Geologoak Ilargian

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1969ko uztailaren 21ean Ilargia zapaldu zuen lehen gizakia bihurtu zen Neil Armstrong. Baina gizadiaren mugarri historiko hori ez zen posible izango geologia gabe.

Bidaia dezagun historia honen hasierara. 1915ean, Oklahoman (Estatu Batuak), Mareta Nelle West izeneko neskato bat jaio zen. Maretak Oklahomako Unibertsitatean ikasi zuen. Geologian graduatu zen 22 urte zituela. Hainbat hamarkadatan petrolioaren industrian lan egin ondoren, 1964an, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak kontratatutako lehen emakumezko geologoa bihurtu zen. Lasterketa espazial betean geunden, eta, horren ondorioz, Mareta NASAko Geologiako Talde Esperimentalean sartu zen, Apolo misioetako astronauten entrenamenduaz arduratzen zen taldean, eta lehen emakumezko astrogeologotzat hartu zen.

astrogeologoa
1. irudia: Mareta N. West astrogeologoa lanean. 1969an, Mareta izan zen NASAren Geologiako Talde Esperimentaleko emakume bakarra eta Apolo 11 misioko Eagle modulua lurreratzeko leku zehatza berak identifikatu zuen. (Argazkia: Celestis)

Maretaren lana erabakigarria izan zen lehen gizakiak Ilargiraino eraman zituen Apolo 11 misioaren garapen onerako, bera arduratu baitzen gure satelitearen kartografia egiteaz eta historiako lehen ilargiratzea gertatuko zen puntu zehatza erabakitzeaz. Hau da, geologo batek aukeratu zuen Ilargiko lehen giza aztarna markatuta geratuko zen lekua. Eta ez zen bakarra izan; izan ere, Apolo 11ko tripulazioak egindako ilargi mapak berrikusi ondoren, Maretak NASAren beste misio tripulatu batzuetako ilargiratze puntuak hautatu zituen. 1988an hil ondoren, hainbeste aztertu zuen espazio horretara bidali zituzten bere errautsak.

Bada lasterketa geologiko honetan aipatu beharreko beste izen propio bat: Eugene Merle Shoemaker. Eugene 1928an jaio zen Kalifornian (Estatu Batuak) eta benetako bokaziozko geologotzat har daiteke, txikitan zientzia horrekiko interesa piztu zioten harri eta mineralak bilatzen eta horien bilduma egiten aritzen baitzen. Bere ibilbide profesionala Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuarekin lotuta egon zen beti; gure planetako gorputz estralurtarren inpaktu kraterrak aztertzen espezializatu zen, eta gure historia geologikoko gertaera kritiko batzuekin erlazionatu zituen. Ezagutza hori Ilargiaren inpaktu kraterren azterketara eraman zuen, eta NASArekin lankidetza estuan aritu zen. Hala, 1961ean, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren astrogeologia plana jarri zuen martxan. 1965ean amaitu zen, erakunde horri lotutako Astrogeologia Zentroa sortuta.

astrogeologoa
2. irudia: Eugene Merle Shoemaker astrogeologoa laborategian laean. (Argazkia: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)

Lan horregatik guztiagatik, Eugene Geologia Planetarioaren gurasoetako bat dela esaten da. NASAn, Maretak bezala, Apolo programako astronautak entrenatzen jardun zuen, eta Ilargira bidaiatzeko hautatuetako bat izaten ere saiatu zen. Baina osasun arazoak zirela eta, ezin izan zuen. Hala ere, 1987an hil ondoren, bere ametsa bete ahal izan zuen, ilargi zunda batek bere errautsak gure satelitera eraman baitzituen, eta gorpuzkiak Ilargian dituen lehen pertsona da, eta bakarra, gutxienez orain arte.

Ibilaldi espazial txiki hau amaitzeko, hirugarren geologo bat gogoratuko dugu. 1935ean, Mexiko Berrian (Estatu Batuak), Harrison Hagan Schmitt jaio zen. Estatu Batuetan zein Norvegian geologo gisa trebatu ondoren, Eugenek sortutako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuko Astrogeologia Zentroan lan egin zuen Harrisonek, 1965ean NASArekin bat egin baino lehen. Bertan, Ilargitik ekarritako hauts eta arroka laginak aztertzeaz gain, astronautentzako entrenamenduetan ere parte hartu zuen.

astrogeologoa
3. irudia: Harrison Hagan Schmitt astrogeologoa astronauta jantziarekin. (Argazkia: NASA – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bera ere prestatu zen gure satelitera bidaiatzeko hautatuetako bat izateko, eta lortu egin zuen, Eugeneren gomendioari esker. Horrela, 1972aren amaieran gure satelitean ilargiratu zen Apolo 17 misioko tripulazioko kide izan zen Harrison. Ilargia zapaldu duen lehen zientzialaria bihurtu zen, eta bakarra. Eta, geologo bat Ilargiaren gainazalean paseoan ibili zela egiaztatzeko, gure satelitetik alde egin aurretik, bere geologo mailua Ilargiaren modulutik urrun jaurti zuen –soldatatik deskontatuko ziotela txantxetan esanez– (jaurtiketa beheko bideoan ikus daiteke).

Zalantzarik gabe, Geologia Planetarioaren hiru aitzindari horiek beren aztarna propioa utzi zuten Ilargian, nork bere erara.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

1 iruzkina

  • […] Zientzia Kaieran, Mareta Nelle West geologoaren ekintza gogoangarrien inguruan irakur daiteke. 1964an, Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak kontratatutako lehen emakumezko geologoa bihurtu zen. Ondoren NASAko Geologiako Talde Esperimentalean sartu zen eta Apolo misioan parte hartu zuen, ilargirako lasterketa espazialaren garaia […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..