Helen Murray Free (1923) eta proba diagnostikoen iraultza

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Gaur egun, mundu guztiak ezagutzen ditu gernu-zerrenda erreaktiboak; gernu-azterketa baten bitartez, paziente batean ager daitezkeen aldaketa patologikoak detektatzen dituen sistema diagnostikoa da. Baina orain oso ohikoa dirudiena, iraganean ideia iraultzailea izan zen. Asmakizunak ideia dardartietatik abiatzen dira; hasieran zalantza sortzen dute, baina gero gorpuztu, finkatu eta ziurgabetasunarekin amaitzen dute.

Mario Benedetti idazleak poema batean zioen: “Segurtasunez atzera egiten dugu, baina aurrera egiterako garaian haztamuka ibiltzen gara, itsuaren antzera eskuak aurreratzen ditugu”. Agian Helen Murray Free halaxe hasi zen, zalantzati, baina ondoren, tinko egin zuen aurrera haren ekinean.

Izan ere, hura izan zen zerrenda erreaktibo horien asmatzailea, eta gernuaren analisi-eremuan eta paziente diabetikoekin erabiltzen hasia zen autokonprobaketa-sistema ugaritan benetako iraultza ekarri zuen. Haren senar Alfred Freerekin batera, murgiltze eta irakurketako lehen zerrenda erreaktiboak garatu zituen, joan den mendeko 50eko hamarkadan lehen aldiz merkaturatu zirenak, hain zuzen ere.

1. irudia: Helen Murray Free eta Alfred Free lanean Miles Laborategian 1948. urtean. (Argazkia: ACS)

Helen 1923an jaio zen, Pittsburghen (Pennsylvania). Ingelesa eta latina irakasteko asmoa zuen baina 1941ean, Pearl Harborren aurkako erasoaren ondorioz, ez zuen beste aukerarik izan eta kimikaren bidetik jo zuen. Gertaera historiko hori izan zen asmoz aldatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, armadak gazte asko erreklutatu zituen; hori dela eta, emakumeak karrera zientifikoak hautatzera bultzatu zituzten. Hala, 1944an lizentziatu zen Wooster ikastetxean, eta, ondoren, Miles Laborategietan hasi zen lanean, bitamina osagaien kalitatea ebaluatzeko xedez. Geroago, Alfred Free biokimikariarekin batera jardun zuen, eta bi urteren buruan, harekin ezkondu zen. Hori horrela, zientziaren arloan ia perfektua izan zen sinbiosi bati hasiera eman zioten.

Asmakizun batetik bestera

Helen Diagnostikoen Departamentuan aritu zen. Bertan, zehazki, glukosa, bilirrubina eta gernu eta odoleko beste analitoen gainean iristen ziren laborategi klinikoen probaz arduratzen zen. Bere jarduna, senarrarekin batera, egun ezagutu eta erabiltzen ditugun autodiagnostiko sistemak garatzea izan zen. Lankidetza hari esker, lan aitzindari ugari erdietsi zituzten. Lehenik eta behin, Clinitest-a, paziente diabetikoen gernuko glukosa-mailak neurtzen zuen tableta, hobetu zuten. Urte batzuk igarota, Acetest izenekoa garatu zuten, eta horren ondotik, Clinistix asmatu zuten, aurrekoa hobetu zuen sistema, alegia; 1956an merkaturatu ziren lehen zerrenda erreaktibo kolorimetrikoak. Era berean, beste gaixotasun batzuetarako funtsezko adierazle-mailak probatzeko zerrendak sortu zuen bikoteak. 1975. urterako, guztira, zazpi patente zituen Helenek. Urte horretan bertan, Urinanalysis in Laboratory Practice (Gernuaren analisia laborategian) liburua argitaratu zuten.

Miles Laborategian, beraz, kargu ezberdinak izan zituen; besteak beste, Hazkunde eta Garapen Departamentuan lan egin zuen 1969an, eta urte batzuk igarota, 1976an, Proba Berezien Sistemen zuzendari bihurtu zen. Kimikako lizentziaturaz gain, Medikuntza Arretarako masterra ikasi zuen Central Michigan Unibertsitatean, 1978an. Halaber, Ikerketa Produktuen Dibisiorako Marketin Zerbitzuen zuzendari izatera iritsi zen Bayer Diagnostics laborategi hori zuzentzen hasi zen momentuan.

Helenek 1982an hartu zuen erretiroa, baina ez zuen bere lana guztiz zokoratu. Egun konpainia hartako aholkularia da, baita hezitzaile eta dibulgatzaile zientifikoa ere. Kids and Chemistry eta Expanding your Horizons programen bidez laguntza eman ohi die emakume eta ikasle behartsuei.

Kimikari ospetsua

Zientzialari gisa sari mordoa jaso du bere ibilbidean zehar. American Chemical Societyk, adibidez, dibulgazio sari bat sortu zuen haren omenez: Helen M. Free Award in Public Outreach izenekoa. Aipatzekoa da ere, 1993an, elkarte hartako lehendakari izendatu zutela. Era berean, Ameriketako Kimika Klinikoko Elkartea zuzendu zuen 1990ean, eta 2006an, jaso zuen saria. Horien artean, eta agian mediatikoena, AEBtako presidente ohiak, Barack Obamak, duela hamar urte eman zion Teknologia eta Berrikuntzako Domina Nazionala izan zen. Horretaz gain, Garvan-Olin domina (1980) eta Kilby Saria (1996) jaso zituen. Azkenik, National Inventors Hall of Fame zein National Women’s Hall of Fame-n lekua egin zioten.

Mark Twainek behin esan zuen: “Giza burmuinak berez ezin du ezer sortu; hasieratik dagoen materiala erabil dezakegu soilik”. Are pesimistagoa izan zen Estatu Batuetako Patente eta Marken Bulegoko arduradun bat. Elezahar baten arabera, 1899an dimisioa eman zuen gizonak eta bulegoa ixtea gomendatu zuen “asma zitekeen guztia jada asmaturik zegoelako”. Mito honetatik harago, zaila da imajinatzea nola hasi ohi den pertsona bat, edozein egunetan, gauzak asmatzen; eta, hala balitz, pentsatuko al luke asmatzeko ez dela ezer gelditzen? Nola hasi zen Helen bere jardunean? Ideia orok izan ohi du jatorri misteriotsua baita asmatzen duen pertsonarentzat ere.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.