Erleek liztorren aurkako disuasioa garatu dute

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Asiako erleek liztor erraldoiei aurre egiteko seinale bat asmatu dute. Halako bat ikustean, abdomenak mugitzen dituzte, liztorrak aurrera eginez gero aurrean izan dezakeen patuaz ohartarazteko. Aldi berean, seinale horrek erlauntzeko zaindari gehiago biltzeko balio du.

Nazioarteko harremanetan oinarrizko kontzeptua da disuasioa, eta, bereziki, gizakiak suntsipen masiborako armak dituenetik, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Sinple bezain eraginkorra da: “ez saiatu niri erasotzen, kontraerasoan akabatuko zaitudalako”. Horren aldaerak ere badira. Horietako bat, adibidez, “kontraerasoan kalte asko egingo dizut” izan daiteke, botere asko ez duten estatu txikien kasuan erabilgarria. Eta ezaguna da Gerra Hotzaren garaian disuasioaren adierazpenik gordinena izan zena, arma nuklearren altzoan. “Hobe ez baduzu erasotzen; bai zu eta biok, zein zibilizazioa bera ere, deuseztatuta geratuko garelako”.

disuasioa
1. irudia: Apis cerana espezieko erleek bero-bolaren estrategia darabilte liztorren erasoen aurrean. Horrez gain, erasoaz ohartarazteko seinale bat garatu dute. (Argazkia: Rushenb – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Horren inguruan hausnartzeko gaitasuna bai, baina disuasioa bera ez da gizakion asmakizuna. Naturan oso hedatuta dagoen estrategia da, eta aldaera asko ditu. Anfibio eta intsektu askok kolore biziekin lau haizeetara aldarrikatzen dute pozoitsuak direla, eta animalia eta landare askok eztenak baliatzen dituzte harrapakarien jangurak uxatzeko. Eta, herritik bertatik atera behar izan gabe, alboko etxearen aurretik igarotzean etengabean zaunkaka ari den txakur hori, funtsean, disuasioa erabiltzen ari da.

Erleek eta liztorrek aspaldiko gerra bat daukate, eta, batez ere, Asian dago adierazpenik gordinena. Izan ere, bertako liztorrak erleez elikatzen dira. Gurean ezaguna da Vespa velutina liztor asiarra, Europara ere zabaldu delako. Baina are beldurgarriagoa da momentuz gure artean ez dagoen Vespa mandarinia liztor erraldoia, Asia aldean zabalduta dagoen Apis cerana erleen erlauntzetan benetako triskantzak eragiten dituena. Halako liztor batek erlauntz bat aurkitzen duenean, jakin badaki barruan aparteko elikagaia duela: erle larbak. Erleek gaiari buruz duten ikuspegia, noski, oso bestelakoa da, eta haien kumeak babestuko dituzte, jardun horretan heriotza aurkitu behar badute ere. Animalia bakar gisa ikusita, erleek desabantaila nabarmena dute: askoz txikiagoak eta ahulagoak dira; baraila indartsuei esker, liztorrak zuzenean burua mozten die intsektu txikiei. Baina jakina da erleek inteligentzia sozialaren abantaila eskuratu dutela, eta, erleez baino, milaka kidek osatutako superorganismoaz hitz egin daitekeela.

Beste harrapakari-harrapakin harremanetan gertatu ohi den bezala, hemen ere erleen eta liztorren arteko lehian elkarrekintza ugari ahalbidetu ditu eboluzioak. Horien artean, bada bat oso ospetsua egin dena: erle askoren artean liztorra inguratzea eta, guztien artean hegoak mugituz sortutako beroaren bitartez, liztorra akabatzea. Estrategia horretan, beroarekiko tolerantzia baliatzeko gai izan dira erleak: liztorrak baino bizpahiru bat gradu baino gehiago jasateko gaitasuna dute. Ez da, ordea, borroka erraza erleentzat: beroarekin hainbat erle ere hil daitezke, eta, batez ere hasierako uneetan, oraindik indartsu dagoenean, liztorra bere burua babesteko gai da, haren ezten eta baraila indartsuei esker. Erasotzaile bakarra izanez gero, erleak moldatu daitezke; baina erasoan gehiago badira, txikizio galanta gertatu daiteke. Estrategia horren nondik norakoetan sakontzeko, Juan Ignacio Perez Iglesias biologoaren artikulu honetara jo daiteke.

