Asteon zientzia begi-bistan #237

Uxue Razkin

Klima-aldaketa

Berotze globala bizkortzen ari da. Hala berretsi dute Europako Copernicus programaren datuek: azken lau urteak beroenak izan dira neurketak egiten direnetik. Tenperatura beroenetan laugarrena izan da 2018ko batez bestekoa. Copernicusen mapak erakusten du tenperaturaren igoera orokorra. Halere badira eskualde batzuk tenperatura beroagoak jasan dituztenak, bereziki Artikoan, eta, zehazki, Bering itsasartean —AEBn eta Errusiaren artean— eta Svalbard uhartedian (Norvegia). Poloetan egoera oso larria da: adituek jakinarazi dute Antartikaren izotz hedadura inoizko txikiena izan dela aurten. Hain zuzen ere, 5,47 milioi kilometro koadroko hedadura neurtu dute, azken 40 urteetako txikiena. Xehetasun guztiak aurkituko dituzue Berria egunkarian.

Fisika

Talboten efektuari William Henry Fox Talbot zientzialariak eman zion izena. Kalotipoa izan zen bere ekarpen handiena. Hain zuzen ere, kalotipoaren sortze prozesu honetan optika-ikerketak egin behar izan zituen eta horri esker iritsi zen Talboten efektuaren aurkikuntza. Zer da baina? Erantzuna artikulu interesgarri honetan daukagu: fenomeno optiko mikroskopiko bat da, hots, eskala txikian gertatzen den argiaren fenomeno bat, eta argia sareta batean zehar iraganaraztearen ondorioz sortzen da.

Astrofisika

Aste honetan, zulo beltzak protagonistak izan dira. Alde batetik, zulo beltz txiki baten ingurua kartografiatu dute Maryland-eko Unibertsitateko astronomoek eta bestetik, zulo beltzen biraketa-abiadura kalkulatzeko modua aurkitu dute eta iradoki dute zulo beltz honen biraketa-abiadura gutxi gorabehera 150.000 km/s-koa izan daitekeela. Elhuyar aldizkariak bi ikerketa hauen berri eman digu. Ez galdu!

Ingurumena

Itsasoko kutsadura murrizteko asmoz, Europako Batasunak plastikozko lastotxo, mahai tresna eta platerak eta kotoi txotxak debekatuko ditu 2021etik aurrera. Erabilera bakarreko objektuak dira gehienak baina horiek degradatzeko 500 urte baino gehiago behar dira. Neurri horiez gain, beste batzuk hartu ditu Europako Batasunak, hala nola plastikozko produktu horien fabrikatzaileak natur guneetako garbiketak ordaintzera zigortuko ditu eta plastikozko produktu batzuetan plastikoz eginda daudela adierazi beharko da, baita horrek ingurumenean dakartzan kalteak ere, eta nola birziklatu ere zehaztu beharko da. Datu guztiak Berrian.

Genetika

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek intsektuen izurriteak kontrolatzeko teknika berria proposatu dute, CRISPR teknika erabiliz: intsektuen sexua eta emankortasuna baldintzatzen dituzten geneak eraldatu dituzte. Hala, lortu dute bakarrik intsektu arrak eta antzuak sortzea. Teknika hori giza-gaixotasunen bektore diren intsektuen izurriteak ezerezteko baliabide eraginkorra izan daitekeela uste dute. Oraingoz, Drosophila ozpin-euliekin erabili dutela kontatzen digute Elhuyar aldizkarian.

Emakumeak zientzian

Naima El Bani Altuna paleozeanografoa aipatuz gero, datorkigun lehenengo hitza “Artikoa” da ezbairik gabe. Ez zuen espero hara espedizio batera joango zenik: “Talde batek foraminiferoekin laguntza behar zuela esan zidan, eta talde hura Artikoan ari zen, Artikoko foraminiferoekin”, azaltzen du El Banik. Bere esperientzia nolakoa izan den kontatu du ikertzaileak artikulu honetan: “Baditu zailtasunak: itsasontzi bereziak behar dira, izotza hausteko eta abar, hotz egiten du… baina oso aberasgarria da”.

Iera Arrieta, Maitematika blogaren sortzailea, elkarrizketatu dute Zarauzko Hitzan. Zientzia zehatzak maite ditu eta estereotipoak hautsiz, ikasgaia modu erakargarri batean aurkeztea da bere helburua blogaren bitartez, eta baita matematika gure egunerokotasunera ekartzea ere. Arlo honi egokitu zaion “kutsu negatiboa” ezabatu nahi du: “Abstraktua eta zerbait teorikoa balitz bezala ikasi dugu eskolan. Errealitatean, matematikaz inguratuta gaude”. Horretaz gain, berak dio matematika erakusteko modu berriak daudela orain eskoletan, baina poliki-poliki ematen ari dela aldaketa.

