Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira

———————————————————————————————————–

Omega 3 gantz-azidoen kontsumoa ona da adimenerako. Horixe da zenbait ikerketak erakutsi dutena; gaur kontu ezaguna dela esan dezakegu. Ezaguna da, halaber, omega 3 gantz-azidoak oso ugariak direla gantz-eduki altuak dituzten itsas arrainetan. Esan bezala, kontu ezagunak dira horiek.

Irudia: Izokina eta txitxarroa bezalako itsas arrainetan oso ugariak dira omega 3 gantz-azidoak.

Ondoren azalduko duguna, baina, ez da horren ezaguna. Dirudienez, eta duela gutxi aurkitu den bezala, nesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz-azidoen kontsumoak buruaren ahalmenean duen eragin on hori. Bikoitza da eragina, zehatzak izateko. Horixe da William Lassekek (Pittsburgheko Unibertsitatea, Pennsylvanian) eta Steven Gaulinek (Kaliforniako Unibertsitatea, Santa Barbaran) argitara eman dutena Kioton (Japonia) 2009an egin zen Giza Jokabidea eta Eboluzioa Elkartearen Sinposiumean.

Dirudienez, gantz-azido horien erabilera metabolikoari dagokio aurkikuntza horren zioa. Izan ere, garunaren nahitaezko osagaiak dira omega 3 gantz-azidoak eta ezaugarri horri dagokio, hain zuzen ere, azido horien kontsumoaren eta adimenaren arteko harreman onuragarria. Neskek, baina, garun-ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituzte omega 3 gantz-azidoak. Hobeto esateko, aurreko atalean ikusi dugun bezala, ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute neskek asimilaturiko omega 3 gantz-azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko[1]. Hortaz, umekiak bere garun-ehuna osatzeko erabiltzen ditu amak transferituriko gantz-azido horiek. Argi dago, beraz, omega 3 gantz-azidoen behar handiagoa dutela neskek mutilek baino, eta horri dagokio gantz-azido horien kontsumoak nesketan eragin bikoitza edukitzea. Ikerketa-emaitzak oro zalantzan jar daitezke, jakina, baina kontuz: tamaina handiko lana egin dute ondorio horietara iristeko, zeren 6 eta 16 urteko 4.000 neska-mutilengandik jasotako datuak erabiliz atera baitituzte aurkeztu ditugun emaitzak.

Guri, bestalde, zer hausnartu eman digu lan horrek. Izan ere, ez dakigu noraino izan daitezkeen bateragarriak hedabideek egun erakusten dituzten emakumeen estetika-ereduak, batetik, eta nerabe emeen buru-garapen egokirako elikatze-baldintzak bestetik. Amaitzeko, azken ohar bat: ez da ahaztu behar ipurmasail eta aldaketan edozein motatako gantzak pilatzeak ez lukeela ondorio berbera ekarriko. Izokina eta txitxarroak dira jan behar direnak. Txuletak edo bollikaoak jateak, berriz, ez du balio: izterrak eta ipurmasailak loditu, loditu egingo lirateke horrela, baina garunak ez luke ezer onik aterako.

Oharrak:

[1] Asegabetasun-maila garaiko gantz-azido garrantzizkoenak dira omega 3 gantz-azidoak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>