Bodil Schmidt-Nielsen (I): Ur- eta gatz-orekaren bila

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Schmidt-Nielsen abizena irakurtzen dugunean, Knut izena etortzen zaigu burura gehienetan. Joan den mendeko fisiologo handienetako bat izan zen bera, animalien ingurumen-fisiologian aditu handiena ere, segur aski. Gutako askok berak idatzitako testuliburuarekin ikasi genuen fisiologiaz dakigunaren zati handi bat. Bazen, hala ere, Schmidt-Nielsen abizena zeukan beste fisiologo bat, emakumea, Knuten emaztea izandakoa hain zuzen ere. Bera ere fisiologo ospetsua izan zen, eta bere senarra bezain fisiologo handia, zalantzarik gabe, baina ez hain ezaguna haien lan esparruetatik kanpo.
Artikulu honetan eta datozen asteotan plazaratuko ditugun beste bi lanetan ezagutzera eman nahi ditugu hain ezaguna ez den Schmidt-Nielsenen ibilbide eta lorpen zientifikoak, bereak ere handiak izan zirelako eta ezagunak izatea merezi dutelako.

Irudia: Bodil Schmidt-Nielsen haren seme-alabekin. (Argazkia: AEBtako Smithsonian Institution Wikimedia Commons bidez)

Kopenhagen sortu zen Bodil Scmidt-Nielsen, 1918ko azaroaren 3an. August Krogh Nobel sariduna eta Marie Krogh ziren bere gurasoak, fisiologo oso ezagunak biak. Bikote horren lanari esker frogatuta geratu zen oxigenoa atmosferatik biriketako odol-kapilarretara pasiboki (energiarik erabili gabe) iragaten zela. Marie Kroghek “Zazpi deabru txikiak” izena eman zion lan bikain horren emaitzak plazaratzeko argitaratu zuten artikulu sortari, eta izen horrekin ezagunak dira geroztik fisiologiaren esparruan.

Zientzia-giroa zegoen etxean, gurasoen arteko fisiologiari eta lan esperimentalari buruzko elkarrizketak ohikoak baitziren. Holako giro batean haurrek gurasoen lana gorrotatzea gerta daiteke, edo alderantziz. Dirudienez, azken hau izan zen Bodilen kasua, zientziarekiko grina eta ez gorrotoa izan zelako garatu zuena.

Bere lehen ikaste-urteak -6tik 11ra- etxean eman zituen irakasle partikular batekin. 11 urte zituela sartu zen Kopenhageko Rysensteen Gymnasiumen eta 1937an bukatu zituen guk batxilerra deitzen ditugun ikasketak. Zientzia eta matematiketan espezializatu zen. Kopenhageko Unibertsitateko Odontologia Fakultatean sartu zen ondoren. Ikasketetan zehar handitu egin zen fisiologiarako zeukan jakin-mina eta oraindik ikaslea zela, giza hortzetan gertatzen den kaltzio eta fosforoaren trukeei buruzko lehen ikerketa-lanak egin zituen. Ikasketak bukatu baino lehen ezkondu zen 1939an Knut Schmidt-Nielsenekin [1]. Fisiologo norvegiarra zen Knut gaztea; Kroghtarren laborategian zebilen ikerketa munduan bere lehen urratsak ematen. Ikasketak amaitu eta berehala izan zuten lehen haurra. Hori dela eta, Medikuntzako ikasketak egin beharrean, ikerketa-jardueraren bidea hartu zuen Odontologiako Fakultatean. II Munduko Gerraren urteak ziren. Kaltzio eta fosforoaren metabolismoari buruzkoak izan ziren bere lehen lan haiek. 1946an odontologiako titulua lortu zuen eta bera izan zen, izan ere, Kopenhageko Unibertsitatean titulu hori eskuratu zuen lehena. Doktorego titulua 1955an lortu zuen unibertsitate berean.

Baina doktorego gradua lortu baino lehen, Bodil Scmidt-Nielsenek ibilbide luzea egin zuen Danimarkatik urrun, ur eta elektrolitoen balantzea ikertzen. 1946an Ameriketako Estatu Batuetako Swarthmore College delakoan lan egiteko konbitea hartu zuten Knut bere senarrak eta berak. Han egon ziren bi urte (1946-1948). Stanforden izan ziren gero (1948-1949), handik Cincinnatira egin zuten (1949-1952) eta, azkenean, Duke Unibertsitatera joan ziren. Leku horietan guztietan Research Associate postua eduki zuen, eta 1957tik 1964ra Associate Research Professor gisa jardun zuen Duken. Urte horietan zehar (1946-1964) egin zituen Bodilek bere ekarpen garrantzitsuenak ioi eta fluidoen balantzearen eta giltzurrun fisiologiaren esparruetan.

Bodil Schmidt-Nielsenen aita zen August Kroghen ustez, espezie desberdinak erabili behar ziren animalien fisiologia ikasteko, eta gaiaren edo argitu behar zen printzipioaren arabera aukeratu behar zen espezie bat ala bestea, beti ere egokitasunaren arabera. Badirudi Bodil ere, aitaren iritzi berekoa zela. Ez hori bakarrik, animalia espezieen arteko erkaketak ere egin zituen askotan. Izan ere, fisiologia konparatua deitzen dugunaren aitzindariak izan ziren Knut eta Bodil Schmidt-Nielsen. Bere bizitzan zehar anfibio, narrasti, hegazti zein ugaztunekin egin zuen lan Bodilek; izan ere, era guztietako ornodunak erabili zituen bere ikerketarako.

Oharrak:

[1] 1966an dibortziatu ziren eta Bodil 1968an R. G. Chagnonekin ezkondu zen, baina betiko mantendu zuen bere lehen senarraren abizena.

Iturriak:

Bodil Schmitd-Nielsen fisiologari buruzko artikulu-sorta:

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>