Farmakologia

Infekzioak mundu mailako arazo bilakatu dira. Batez ere, bakterio multirresistenteen agerpena igo delako eta honek tratamendu eraginkorrak ezartzea zaildu duelako. Eta hori argi ikusi ohi da gaixo kritikoetan, hamar bat aldiz antibiotiko kopuru handiagoa administratzen zaielako. Hortaz, antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain, dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak dosifikazio-erregimenen optimizazioa ahalbidetzen du, tratamenduaren arrakasta bermatzen da horrela.

Medikuntza

Tuberkulosia da heriotza gehien eragiten dituen gaixotasunetako bat; urteko, 10-15 miloi kasu berri agertzen dira eta 1.5-1.8 miloi heriotza. Caitilin Pepperellek, Wisconsin-Madisongo (AEB) Unibertsitatean, bakterioaren 552 genoma-lagin aztertu ditu eta berak gidatzen duen taldeak bakterioaren leinu-zuhaitza osatu du, jatorri geografikoa eta bakterioak mutazio bidez aldatzeko duen abiadura kontuan hartuta. Aurretik ezaguna zen zazpi familia nagusi daudela Mycobacterium tuberculosis espeziean. Zazpi horiek sortu zituena, ziur aski Afrika Mendebaldean sortu zen duela 5.000 urte. Baina zazpi familia horietatik hiru ez dira inoiz Afrikatik atera. Badirudi erromatarrek erraztu egin zutela tuberkulosiaren hedapena.

Biologia

Arrain espezie batek elektrizitatea baliatzen du jasotzen duen informazio sentsoriala hobetzeko. Detektatze aktiboaren adierazpen bat dela uste dute zientzialariek. Zertan datza prozesu hori? Artikuluan azaltzen digutenez, animalia batek zentzumenen bitartez jasotako informazioaren arabera egokitzen ditu haren mugimenduak. Johns Hopkins Unibertsitateko adituek Eigenmannia virescens espeziean oinarritu dute ikerketa. Lortutako emaitzak robotikaren alorrera bideratu nahi dituzte.

Inoiz baino liztor asiarren habia gehiago kendu dituzte 2018. urtean eta ikertzaileak kezkatuta daude. Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak adierazi du oraindik ez dela asko ezagutzen animalia horren biologiari eta ohiturei buruzko alor asko, Berrian irakur daitekeenez. Eduardo Perez de Obanos Nafarroako Erlezainen Elkarteko albaitariaren ustetan 2018an eguraldiak liztor asiarraren bilakaeran eragina izan zuen. Denbora beharko da ikusteko zeintzuk diren ondorioak.

Teknologia

Gorka Azkune EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakasleak Gartnerren zikloa aipatu du Berriako artikulu honetan. Zer da hori baina? Berak azaltzen digun moduan, teknologia batek bere garapenean zehar igarotzen dituen faseak erakusten dizkigu ziklo horrek eta bost fase aurreikusten dira: teknologiaren agerpena, gehiegizko arretaren tontorra, desilusioaren bailara, argitasunaren malda, eta azkenik, produktibitatearen lautada. 2018ko abuztuan plazaratu zenaren arabera, gehiegizko arretaren tontorrean neurona-sare sakonak daude eta tontorrera bidean dauden teknologiak konputazio kuantikoa, adimen artifizial orokorra eta robot adimentsuak dira. Badirudi urte berri honetan adimen artifizialak emango duela zeresana!

AEBtako Las Vegas hirian egiten ari diren CES Kontsumorako Elektronikaren Azokan izan diren berritasunak ezagutzeko aukera duzue Berriako artikulu honen bitartez. Besteak beste, ahots bidezko laguntzaileez eta sareez gain, telebistak, prozesatzaileak eta ibilgailu eta aurikular autonomoak izan dira aurtengo berrikuntza nagusiak. Teknologia gailuak maite dituztenentzat hau da artikulurik aproposena. Ez galdu!

Geologia

Plaken tektonikaren teoria XX. mendeko 60ko hamarkadan proposatu zen, XX. mendeko aurkikuntza zientifikorik nabarmenenetakoa izan zen. Teoria horri buruzko aurkikuntzak paleomagnetismotik eta ozeanografiatik etorri ziren. Jason Morganek eta Dan Mckenziek, nork bere aldetik, plaken tektonikaren teoria proposatu zuten, 1967 eta 1968 urteetan, hurrenez hurren. Biek proposatzen zutena zera zen: plaka zurrun batzuek Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egitura-ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak. Zientzialarien komunitateak oso azkar onartu zuen teoria hori.

Psikolinguistika

Clara Marin psikolinguista elkarrizketatu dute Berrian. Europako Ikerketa Zentroak 1,9 milioiko diru laguntza eman dio hizkuntza bakoitzak eta elebitasunak haurrei irakurtzen ikastean nola eragiten dien aztertzeko. Basque Center on Cognition Brain and Language gunean egiten du lan Marinek eta pozik dago jaso zuen diru-laguntzagatik. “Dislexia eta halako nahasmenduak atzeman eta osatzeko balio praktikoa izango du gure ikerketak, eta hizkuntzak ikasteko orduan, esaterako, erabakitzeko zein den metodorik eraginkorrena ikasteko, entzunez edo idatziz, soinuen errepresentazioak egonkortzeko”, azaltzen du.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>