Bada, ikertzaile talde batek estrategia horren bilakaera bat aurkitu du Asiako Apis cerana erleen artean, seinale batean gauzatuta. Journal of Animal Ecology aldizkarian argitaratu dutenez, portaera hori bisualki bultzatutakoa da, eta erlauntza osoan zabaltzen da. Oso modu adierazgarrian, adituek ISY gisa ezagutzen dute seinale mota hori: ingelesezko I see you edo Ikusten zaitut esaldiaren siglak. Disuasio eta ohartarazpen seinale bat, hain justu: bai erasotzaileei ohartarazteko zein erlauntzeko kideei erasoaren berri emateko, erleek mugimendu bat asmatu dute. Liztor bat hurbiltzen sumatu orduko, abdomena mugitzen hasten dira, batetik bestera. Egileek disuasio seinaletzat dute mugimendu hori. Honen arabera, erleen mezua argia da: “ausartu zaitez hona etortzen, eta modu honetan akabatuko zaitugu”.

Ikertzaileen harridurarako, mehatxuaren araberakoa da mugimenduaren intentsitatea. Antza, liztorrek ere ikasi dute ongi baloratzen seinalearen indarra, erleak soilik aterako direlako garaile bero-bola eraginkor bat sortzeko bezainbeste erle elkartzea lortzen badute. Mugimendu bakar batzuek ez dute eragiten liztorrak atzera egin dezan, baina halakoetan ari diren erle asko egonez gero, bai. “Seinalea soilik izan daiteke eraginkorra masiboa eta sinkronizatua izanez gero, horrek honakoa transmititzen duelako: kolonia bere burua defendatzeko eta bero-bola bat sortzeko benetako gaitasuna du”, diote egileek haien ikerketa artikulua dibulgatzeko idatzi duten blog sarrera batean.

disuasioa
2. irudia: Erlauntzeko zaindariak arduratzen dira liztorrak eta bestelako arriskuak atzemateaz. Liztor bat ikusi orduko, ISY edo Ikusten zaitut seinalea egiten diete liztorrari, hura uxatu nahian. (Argazkia: Shihao Dong)

Erasotzailea tartean egon gabe, nahikoa da seinalea egiten duen erle baten bideoa ikustea beste erle batzuk ere zeregin horretan jartzeko, bideoa erakusten duen gailura berara hurbilduz. Hortaz, ondorioztatu dute defentsa estrategia hori imitazioaren bidez zabaltzen dela. Erleei liztor baten bideoa erakutsi dietenean, erleak ISY seinaleak egiten hasi dira, baina, liztorra beharrean tximeleta bat erakutsi dietenean, erleek ez dute erakutsi aparteko asaldadurarik. Hori ikusita, ikertzaileek diote erleak oso selektiboak direla, eta ez dutela intsektuen edozein irudirik hartzen benetako mehatxutzat.

“Liztorrek usaina eta zarata soinua sortzen dituzte, baina, aurkitu dugunez, liztor bat ikustea nahikoa da seinalea sortarazteko”, azaldu du prentsa ohar batean James Nieh ekologoak. Orain arte uste zen eraso bat atzematean erle zaindariek feromona baten bitartez ohartarazten zietela koloniako gainerako kideei, intsektu askotan horien bitartez bideratzen baita komunikazioaren zati handi bat. Baina, kasu honetan bederen, erle hauek lehenetsi dute abisu bisuala, eta horrek abantaila eman die, liztorra usaintzeko edo entzuteko urrunegi dauden koloniako kideek berehala ikusi dezaketelako zaindarien larrialdiko abisua, erlauntzaren defentsan “kate erreakzio azkar” bat abiatuta, egileen hitzetan.

“Bi liztor nahikoak dira egun bakar batean milaka erle akabatzeko”, nabarmendu du Niehk. “Halere, ISY seinale masibo eta sinkronizatuak sortzen dituen talde lanari esker, erleek atzera bota dezakete liztorra, erle bakar bat ere zauritua izan gabe. Hori agian gu guztiontzako irakaspena izan daiteke”.

Seguruenera, honetan guztian zirraragarriena da zientzialariek egunero ikasten dutela zerbait animalien portaeraz. Eta badirudi erleen eta liztorren arteko gerran ezusteko gehiago azalaraziko direla. Adibidez, beste ikertzaile talde batek duela gutxi PLOS ONE aldizkarian zabaldutako artikulu batean, erleei aurkitu berri dieten estrategia baten aurkikuntza azaldu dute. Erlauntzaren sarreretan animalien gorotza ipintzen hasiak dira Asiako erleak. Bai, gorotza. Oraindik ez dute argi liztorren aurrean erlauntzaren usaina estaltzeko edota zuzenean liztorrak uxatzeko ote den, baina egileek aldarrikatu dute intsektuen artean tresna baten erabileraren lehen zantzua litzatekeela. Agian hori esatea urrunegi joatea da, baina, zalantzarik ez dago portaera guztiz berezia dela. Dena dela, hori beste egun baterako istorioa izango da.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dong, S., Tan, K., Nieh, J. (2020). Visual contagion in prey defence signals can enhance honest defence. Journal of Animal Ecology, 00, 1– 8. DOI: https://doi.org/10.1111/1365-2656.13390


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.