Asteon zientzia begi-bistan #233

Uxue Razkin

Biologia

Igel ar hiritarrak basatiak baino erakargarriagoak dira emeentzat, korroka konplexuagoak dituztelako. Ikertzaileek Panamako Kanalaren inguruko igel basatien eta hiritarren korrokak grabatu zituzten. Ikusi zuten hiritarrenak konplexuagoak zirela eta maizago egiten zutela. Grabatutako korrokak emeei jarri zizkieten, eta ikusi zuten haiei erakargarriago zaizkiela hiritarren korrokak.

Fotosintesiaren agerpena mila milioi urte atzeratzea proposatu du zientzialari talde batek: duela 3.500 milioi urtera, alegia. Fotosintesiaren prozesuan parte hartzen duten proteinen analisian oinarritu dute hipotesia, fosiletara jo beharrean. Zehazki, oxigenoan oinarritutako fotosintesiari lotuta dauden bi proteinen eboluzioa aztertu dute ikertzaileek: D1 eta D2 izeneko proteinetara, hain zuzen. Hipotesi hori zuzena bada, ondorioak agerikoak dira: ikuspuntu ebolutibo batetik ikusita, fotosintesia nahiko azkar sortzen den prozesua litzateke.

Farmakologia

Ziur denok entzun dugula noizbait Fluoxetina sendagaia, Prozac izenez merkaturatu zen lehen aldiz. Jakina denez botika askotan erabili da depresioa tratatzeko eta haurdunetan ere. Ildo honi jarraiki, Otawako Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute haren eragina hobeto ezagutu behar dela. Izan ere, zebra-arrainetan egindako esperimentuetan frogatu baitute botikaren ondorioak hurrengo belaunaldiei ere nabaritzen zaizkiela.

Emakumeak zientzian

Arantza Diaz de Ilarraza informatikaria da, 1981etik ari da EHUn lanean, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean dihardu, baita Ixa taldean ere, euskara informatikan txertatzen: Xuxen zuzentzaile ortografikoa sortu dute, besteak beste. Berez, matematika ikasi nahi zuen, baina ezin izan zuen, horregatik hautatu zuen informatika. Berriki Modela aurkeztu dute eta oro har, euskarak dituen itzulpen tresnez mintzatu da: “Modela nahiko ona da, eta abiapuntua baino ez da: ideia asko daude hori hobetzeko linguistikoki, terminologia aldetik… Hamabost edo hogei urte daramatzagu itzulpen automatikoarekin lanean”. Halere, gogoratzen du “itzultzaile automatikoak ez du inoiz pertsona batek bezala itzuliko”.

Elbira Zipitria andereñoa izan da protagonista artikulu interesgarri honetan. Bide urratzailea izan zen pedagogian; ikasle ohiek oroitzen dute tratuan “zorrotza” zela eta baita lanak zuzentzerako garaian ere. Bere klaseak emateko modua erabat berritzailea zen, adibidez, “manipulazioaren bidez irakasten zuen: txotxak erabiltzen zituen matematika irakasteko, eta kanikak”. Elbira Zipitria zenaren ikasleen 70 koaderno inguru dituzte gordeta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Museoan, Donostian.

Informatika

Sareko hiztegi euskaldun berri bat sortu dela jakin dugu: TextReference.com. Testuingurudun hiztegi honek hitz eta esamoldeen ordainak itzulpen memoria handietan bilatzeko aukera ematen du. Mikel Artetxe informatikariak sortu du.

Teknologia

‘Big data’-n oinarrituriko teknologiak gizartearen onurarako erabil daitezkeela diote zenbait adituk. Enaitz Ezpeleta MUko irakasleak dio, adibidez, enpresan erabiltzeko “oso interesgarria” izan daitekeela. Osasungintzan esate baterako, herritarren datuak gordetzen dira jaiotzen direnetik eta datu horiek erabilita gaitzak aurreikusi ditzakete. Beste hainbat arlotan onura ikus daiteke. Testu honetan beste hainbat adituren iritziak jaso dituzte. Ez galdu!

