Hondakin-uren analisia birusak atzemateko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

SARS-CoV-2aren aurretik, hondakin-urak ere erabili dira beste patogeno batzuk aztertzeko, baina koronabirusak eragindako pandemiak berriro fokuan jarri du araztegietako uren analisien garrantzia. Izan ere, ur horien analisien bidez posible da koronabirusaren presentzia atzematea, biztanleriak sintomak izan baino lehen.

Hondakin-urak biztanleriari buruzko informazio kimikoa gordetzen du: gaixotasunak, sendagaiak, substantzia toxikoak… Mekanismoa sinplea da: birusen arrastoak gorotzekin batera kanporatzen dira; izan ere, digestio hodian sartu eta ateratzen dira. Pandemiaren hasieratik jarri dira martxan SARS-CoV-2 birusa hondakin-uretan atzemateko proiektuak –baita Euskal Herrian ere- eta eraginkorrak direla ikusi da. Sarritan, kasuak diagnostikatu aurretik detektatu izan da birusa uren analisietan. Esaterako, Bartzelonan egindako ikerketa baten emaitzek erakutsi zutenez, Wuhanen gaitza ofizialki agertu baino zortzi edo bederatzi hilabete lehenago koronabirusaren arrastoak zeuden hirian. Ikerketa horren inguruan dauden zalantzak alde batera utzita, komun zulotik araztegietara doazen urak aztertzea oso interesgarria da eta birusari aurre hartzeko moduetako bat izan daiteke.

hondakin-urak
Irudia: hondakin-urak tratatzen diren araztegi bat. Ur horietan biztanleriari buruzko informazio ugari gordetzen da, tartean SARS-CoV-2 birusaren presentzia. (Argazkia: kubinger – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Garrantzitsua da azpimarratzea bilatzen dena ez dela SARS-CoV-2 birusa bera, birusaren zati zehatz batzuk baizik. PCR probetan egiten den antzera, koronabirusaren material genetikoaren zatiak bilatzen dira hondakin-uretan. Espainia mailan egiten diren analisien emaitzak zaintza mikrobiologiko gunean daude ikusgai eta edonork azter ditzake hondakin-uren analisiaren emaitzak. Analisiak egiteko erabiltzen den protokoloa eta prozedura ere bertan dago argitaratuta.

Pandemiaren hasieran Austriako Tirolean jarri ziren martxan hondakin-uretan koronabirusa aztertzeko lehen proiektuak, besteak beste, Ischgl herrian. Tamalez, Ischgl nahiko ezaguna egin zen 2020ko martxoan, eskiaren arloko turismo gune ezaguna zen berau eta kutsatze kopuru handia egon zen bertan sasoi hartan. Albisteetan aipatzen denez, 32 hildako eragin zituen kutsatze masibo hark. Horretaz gainera, neurtezina da bertan kutsatutako eskiatzaileek zein neurritan zabaldu zuten birusa Europan zehar. Turismoaren menpeko leku horietan, agintariek birusaren hedapena kontrolatzeko neurriak ezarri nahi izan zituzten eta hondakin-uren kontrol zorrotza izan zen neurri horietako bat. Egun, Austriako biztanleriaren erdiak sortzen dituen hondakin-urak monitorizatuta daude.

Koronabirusak, gainera, badu abantaila bat: digestio-sisteman birusaren kantitatea handitu egiten da eta, hortaz, errazagoa da detektatzen. Sarritan, sintomak agertu baino lehen haren arrastoak egon daitezke gorotzetan. Aztertzen diren arrastoen material genetikoak, era berean, birusaren aldaera desberdinei buruzko informazio baliagarria eman dezake eta, horrela, alerta-sistema bilakatu daiteke hondakin-uren analisia. Horrelako kasuak sarritan agertu dira. Kanadako Yellowknife-n, adibidez, agintariek birusaren presentziaren berri izan zuten biztanleriaren artean kasu positiboak egon baino lehen.

Ikertzaile nederlandarrek, esate baterako, frogatu ahal izan zuten hondakin-uretan detektatzen den koronabirus kantitatea biztanleriaren kutsatze-mailarekin lotu daitekeela, Environmental Science & Technology Letters aldizkarian jakinarazi zuten bezala. Egun, Europa mailan monitorizatzen da koronabirusaren presentzia hondakin-uretan eta herrialde gehienek parte hartzen dute detekzio-sare horretan. Hala eta guztiz ere, hondakin-uren analisiak baditu zenbait arazo: datuen interpretazioa sarritan ez da erraza eta baliabideen kontsumo handia eskatzen du etengabeko monitorizazioak. Gainera, eta hau ere gertatu da, hondakin-uren analisiak aurreikusi dituzten kutsatze kasuen igoeren aurrean ez da neurririk hartu benetan biztanleriaren artean gaixotasuna zabaldu den arte.

Hortaz, modu horretara jokatzen bada alarma-sistema baten ezarpenak ez dauka zentzu handirik. Nolabait, ikertzaileek azpimarratu dute analisi horien ondorioak ez direla erabili neurri politikoak hartzerakoan. Bestalde, estrategia horren indargunerik handiena kutsatze maila txikiak dauden guneetan egon daitekeela aipatzen dute. Australian eta Zelanda Berrian, adibidez, hondakin-uren analisia eraginkorra da SARS-CoV-2aren zantzuak detektatzeko. Alabaina, koronabirusa nonahi dagoen eskualde batean hondakin-uren analisiak ez du informazio osagarri askorik ematen.

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..