Asteon zientzia begi-bistan #304

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Gutxinaka ematen ari dira aurrerapausoak COVID-19aren txertoa lortzeko. Moderna konpainia estatubatuarrak egindako ikerketaz gain, Txinako ikertzaileek ere abiatu dute ikerketa bat. Horrez gain, Oxford Unibertsitateak ere (Erresuma Batua) iragarri du prest duela bere hautagaia II. eta III. fasean probatzeko. Elhuyar aldizkarian xehetasunak.

COVID-19 izan da ikerketa askoren erdigune izurria hasi zenetik. Ionan Marigomezek, UPV/EHUko irakasleak eta PIEko zuzendariak, dio Berriak egin dion elkarrizketa honetan, pandemiari buruzkoak kenduta, zientzia ikerketak eten egin direla. Marigomezek itsas ingurumena ikertzen du duela 40 urtetik eta ingurumen zientziei egindako ekarpenengatik sari bat eman dio berriki SETAC Europe elkarteak. Egindako ikerketez, bere ibilbideaz eta COVID-19aren ondorioz, ikertzaileek bizi izan duten egoeraz mintzatu da honetan.

Botanika

Badakizue zein den “Orfeoren lorea” eta zergatik deitzen zaion horrela? Mitologikoa klasikoaren arabera, Orfeoren odol tantetatik sortu zen landarea da. Espezie guztiak kontinentearen hegoaldean daude (Greziako, Ipar Mazedoniako eta Bulgariako mendietan). Beste behin mitologiari keinu eginez, itxuraz, hil ondoren berriz bizitzeko gaitasun harrigarria du. Ez galdu artikulua!

Genetika

Orain arte jakin dugu SARS-CoV-2ak ACE2 hartzailea erabiltzen duela zeluletan sartzeko. Horretaz gain, badirudi ezberdintasunak daudela emakumeek eta gizonek COVID-19ari duten sentikortasunean. Horren harira, proposatu dute ACE2 hartzailea X kromosoman dagoenez, eta emakumeek bi X kromosoma dutenez eta gizonek bakarra, genearen adierazpena handiagoa dela. Baina Koldo Garciak azaltzen digu zergatik hori ez duen ez hanka ez bururik. Argi mintzo da: ez dago sexu araberako adierazpen ezberdintasunik ACE2 genean.

Testu honetan, azaldu digu nola giza-populazioak egokitu diren lekuetara eta horrek gene-materialean izan duen isla. Nola gertatzen da adaptazio lokal hori? Eta zer ezaugarritan dute eragina? Ez galdu eman dituen azalpenak.

Autismoaren espektroko nahasmenduen gene-oinarrian egindako ikerketekin oso kritiko agertu da ikertzaile talde bat. Argi dute lan horietan lortutako emaitzak ez direla esanguratsuak, hau da, ez dagoela ebidentzia nahikorik “autismoaren geneak” daudela esateko. Horren inguruan aritu da Garcia honetan.

AEBetan aztertu dute norbanakoen jarrera beren gene-informazioa uzteko orduan Edonolan irakur daitekeenez. Bideo bat jarri zuten gene-datuen erabilerari buruz. Horren ondotik, inkesta egin zitzaien. Emaitzak hauxek izan ziren: %12k esan zuen bere gene-datuak modu altruistan emateko prest zegoela; %50 diru kantitate baten truke saltzeko prest zeuden; eta %38 ez luke bere gene-daturik emango. Orokorrean zein da jendeak duen jarrera gene-datuen erabileraren inguruan? Eta zurea?

GnomAD proiektua giza aldaera genetikoen katalogo publikorik handiena da: 140.000 pertsonaren datuak jasotzen ditu. Gure genoman azaltzen den edozein mutaziok fisiologikoki zer ondorio eragin dezakeen aurreikustea da helburu nagusia. Ikertzaileen ustez, oinarri genetikoa duten gaixotasunen ebaluazioa hobetzeko aukera emango du. Elhuyar aldizkarian aurkituko duzue informazio osagarria.

Ingurumena

Harri-pilak egiteko ohiturak kalte egiten die leku horretan bizi diren hainbat animalia eta landare-espeziei, ikerketa baten arabera. Elhuyar aldizkariak azaldu digun moduan, harri-pilak aldatu egiten du babesleku gisa harriak erabiltzen dituzten animalia- eta landare-espezieen habitata.

Geologia

Egun, ezagutzen da Lurrak dituen ezaugarri fisiko eta kimikoekin plaka-tektonikaren ereduak nola jokatzen duen. Baina iraganean, Lurraren tenperatura handiagoa zenean berdin jokatzen zuen? Testuan azaltzen digutenez, plaka-tektonikaren aurreko ereduei buruz hitz egiten denean, mugimendurik ez duen litosfera bat edo noizbehinka mugitzen dena aipatzen dira. Horren gainean dagoen eztabaida irakurgai duzue artikulu honetan.

Biologia

Testu honetan gure organismoak beroari nola erantzuten dion azaldu digute. Uda gertu dugunez, aholku bat eman digute: beroa irabaztea ekiditen eta beroa galtzen egin behar da ahalegina. Organismoak baditu bere mekanismoak beroa galtzeko: lehenengoa, ukitzen den material bati zuzenean transferitzea; bigarrena, erradiazio infragorrien emisioaizango litzateke, eta azkenik, lurruntzea izango genuke, beroa galtzeko modurik eraginkorrena.

Emakumeak zientzian

Gernu-zerrenda erreaktiboen asmatzailea dugu Helen Murray Free kimikaria. Haren senar Alfred Freerekin batera, murgiltze eta irakurketako lehen zerrenda erreaktiboak garatu zituen, joan den mendeko 50eko hamarkadan lehen aldiz merkaturatu zirenak. Bere asmakizunen artean, aipatzekoa da Clinitest-a, paziente diabetikoen gernuko glukosa-mailak neurtzen zuen tableta, hobetu zutela. Urte batzuk igarota, Acetest izenekoa garatu zuten eta hori oinarri hartuta, Clinistix asmatu zuten. Bere ingurukoak artikulu honetan.

Astrofisika

NASAko Goddard Institutuko bi ikertzailek aurkeztutako lan berrian Artizarraren iragan klimatikoa simulatu dute eta ikusi dute 3.000 milioi urtez sakontasun gutxiko urez osatutako ozeano zabal bat egoteko baldintzak mantendu zirela eta bizia garatzeko moduko baldintzak egon zitezkeela bertan. Egun, gogora dezagun, planeta hori infernu bat dela.

Fisiologia

Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa batek musikak eragiten dituen emozioak identifikatu eta mapa bat osatu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Txinako eta AEBko 2.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute eta entzun duten musika estiloak hauexek izan dira: rocka, jazza, klasikoa, heavya, folcka, baita Txinako musika tradizionala ere.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude