Sara Borrell (1917-1999): Diasporatik ekarritako hormona-jakintza

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Badira gorputzetik mugitzen diren molekula batzuk nekaezinak eta determinatzaileak direnak. Odolean zehar bidaiatzen dute; organoak helmuga dira berauen efektu jakinak sorrarazteko. Mezulari kimikoak dira hormonak eta oinarrizko funtzio fisiologikoak, eta maiz emozionalak, kontrolatzen dituzte, baita identitate sexualaren garapena ahalbidetu, tenperatura kontrolatu, ehunak konpondu eta energia sortu ere.

Era askotako funtzioak dituzte eta zenbait taldetan banatzen dira. Sara Borrell biokimikari eta botikariak, zehazki, hormona esteroideak izan zituen aztergai, horien analisia eta metabolismoa xehe-xehe ikertu zituen diasporan, gerora Espainian aitzindari eta aditu izatera helduz. Arlo honen inguruan atzerrian bideratu ziren ikerketa ugaritan parte hartu zuen, beste zientzialari ezagunekin elkarlanean. Bada, etxera bueltatzeko garaia iritsi zenean, ikasitakoa barneratuta zeukala, hormonen antzera jokatu zuen: (ezagueraren) mezulari bihurtu zen madrildarra.

Irudia: Sara Borrell Ruizek Farmazia ikasketak bukatu zituen 1940. urtean Madrilgo Unibertsitatean eta 1944. urtean doktoregoa lortu zuen.

Aipatu bezala, hormona esteroideak ikertu zituen. Lipidoetan disolbagarriak eta kolesterolaren eratorriak dira. Talde desberdinetan banatzen dira: glukokortikoideak, mineralokortikoideak, androgenoak, estrogenoak eta progesteronak, besteak beste. Hormona horiek gorputzeko guruin suprarrenaletan, gonadetan eta organoetan sortzen dira. Adibidez, testikuluetan, obulutegian, plazentan eta Nerbio Sistema Zentralean (NSZ). Baina horien izaera, jatorria eta funtzionamendua ikertu aurretik, joan gaitezen hasierara; Borrellek nekazaritza-ingeniaria izan nahi zuen eta hormonek oraindik txunditu ez zuten istant hartara, hain zuzen ere.

Madrilen jaio zen 1917an. Sarak argi zeukan ikasi egin nahi zuela eta hasieratik familiak laguntza eman zion horretan –bere amona, Clementina Albéniz, irakasle izan zen Emakumeentzako Hezkuntza Elkartean. Hortaz, familian emakumeek askatasuna bazeukaten euren etorkizuna erabakitzeko–. Ikasketa-bidea hautatzerako garaian, nekazaritza-ingeniaritza arloan murgiltzeko asmoa zuen baina ez zuten Akademian onartu. Gauzak horrela, Farmazia ikasketak abiatu zituen Madrilgo Fakultatean 1933an. 1940an lizentziatu zen eta lau urteren buruan, doktoretza lortu zuen, lizentziaturan bikaintasun-saria lortu zuen baita doktorego-tesian ere. Ikasketak amaituta, oso azkar etorri zen bere lehendabiziko lana: CSICen plaza lortu zuen 1949an; bertan hasi zen kolaboratzen ikertzaile gisa. Halaber, esnearen proteinen inguruko arloan espezializatu zen Eskoziako Hanna Dairy Research Institutuan Norman Charles Wrightekin.

1950ean, Gregorio Marañon medikuak biokimikarekin eta hormona esteroideen metabolismoarekin lotura zeukaten ikasketak gauzatzeko aukera eskaini zion Borrelli eta bi aldiz pentsatu gabe, baiezko borobila eman zion. Beka batzuei esker, Espainiatik alde egin zuen. Ikerketa ugaritan parte hartu zuen 1946-1961 bitartean; asko ikasi zuen eta bere ezagutza-zorroa potoloago bihurtzen hasi zen gutxika. Adibidez, Leslie J. Harrisekin egin zuen lan Cambridgeko Dunn Nutritional laborategian eta Edwards C. Doddsekin elkarlanean aritzeko aukera ere izan zuen. Halaber, 1953.urtean Gregory Pincusekin lan egin zuen; pilula antikontzeptiboaren asmatzailearekin, hain zuzen.

Bere lanak ezagunak egiten hasi ziren atzerrian. Hala, Nature aldizkari zientifikoan publikatu zuen bere lanetako bat 1952an. Bere ikerketak aitzindariak izan ziren hormona esteroideen metabolismoan eta analisian. Laster argitara emango zituen bere artikuluak, hala nola Journal of Clinical Endocrinology and Metabolism, Biochemical Journal, Journal of Endocrinology eta Hormone Research aldizkarietan.

Gregorio Marañón zendu zenean, bere izena daraman Institutuak Esteroideen Saila sortu zuen eta Sara Borrell bertako zuzendari izendatu zuten 1963an. Urte berean, Espainiako Biokimika Elkarteko kide fundatzaile izan zen.

Berrogeita hiru urtez lan egin zuen hormona esteroideen arloan. Atzerriko egonaldiez asko ikasi zuen eta jakintza hori guztia Espainiara ekarri zuen. Hormona esteroideen funtzionamendua, izaera eta prozesuak ikertu zituen eta berrogeita hiru urte horietan, lanean buru-belarri eta etenik gabe aritu zen horietan, ez zuen errekonozimendu ofizialik lortu. Bere biografia ezagutzeko abiapuntua Carlos III Osasun Institutuko doktorego ondoko kontratuak lortzeko laguntza-programa bat da, haren izena daramana. Laguntza hauek, agian, baliagarriak dira Borrellek zientziari egindako ekarria ezagutzeko. Hobe berandu inoiz ez baino.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.