Emakumeen kurbak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Geroari begira

———————————————————————————————————–

Emakumeen gerri-aldaka ratioa (GAR), hau da, gerriaren diametroaren eta aldakaren diametroaren arteko zatidura, gorputz-gantzaren kokapenaren adierazlea da, eta ezaguna da ratio horren balio baxuak dituzten emakumeak direla gizonak gehien erakartzen dituztenak.

Irudia: Emakumeen kurbak ez lirateke irizpide estetiko arbitrarioa izango, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik. (Irudia: Lucas Cobb).

Hitz gutxitan esanda, gerri estu eta aldaka zabaleko emakumeak gustatzen zaizkie gizonezkoei. GAR zatiduraren bitartez adierazten badugu, esango genuke 0’67tik hurbil dagoen GAR-a dutenak direla andrazko erakargarrienak. Balio horrek adierazten du aldakaren diametroa gerriarena baino % 50 handiagoa dela.

Hori horrela, pentsatu behar dugu hautespen-indarren batek eragin izan duela gizonen gustu hori; hau da, pentsatzekoa da gizonen gustua hori izateko arrazoi sendoak egon behar dutela. Hori bakarrik uler daiteke GAR delakoaren balio horrek arrakasta (zentzu darwinistan) handitzen badu, edo, bestela esanda, ezaugarri horrek moldatze-balioa badu. Hainbaten ustez, ugalkortasun handiagoaren eta osasun hobearen adierazleak dira GAR horren balio baxuak, baina egia da ezagutza-esparru honetako aditu guztiek ez dutela hori berdin ikusten.

Ipurmasailetan eta izterretan gantza pilatzeak garrantzi handia du emakumearen garapenean. Haurtzaroan eta nerabezaroan pilatzen den koipe gehiena gorputzaren atal horietan metatzen da. Bestalde, izterrean eta ipurmasailean gantz asko pilatzen bada, lehenago iristen da menarkia, eta alderantziz gertatzen da gantza sabelean pilatzen denean. Gainera, kontu ezaguna da izterretako eta ipurmasailetako gantza haurdunaldiaren azken hilabeteetan eta edoskitze-aldian erabiltzen dela bakarrik, ez lehenago, ez eta gose izanda ere. Kontuan hartu behar da aldi horietan gertatzen dela haurraren garunaren hazkunde azkarrena.

Bestalde, emakumeen asegabetasun-maila altuko gantz-azidoen (PUFA[1]) iturri nagusia da izter eta ipurmasailetako gantza, eta umekiaren eta umearen garunaren garapenerako ezinbestekoak dira gantz-azido horiek. Izan ere, garunaren % 20 asegabetasun-maila altuko gantz-azidoek osatua da. Hortaz, hemen azaldutakoa eta ildo bereko beste zenbait datu kontuan hartzen badira, andrazkoen ipurmasailak eta aldakak umeki eta haur jaioberrien garunaren garapenerako ezinbestekoak diren gantz-azidoen biltegi direla ondoriozta daiteke.

Beraz, zentzuzkoa dirudi gizonezkoek beren seme-alaben garun-garapena eta horrekin lotuta dauden kognizio-gaitasunak handituko dituen ezaugarri bat bilatzea bikotekidearengan. Hortaz, emakumeen kurbak ez lirateke irizpide estetiko arbitrarioa izango, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik.

[1] «Poliunsaturated fatty acids» ingelesezko izenaren akronimoa da PUFA.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

3 iruzkin

Eman iritzia

Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak - Zientzia Kaiera

[…] seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituzte omega 3 gantz-azidoak. Hobeto esateko, aurreko atalean ikusi dugun bezala, ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute neskek asimilaturiko omega 3 gantz-azidoen zati […]

Emakumeen kurbak • ZUZEU

[…] Zientzia Kaiera ataritik jaso dugu Juan Ignacio Perez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologian doktoreen “Animalien aferak” liburuko idatzia (EHU, Zientzia irakurle ororentzat bilduma). […]

Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak • ZUZEU

[…] Zientzia Kaiera ataritik jaso dugu Juan Ignacio Perez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologian doktoreen “Animalien aferak” liburuko idatzia (EHU, Zientzia irakurle ororentzat bilduma). […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>