Ustezko gehiagotasuna eta beste bizio mental batzuk

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Inork ez du bere burua ergeltzat hartzen. Are gehiago, ez dugu guztiek uste edozein ergel egiatan ergela denik; ziur aski, haren familiakoek eta adiskideek ere ez dute senideaz edo lagunaz hain iritzi txarra izango.

ustezko gehiagotasuna
Irudia: Dunning-Kruger efektuak autoebaluazioak eragiten duen isuri kognitiboa deskribatzen du. (Argazkia: Elias Sch. – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kontu hori objektibatzeko eta gure ezagunak nahiz gu geu zenbateraino mugatuak garen adosteko zailtasunak ditugu, hein batean, pentsamenduak bizio sistematikoen –isuri deritzenen– eragin handia duelako. Bizitzen laguntzen diguten bizioak dira, eta batzuk behintzat buruan sendo errotuta ditugu, gure arbasoei ondorengoak izaten lagundu zietelako; hori dela eta, joera horiek iraun eta betikotu egin dira. Beste batzuk, agian, adimenak lan egiten duen moduaren azpiproduktu saihetsezinak dira. Hala ere, komeni da horiez kontziente izatea eta haiek geure baitan identifikatzen ahalegintzea. Horrela bakarrik arinduko ditugu haien ondorioak, nahiz eta ez garen horiez inoiz guztiz libratuko. Hona adibideak.

Gainerakoen iritzietan hautematen ditugu isuriak edo joerak, ez ordea gureetan. Efektu horri puntu itsuko aurreiritzia deitzen zaio, eta autohobekuntza izeneko motibazioan du jatorria; alegia, geure buruaz iritzi positiboa izatea eragiten digu. Jakina, oso erabilgarria da, bai oztopoak gainditzen laguntzen digulako, bai zoritxarretan gure onena eman dezagun. Kontrara, asko zailtzen ditu hobekuntzak, are gutxiago beste batzuek esaten badigute ez garela ondo ari.

Beste isuri oso zabaldu bat statu quo izenekoa da; hau da, gauzek bere horretan jarraitzea nahiago dugu, aldaketa gure kalterako dela uste baitugu (edozein aldaketak okerrera egingo duen sentimendua). Joera horren ondorioz, adibidez, ohiturei eusten diegu, hauteskundeetan boza nori eman finkatzen dugu edo ez dugu aldatzen freskagarri marka kutuna.

Bestelakoa da jokalariaren (apustulariaren) falazia; hau da, lehenago askotan gertatu den zerbait berriz ere gertatzeko probabilitatea txikiagoa dela uste izatea, edo alderantziz. Falazia horren oinarria da: iraganeko ausazko gertaerek etorkizunekoak baldintzatzen dutela ustea. Txanpona airera jaurtitzen dugun hurrengo aldian aurkia irtengo den probabilitatea ez da handiagoa lehenagoko sei alditan ifrentzua irteteagatik. Baina baietz pentsatzen dugu.

Joera bat nabarmendu behar banu, gizarte inplikazioei dagokienez bederen, Dunning-Kruger efektua hautatuko nuke. Oso sinplea da, baina sekulako ondorioak ditu. Ustezko gehiagotasuna ere esaten zaio; gaitasun intelektual txikia duten pertsonek kontrakoa uste izateko joera dute. Alegia, oro har, ezgaienek besteak bezain ezgaiak ez direla uste izaten dute; izan ere, oso buruargiak direla uste dute. Horrela pentsatzeko arrazoia da beren ezintasunak berak eragozten diela horretaz konturatzea. Intelektualki gogobetegarria den mundu batean bizi dira, eta gainerakoak baino argiagoak diren uste osoa dute, erabat engainatuta badaude ere.

Efektu horrek atzealdea ere badu: ohiko samarra da gaitasun intelektual edo talentu handiena dutenek iruzurgilearen sindromea edukitzea. Alegia, alboan dituztenak baino gutxiago direla uste dute eta are euren konpainia merezi ez dutela ere.

Isuri gutxik izan dezakete Dunning-Kruger efektuak bezalako eragin suntsitzailea: pentsa, bestela, bizitza profesionala birusen eta pandemien ikerketan eman dutenak baino gehiago dakitela uste duten ezjakin horietan guztietan.

Oharra: Duning Kruger efektuari buruz informazio gehiago “Lo que los sabelotodos no saben, o la ilusión de competencia” artikuluan.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.