Asteon zientzia begi-bistan #281

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Neurologia

Artikulu honen bidez jakin dugu haurrek helduek baino gehiago sufritzen dutela talde batetik kanpo geratzeagatik. Helduen kasuan, hasieran, minaren, haserrearen eta atsekabearen pertzepzioarekin lotura duten entzefalo eremuak aktibatzen dira baina gero bazterketari garrantzia kentzen dion kortexeko eremu bat aktibatzen da. Nerabeen kasuan, ordea, eremu hori ez da ia aktibatzen, baina aurrekoak, haurretan eta helduetan baino areago. Bereziki adin honetan, garrantzia handia ematen diote laguntasunari ere.

Teknologia

3Dko plastikozko untxi bat inprimatu dute ikertzaile batzuek, untxia egiteko informazioa DNA sintetikoan kodetuta eta materialean txertatuta duena. DNA hori silizezko partikulatan sartu dute, eta partikula horiek poliester termoplastiko batean txertatu. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, lan honetan, memoria aldaezina duten materialak ekoizteko modu bat proposatu dute.

Kimika

Atomoen bizitza zirraragarriari buruz mintzatu zaigu oraingoan Josu Lopez-Gazpio kimikaria, tartean ardoaren elaborazioa azalduz. Pertsona batek ardoa dastatzen duen momentuan hasten da kontakizun hau, ondoren gure organismoan gertatzen diren zenbait prozesu aipatuz. Adibidez, ardoa edaten dugunean, etanola gutxika nerbio-sistemako zelulen mintzetara sartzen da eta aldaketak nabaritzen hasten dira. Ziur asko denok ezagutzen ditugu edo sufritu ditugu behin edo behin horiek: deshidratazioa, sistema endokrino eta kardiobaskularraren asaldura, besteak beste. Badakizue zergatik daukan alkohola ardoak? Bidaia hau amaitzeko, jo ezazue artikulura! Ez galdu!

Biokimika

Txerri izurri afrikarraren kariaz, milioika txerri hiltzen dituzte urtero. Kasu horietan, txertorik ez dagoenez, kutsatutako txerriak isolatzen eta hiltzen dituzte. Arazo handia bihurtzen ari da, batez ere, Txinan, Vietnamen eta Hego Korean. Birusari aurre egiteko, baina, Derioko CIC Bioguneko ikerketa talde batek aurrerapauso handia eman du: birusaren hiru dimentsioko egitura argitu du. Berrian irakur daiteke informazio guztia.

Genetika

UPV/EHUko Biomics taldeak ikertu du euskaldunen artean oso zabalduta dagoen Y kromosoma bereizgarri bat, DF27. Hori ohikoa da Latinoamerikako bost herrialdetako herritar mestizoetan ere. Datuen arabera, DF27ren maiztasuna %30 ingurukoa edo %30etik gorakoa da Kolonbiako, Panamako, Nikaraguako, El Salvadorko eta Guatemalako herritar mestizoetan. Emaitzak bat datoz euskaldunek Amerikaren kolonizazio garaian izan zuten protagonismoarekin. Irakur ezazu osorik Berriako artikulua euskaldunek munduan utzitako arrastoa ezagutzeko!

UPV/EHUko DNA bankuan zientzialariek haien ikerketetarako behar dituzten DNA laginak aurkitzen dira. Gasteizen dago kokatuta eta SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek kudeatzen dute. Maite Alvarez biokimikaria arduratzen da bankua zaintzeaz eta kudeatzeaz. Leku honen erraiak ezagutu nahi? Ez galdu artikulu hau, bankuko zoko-moko guztiak ezagutuko dituzu eta bertan gauzatzen diren ikerketen berri izango duzu.

Geologia

Planetaren oxigenazio-prozesuaren atzean zianobakterioak zeuden. Hala ondorioztatu du behintzat Leedseko Unibertsitate ingelesaren eredu berriak, hau da, zianobakterioa fotosintetikoen garapen hutsa dago planetaren oxigenazioaren atzean, kolokan jarriz iraultza tektoniko zein biologikoa. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, Lurraren oxigenazio-prozesua, lineala izan beharrean, hiru urrats nagusitan gauzatu zela.

Biologia

Animalien etxekotze-sindromea ezeztatu dute berriki AEBtako eta Britainia Handiko ikertzaileek. Haiek argi dute: otzantzeak itxura fisikoa aldatzea dakarrela azaltzen duten hipotesiek ez dute froga nahikorik. Egindako ikerketan, azeri zilarkararen esperimentuari jarri diote arreta. Hain zuzen, animalia basatiak etxekotzean itxura aldatzen duten adibidetzat hartzen da. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak!

CO2az elikatzeko gai den Escherichia coli bakterioaren aldaera bat garatzea lortu dute Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileek. Testuan azaltzen digutenez, E. Coli bakterioa azukre zalea da: glukosatik eskuratzen ditu energia-gordailu gisa erabiliko duen adenosina trifosfatoa lortzeko beharrezkoak dituen elektroiak. CO2a, berriz, iraizte gisa kanporatzen du. Orain, horri buelta eman diote bi estrategia erabiliz: ingeniaritza genetikoa eta eboluzio bideratua.

Osasuna

Kate luzeko omega-3 gantz-azido poliasegabeak garrantzi handikoak dira gizakiaren osasunerako. Besteak beste, azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA) eraginkorrak dira zenbait gaixotasun ekiditeko: gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, endekapenezko gaixotasun mentalak, hesteetako hantura-prozesuak edota artritis erreumatoidea, esaterako. Arazoa da gaur egun gantz-azido aseen kontsumoa zeharo hazi dela, eta lipido onuragarrien kontsumoa, berriz, jaitsi egin dela. Artikuluan informazio gehiago.

Emakumeak zientzian

Europako Gastroenterologia Elkarteak (UEG) berriki banatu ditu Rising Star Award sariak ikertzaile gazte nabarmenen artean. Sari horietako bat jaso du Matxus Perugorria Montiel onkologia-ikertzaileak. Biologia eta Biokimikako ikasketak egin zituen eta bere tesiak gaixotasun hepatiko kronikoak izan zituen ardatz, baina batez ere hepatokartzinoma arloan murgildu zen. Newcastlera joan zen (Ingalaterra) hori ikertzeko eta eta han bertan egin zuen doktoretza ondorengoa, batez ere fibrosi hepatikoan. Horren ondotik, Euskal Herrira itzuli zen Ikerbasque beka bati esker. Perugorriaren esanetan, Euskal Herrian ikerketa ona egiten da: “Joera dugu pentsatzeko kanpoko ikerketa-maila hobea dela, baina, nire iritziz, hori ez da horrela”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude