Omega-3 gantz-azidoak eta osasuna

Argitalpenak · Dibulgazioa

Kate luzeko omega-3 gantz-azido poliasegabeak, azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA) kasu, garrantzi handikoak dira gizakiaren osasunerako. Haien eraginkortasuna zenbait gaixotasunen tratamenduaren kasuan frogatu da, baita zenbait gaixotasun ekiditeko ere: gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, endekapenezko gaixotasun mentalak, hesteetako hantura-prozesuak edota artritis erreumatoidea, esaterako.

Irudia: Omega-3 gantz-azidoen elikagai-iturri nagusia ur hotzeko arrain urdinak dira, arrain oliotsuak esaterako (izokina, hegalaburra, sardinak, antxoa eta abar).

Mota honetako gantz-azidoak zelularen erantzun immunearen modulazioan parte hartzen dute, honek eragindako hantura eta kaltea murriztuz, hanturaren aurkako efektua eta zelularen efektu babeslea dutelarik. Gauzatu diren zenbait ikerketaren arabera, omega-3 gantz azidoetan aberatsa den arrain urdin kontsumo altua duten populazioek, infartu, hipertentsio eta artritis erreumatoide tasa baxuagoak aurkezten dituzte, beste zenbait gaixotasunen artean.

Halaber, omega-3 gantz-azidoen garrantzia ikusi da ikusmenaren eta nerbio sistemaren osasunean eta garapenean. Izan ere, omega-3 gantz-azidoen urritasunak, fetuaren hazkuntzan eta nerbio-sistemaren garapenean, ikusmen-sisteman akatsak, edota atentzio-defizita eragin ditzake. Hortaz, omega-3 gantz-azidoek funtzio garrantzitsuak gauzatzen dituzte edoskitzaroan, haurdunaldian eta haurtzaroan.

Mintz zelularren osagai izateaz gain, funtsezkoak dira nerbio-sisteman neuronen mielinazko zuntzak osatzeko, hots, neuronen arteko komunikaziorako eta baita ikusmen-sistemaren garapen optimorako ere. Gantz-azido hauen beharrak aipatutako une hauetan areagotzen dira bereziki, ehunen hazkuntza eta garapen handiko aldiak baitira. Hori dela eta, omega-3 gantz-azidoak nahitaezko kontsideratzen dira, batetik gizakietan ematen den sintesia mugatua delako, eta bestetik, gaixotasun ezberdinen garapena ekiditeaz gain, organismoan zenbait funtzio gauzatzeko funtsezkoa delako.

Omega-3 gantz-azidoen elikagai-iturri nagusia ur hotzeko arrain urdinak dira, arrain oliotsuak esaterako (izokina, hegalaburra, sardinak, antxoa eta abar), EPA eta DHA kontzentrazio altuak dituzte; hauekin batera, fruitu lehorrak (intxaurrak, arbendolak eta abar), hazi oliotsuak (kuia-haziak, lino-haziak, salbia, soia eta abar) eta landare-olioak (linazi, kanola, koltza eta abar), zeintzuk azido α-linolenikoan (AAL) aberatsak diren eta metabolismoaren bidez EPA eta DHA bilaka daitekeen. Oinarrizko dieta mediterranearra AALan nahiko aberatsa da, dietan barneratutako zenbait elikagaitan ugaria baita: lekaleetan bereziki (babarrunak, dilistak, garbantzuak eta abar), fruitu lehorretan eta hosto berdeko barazkietan (espinakak, zerba, azalorea eta abar). Elikagai horietan dagoen gantz totalaren kopurua baxua bada ere, nahiko aberatsak dira AALan eta maiz hartzen diren elikagaiak direnez, omega-3 gantz-azidoen ekarpena nabaria izan dadin laguntzen dute.

Gaur egungo dieta mediterranearra ostera, omega-6 gantz-azidoetan aberatsa da, eta omega-3 gantz-azidoetan baxua. Era honetan, populazioaren atal handi batek omega-3 gantz-azidoekiko gabezia aurkezten du. Komenigarria litzateke hortaz, omega-3 gantz-azidoetan aberatsa den arrain urdin kontsumoa areagotzea, omega-6 gantz-azidoen kontsumoa murriztea, eta baita omega-6/omega-3 gantz-azidoen artean gaur egungo dietan dagoen ratio altua jaistea ere; garrantzitsua da oso omega-3 gantz-azidoetan aberatsa den arrain urdinaren kontsumoa sustatzea ere (2-3 ano/astean, dieta orekatu baten barne).

Dena dela, omega-3 gantz-azidoen beharrak, pertsonaren egoera fisiologikoaren eta adinaren araberakoak izango dira. Amaitzeko, aipatu beharra dago, elikaduraren unitate funtzionala dieta dela; beraz, ez dira elikagai isolatuak izango gaixotasunen garapena saihestuko dutenak, dieta bere osotasunean baizik, bestelako faktore eta bizi-ohitura osasuntsuekin batera.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Omega-3 gantz-azidoak eta osasuna.
  • Laburpena: Kate luzeko omega-3 gantz-azido poliasegabeak, azido eikosapentaenoikoa (EPA) eta azido dokosahexaenoikoa (DHA) kasurako, kantitate handitan aurkitzen dira arrain koipetsuetan eta haietatik eratorritako arrain-olioan, zeina elikadura-osagarri gisa erabiltzen den (nutrazeutiko gisa, alegia). EPA zein DHA mintz zelularren fosfolipidoei gehitzen zaizkio, non lipooxigenasa eta ziklooxigenasa entzimen bidez jaria dai- tezkeen, eta zelula babesten duten hanturen kontrako produktuak eratu. Hainbat ikerketaren arabera, EPA eta DHA kontsumitzea baliagarria da zenbait gaixotasun ekiditeko edota haien tratamendurako, hantura-prozesuak eragindako gaixotasunetan bereziki. Hain zuzen ere, EPA eta DHAk hanturaren kontrako propietateak dituzte, bai erresolbina gisako hanturaren kontrako eragileak ekoiztuz, edota hantura eragileak blokeatuz. Ebidentzia zientifiko honen arabera, kate luzeko omega-3 gantz-azidoek zenbait aplikazio izan patologia kliniko edo nutrizional ezberdinen tratamenduan nahiz edota prebentzioan. Alabaina, gaur egun gantz-azido aseen kontsumoa zeharo hazi da, eta lipido onuragarrien kontsumoa, berriz, jaitsi egin da; era honetan, populazioaren atal handi batek omega-3 gantz-azidoen gabezia aurkezten du. Frogatu da egoera honek eragin handia duela endekapenezko gaixotasunen garapenean esaterako, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, hantura-prozesuak eta bereziki ikusmenaren eta nerbio sistema zentralaren osasunean eta garapenean, non DHA kontzentrazio handiak dauden.
  • Egileak: Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 29-40
  • DOI: 10.1387/ekaia.18495

Egileez

Naroa Kajarabille, Alfredo Fernández-Quintela eta María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean dabiltza. Alfredo Fernández-Quintela eta María Puy Portillo, gainera, Instituto de Salud Carlos III-n ere dabiltza.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.