Astrofisika

Unibertso goiztiarreko materiaz osatutako tantatxoak sortu ditu ikertzaile talde batek. Hain zuzen, quark-gluoi plasmaren antzeko egoera likido bat lortu dute, ustez Big Bangaren osteko lehenengo mikrosegundoetan unibertsoa bete zuenaren antzekoa, oraindik partikulak elkartu eta atomoak osatzeko beroegi zegoenean. Lan honek lagundu du ulertzen nola hoztu zen lehenengo materia ultrabero hura lehenengo atomoak sortzeko.

Ekologia

Plastikoaren zati handi batek ozeanoan amaitzen du; zabor uharte erraldoiak aurkitu izan dira. Arropa ere plastikoz osatuta egoten da eta horretan atentzioa eman du kutsadura iturri batek: mikroplastikoak. Horien zikloa ankerra da artikuluaren egileak azaltzen digunez; izan ere, itsasoko organismoek jan ondoren, gurera itzultzen dira eta jan egiten ditugu. Batezbesteko, europar bakoitzak 11.000 mikroplastiko sartzen ditu organismoan dietaren bidez. Mikroplastikoak jaten baditugu horiek hesteetara joan behar dute eta hortik beste organoetara iritsi daitezke. Beste organoetara iristen ez direnak gorozkietan amaitzen dute.

Ingeniaritza

Interfase neuronaletarako propietate elektriko eta antibakteriano egokiak dituzten hidrogelak garatu dituzte ikerketa batean, aplikazio biomedikoetan erabil daitezkeen elektrodoentzat, hain zuzen. Orain arte halako aplikazioetarako erabili izan ez den biopolimero bat aukeratu dute hidrogela sortzeko: almidoia.

Gaur egungo harriak aglomeratzaileak batzen dituen ale urratzaile gogorrez osatutako diseinuzko konglomeratu porotsuak dira. Alearen ezaugarriek, aglomeratzailearen erresistentziak eta, poroekin batera, hiruren arteko proportzioak harriaren izaera baldintzatzen dute. Bere natura heterogeneo konplexuak modelizazioa zailtzen du. Berriki, elementu diskretuen metodoa aplikatu da harriaren portaera simulatzeko. Artikulu honetan, lan horren eredua eraikitzeko prozedura berriaz hitz egin digute.

Fisika

Txerenkov erradiazioaz gehiago jakiteko hauxe da artikulu aproposa. Fenomeno honek Pavel Alekseievitx Txerenkov fisikariarengandik hartu zuen izena. Ikerketak egin ostean, fisikariak ikusi zuen ez zela luminiszentzia, baizik eta erradiazio-mota berri bat. Sergei Ivanovitx, bere kideak lagundu zion ikerketan, iradoki zuen erradiazio hori gamma-izpiek atomoetatik erauzten zituzten elektroiek sortzen zutela. Txerenkovek esperimentu berriak egin zituen iradokizun horren ostean. Hala frogatu zuen emisioaren gehiengoa berau sortzen zuten partikulen ibilbidearen norabide berean egiten zela. Igor Jevgenievitx Tamm eta Ilia Mikhailovitx fisikariek fenomenoa elektrodinamika klasikoaren ondorio gisa azaldu zuten 1937an: partikula kargatu batek, elektroiak kasu, ondo zehaztutako norabide batean igorriko du erradiazioa baldin eta inguru bateko argiaren hedatze-abiadura baino azkarrago bidaiatzen badu ingurune horretan. Lan horri esker Txerenkovek, Tammek eta Frankek jaso zuen Nobel saria 1985ean.

Astronomia

Asteburu honetan Geminidak ikusteko aukera izan dugu. Meteoro zaparradak abendua aldean izaten du intentsitaterik handiena. Euskal Herrian eta inguruetan ezagunagoak izaten dira Pertseidak edo Done Laurendiren malkoak. Udan izaten dira eta beraz, aukera gehiago modu egokian ikusteko. Leicesterreko Unibertsitateko bi astronomok Geminidak 1983ak izendatu zituzten lehenengoz. Orduko 50 eta 100 meteoro artean ikus daitezkeela kalkulatzen dute adituek.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>