Gerty Theresa Cori (1896-1957): Glukogenoaren prozesua argitzen

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Gizakion metabolismoari buruz ikertu zuen Gerty Cori biokimikariak bere senar Carlekin batera. Zehazki, euren lana ezaguna egin zen gai izan zirelako gure gorputzean ematen den ziklo interesgarri bat azaltzeko: Coriren zikloa. Bada, zertan datza? Oro har, gibelaren eta giharren arteko erreserba-substantzien zirkulazioari deitzen zaio.

Demagun spinning klase batean gaudela eta gorputzak energia behar duela, baina une horretan muskuluak ez duela oxigeno nahikorik. Orduan, Coriren zikloa aktibatzen da: muskulu-ehunean dagoen glukosa laktato bihurtzen da hartzidura laktiko prozesu baten bitartez, hau da, laktatoa birziklatu egiten da muskuluak behar duen glukosa lortzeko. Baina laktatoa soilik gibelean bihur daiteke glukosa. Hortaz, odolaren bitartez iristen da gibelera eta bertan bihurtzen da glukosa. Azkenik, giharrera itzuliko da berriz zikloa osatuz. Prozesu hori aurkitzeagatik jaso zuen Gerty Corik Medikuntzako Nobel saria 1947an –bere senarra eta Bernardo Houssay-ekin batera–; sari hori irabazi zuen hirugarren emakumea izan zen, eta lehenengoa Fisiologia eta Medikuntza alorrean.

1. irudia: Gerty Theresa Cori biokimikaria (Argazkia: Wikimedia / National Library of Medicine – Jabego publikoko irudia)

Diskriminazioa eta soldata baxua

Gerty Cori Pragan jaio zen (Txekiar Errepublika, 1896). Medikuntza ikasi zuen hiriko Medical School of German Unibertsitate prestigiotsuan eta 1920an graduatu zen. Bertan, Carl Ferdinand Cori ezagutu zuen, gerora bere senarra izango zena. Ezkondu eta berehala, biak Vienara joan ziren bizitzera. Bertan, Children’s Carolinen Hospital izenekoan hasi zen lanean pediatra gisa; bere senarra, berriz, laborategi batean. Gertyk gustuko zuen bere lana baina era berean ikerketarako grina pizten hasi zitzaion. Horretaz gain, artikulu zientifikoak publikatzen hasi zen; lehenengoak odolari buruzkoak izan ziren, adibidez.

Edonola ere, Lehen Mundu Gerraren eraginez, Ameriketako Estatu Batuetara emigratu behar izan zuten. New Yorkera iritsi zirenean, Gaixotasun Gaiztoak ikertzeko Estatuko Institutuan hasi ziren lanean, eta, besteak beste, karbohidratoen metabolismoen inguruko ikerketak abiatu zituzten. Biokimikari gisa lan egin zuten biek ala biek baina Gertyren soldata askoz ere baxuagoa izan ohi zen. Hori gutxi balitz, hainbat unibertsitatek bakarrik bere senarra kontratatzeko asmoa zuten, biek prestakuntza bera izan arren. Hori dela eta, Carlek beti azaltzen zuen bere emaztearekin lan egin nahi zuela baina, tamalez, ez zioten kasu handirik egiten.

2. irudia: Gerty Cori eta Carl Cori biokimikariak laborategian. (Argazkia: Wikimedia / Silvia Semeraro – Creative Commons Attribution-Share Alike 4.0 International lizentziapean)

Modu berean, elkarrekin egindako ikerketen azalpenak argitaratzen zituztenean –The Journal of Biological Chemistry bezalakoetan, esaterako– oso gutxitan agertzen zen Gertyren sinadura bakarrik. Edozein kasutan ere, pairatu zuen diskriminaziorik handiena 1931n jazo zen. Bere senarra Washingtoneko Medikuntzako Eskolan ikertzaile gisa hasi zen lanean eta bere emaztea lankide izan nahi zuenez, lanpostu bat eskatu zuen harentzat. Hori lortu ahal izateko, haren esperientzia eta ezagutza zein zen azaldu zien. Alabaina, Gerty onartu zuten baina ikertzaile laguntzaile gisa, eta gutxiago kobratuz, jakina. Ia hamar urte geroago lortu zuen irakasle laguntzailea izatea, eta geroago, irakasle titular gisa aritzea.

Biokimika hauspotuz

Estatu Batuetan zeudela, azukrearen funtzionamendua animalietan, eta intsulina eta epinefrinaren efektuak ikertu zituzten. Ondoren, karbohidratoen metabolismoari buruzko lanak ere egin zituzten. Halaber, glukosa-1-fosfato molekula islatzea lortu zuten, “Cori éster” izenaz ezagutzen dena, alegia. Izan ere, igelaren giharra ikertuz, aurkitu zuten glukogenoaren degradazioa ahalbidetzen zuen konposatu hori. Horrekin batera, haren egitura argitu zuten, baita glukogenoa katalizatzeko gai den entzima ere: glukogeno fosforilasa. Geroxeago, eta lehen aipatu moduan, Coriren zikloa argitzea lortu zuten.

3. irudia: Gerty Cori eta Carl Cori 1947. urtean Medikuntzako Nobel saria jasotzen joan zirenean. (Argazkia: Wikimedia / Silvia Semeraro – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Lan hori egiteagatik esleitu zitzaion Nobela. Zoritxarrez, saria jaso eta berehala, mieloesklerosia diagnostikatu zioten, hezur-muinaren gaixotasun hilgarri bat. Alabaina, Gertyk biokimika alorrean ikertzen jarraitu zuen 1957an zendu zen arte. Bere azken urteetan, glukogenosia izan zuen ikergai, glukogenoa metatzearen kariaz sortzen diren gaixotasunak, alegia.

Ez zen bizitza osoan gelditu, eta bere lanek eta ikerketek fruituak eman zituzten. Sariei dagokienez, esan beharra dago mordoa lortu zituela: Garvan-Olin Domina (1948), St. Louis Saria (1948) eta Borden Saria (1951) dira aipatzekoak, besteak beste. Gainera, Estatu Batuetatik barna banatu zen zigilu batek omendu zuen bere lana 2008an; irudian glucosa-1-fosfatoaren formula kimikoa agertzen zen baina irudiek akats bat zeukaten, formula gaizki inprimatu zuten. Halaber, National Science Fundazioko eta Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izan zen. 2004. urtean, Ameriketako Kimikako Elkarteak National historial Chemical Landmark gisa izendatu zituen Coritarrak.

Gerty Coriren lanak mugak hautsi zituen; emakume horren izenak ilargirainoko oihartzuna izan zuen. Eta ez, ez da esajerazioa, izan ere, Ilargiko krater bati Cori izena jarri zioten haren eta senarraren aurkikuntzen omenez.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Glukogenoa, animalien karbohidratoen erreserba, 24 orduan agortzen da gibelean –horrek hornitzen du entzefaloa glukosaz–, eta, seguru asko, astebetean, muskuluan. Metabolismo globala murrizteaz gain, proteinetan ere aurrezten da, gutxiago katabolizatzen baitira, karbohidratoen eta gantzen aldean. Ondorioz, gantz deposituak energia hornidura […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.