeritzeko ahalmen horretan zenbait txoritan ohikoa den hestetik arandoiranzko errefluxuak izan dezake eragina, arandoiak oso eraginkorra den errota emultsionatzaile modura jokatzen baitu.

Benetan dira bitxiak Indicator izen adierazgarria duten txori hauek. Urte askotan bitxikeria fisiologikotzat hartu izan den arren, animalien fisiologiak duen malgutasunaren erakusle ezin hobea dugu agertzen duten moldaera dietetikoa. Ez da hor amaitzen kontua: ugaztunekin, batez ere gizakiarekin mantentzen duten harremana ere antropologoentzat aztergai izan da. Indicatorek badute, bai, zientzialarien arreta erakartzeko motiborik.

Oharrak:
[1] Azkonar ezti-jalearen kasuan ba omen daude datu objektiboak txoriaren gida-lana kolokan jartzen dutenak, hainbat aldiz behatu izan baita azkonarra txoria bera baino lehenago heltzen dela erlauntzara.
[2] Horixe da, hain zuzen ere, nektar-jaleek agertzen duten moldaeretariko bat.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>