David vs Goliat?

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Defentsak eta erasoak


Jatorriz Asiakoa den baina 2004an Frantziara iritsi zen Vespa velutina liztorra arazo larriak sortzen ari da Europako erlauntzetan. Liztor hori Vespa crabro Europako liztorraren oso antzekoa da, baina honek ez bezala, erleak erabiltzen ditu proteina-iturri modura.

Irudia: ‘Vespa velutina’ liztorrak erleak erabiltzen ditu proteina iturri gisa.

Asiako liztorrak, beraz, Europan sartu zenez geroztik erle europarrak harrapatzen dihardu. Frantziara heldu zenetik hedatzen ari da liztor erle-hiltzailea, eta Pirinioak zeharkatzea ere lortu du. 2010ean Gipuzkoako zenbait erlategitan aurkitu izan zirenez Asiako liztor honen aleak, erlezaintzaren munduaren inguruan kezka handia zabaldu da honek izan dezakeen eragin kaltegarriari dagokionez.

Vespa generoaren barruan, beraz, erleak harrapatzen ez dituzten liztorrak ditugu batetik, bertako Vespa crabro Europako liztorra esaterako, eta erle-harrapariak direnak bestetik; azken hauen artean Vespa velutina ez da bakarra, badira elikatze-jokaera bera erakusten duten beste espezie batzuk. Horietako bat liztor japoniarra dugu: Vespa mandarinia japonica liztor japoniarra ere harraparia da, baina bere harrapakinen artean bada bat arazo larriak ekar diezazkiokeena; hain larriak non harrapakinak harraparia hil egin dezakeen. Apis cerana japonica izeneko erle japoniarra da ustezko harrapakina. Aspalditik zen jakina erle hauek garaile atera zitezkeela liztorraren kontrako lehian, baina hasieran ziztadaka hiltzen zutela uste bazuten, gero ikusi zen ezetz, beste prozedura sofistikatuago bat erabiltzen zutela liztorra garbitzeko. Ikus dezagun orain nola akabatzen duen txikiak (erleak) handia (liztorra).

Liztorrak erle bati erasotzen dionean, berehala hurbiltzen zaizkio bostehunetik gora erle, eta liztorra inguratu egiten dute. Egia esan, inguratu baino gehiago egiten dute, “erle-pilota” bat osatzen baitute, eta pilota horren erdi-erdian geratzen baita liztorra. Bada, berehala 48 °C-ra igotzen da tenperatura pilotaren erdigune horretan, eta horixe da, tenperatura horixe hain justu, liztorra hiltzen duena.

Bideoa: Apis cerana japonica erleak beroa baliatzen du Vespa mandarinia liztorrari aurre egiteko. (Iturria: National Geographic)

Liztorraren hiltze-muga 44-46 °C-koa da, eta, beraz, 48 °C tenperatura handiegia da berarentzat. Ez, ordea, erleentzat, 48-50 °C artean baitago horien hiltze-tenperatura. Ikusi dugunez, bizitzaren ertz bero hori oso zorrotza da zenbait kasutan, zorrotzegia animalia batzuentzat. Eta, ikusi dugunez, badago desberdintasun txikiei etekina ateratzen dion espezierik ere.

Tamalez, erle japoniarrek erakusten duten babes-jokaera hori ez da unibertsala erleen artean, eta hori dela eta erle europarrek (Apis mellifera) japoniarrek erabiltzen duten erle-pilota hipertermikoa osatzeko jokaera garatzen ez duten artean, Asiako liztor hiltzaileari aurre egiteko modu bakarra gizakiaren bidezkoa izan beharko da. Bi modu omen daude: erregina gazteak harrapatzea udaberrian habia berria eraiki orduko, edo/eta habiak atzeman eta suntsitzea. Ea laster “ikasten” duten gure erleek ere bizitzaren ertz beroa baliatzen!


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.