Jakintsu usteko ezjakinak

Kolaborazioak

Informazioa Googlen bilatzeak ilundu egiten du dakigunaren edo dakigula uste dugunaren jatorriari buruzko pertzepzioa.

Googleri datuak, istorioak eta era guztietako jakintza zatiak eskatzean, bilatzaileak ematen digun informazioaren jatorria gu geu garela pentsatu ohi dugu. Hau da, haren jabe lehendik baginela pentsatzeko joera izaten dugu, eta horrenbestez, neurriz kanpo balioesten ditugu gure baliabideak eta gaitasun kognitiboak. Horixe da PNAS aldizkarian duela zenbait aste argitaratutako azterlan baten ondorio nagusia.

Ekintza bera –beste norbaiten jakintza biltzea, alegia–, ez da inola ere ezohikoa. Inork ez daki guztia. Senideen, adiskideen, kideen jakintzaren mende gaude. Pertsona horiekin sistema kognitibo partekatuak eratzen ditugu, eta informazioa aintzakotzat hartu, prozesatu eta gogoratu ahal dugu horri esker. Ez dugu zertan guztia jakin; baina jakin behar dugu nork dakien zer. Zientziak, adibidez, horrela funtzionatzen du, milaka eta milaka pertsonak, horietako asko gaur egun bizirik ez daudenek, partzialki ezagutarazitako natura fenomenoen jakintza eta ulermenean oinarrituta. Giza kognizioa ez da indibiduala; pentsatzea, gogoratzea eta ezagutzea, oso maiz, kolaboratiboak dira, norberaren eta besteren baliabide kognitiboen arteko interakzioaren emaitza.

ezjakinak
Irudia: Ezagutza orokorreko galderak erantzuteko Google erabiltzeak informazioa gogoratzeko eta prozesatzeko dugun gaitasunean eragiten du eta baita ere gaitasun horrekiko dugun konfiantzan. (Argazkia: Tumisu – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Azken hamarkadetan, lankidetza kognitiboaren mekanismo klasikoei Internet eta bilaketa azkarreko haren sistemak gehitu zaizkie. Sareak gogoa hedatzeko aukera ematen du, eta behar dugun guztietan kontsulta dezakegun kanpoko memoriaz hornitzen gaitu. Ia guztia daki eta gure esanetara dago beti; eskatu bezain laster ematen digu nahi dugun informazioa, eta guk ez dugu inolako ahaleginik egin behar, gure buruan bertan izango bagenu baino errazagoa da ia. Ez dugu zertan liburutegira joan edo kide bati telefonoz galdetu. Berezitasun hori da, horretara jotzeko erraztasun hori, tarteko bestelako ekintzarik ez egotea, hain zuzen ere, itxuraz, barneko eta kanpoko jakintzaren arteko mugak lausotzea dakarrena. Interneteko jakintza gure jakintza dela pentsatzeko joera dugu.

Kanpoko eta barneko jakintzaren arteko muga lausotuta, beren oroimenean konfiantza handiagoa izaten dute Internetera informazio bila maizen jotzen dutenek. Googlera zerbait jakiteko jo izana ere ahazten dute maiz. Internetik lortutako erantzunak beren memoriatik zetozela uste dute.

«Google efektua» deitutakoaren berri bagenuen: informazioa Interneten erraz lortzen dugunean, gure buruan ez gordetzeko joera dugu, eta ahaztu ere aise ahazten dugu. Bada, aurretik aipatutako azterlanak bigarren Google efektu bat dagoela eman du aditzera; efektu hori ez da jendeak dakienari buruzkoa, dakiela uste duenari buruzkoa baizik. Ondorioz, gure munduan, Interneten bilatzea gure oroimena arakatzea baino azkarragoa eta errazagoa izanik, gerta liteke jendeak gutxiago jakitea, baina gehiago dakiela uste izatea.

Fenomeno horren inplikazioak askotarikoak eta garrantzitsuak izan daitezke. Pertsonek beren jakintzan eta ulerkuntzan konfiantza handiagoa dutenez, gerta liteke horrek ikaskuntzari eta ikasteko motibazioari buruz duten iritzia desitxuratzea. Halaber, erabaki jakin batzuk hartzeko orduan, baliteke horrek nork bere irizpidean konfiantza handiagoa (eta arrazoirik gabekoa) izatea ekartzea. Eta gure jakintzatzat jotzen duguna zalantzan jarri ohi ez dugunez, saretik lortzen dugunarekiko muga ezabatuta, zailagoa izaten da informazio okerrez ohartzea, horren ondorioz izan daitezkeen ondorioak izanik.

Imajinatzen al duzu ia guztia dakitela uste duten ezjakinez betetako mundu bat? Badakit gehiegikeria bat dela, baina handiegia ez agian. Hausnartu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ward, A. F. (2021). People mistake the internet’s knowledge for their own. Proceedings of the National Academy of Sciences, 118(43) e2105061118. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2105061118


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.