Txertoei buruzko uste ustelak Europan ari dira errotzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Frantzian, herritarren %41ak ez du uste txertoak seguruak direnik; Bangladeshen, aldiz, %1ak baino gutxiagok. Txertoekiko Konfiantzaren Proiektuak munduko 66.000 lagunen artean egin du inkesta. Gizartean segurtasunarekiko konfiantza eraikitzeko lan egin behar dute erakundeek, ikertzaileek berretsi dutenez.

Zientzia Kaieran, txertoek eman egiten dutela aldarrikatu izan dugu. Txerto bidez eragotzi daitekeen gaitz batek jota hiltzeko arriskua hamar aldiz handiagoa dela herrialde pobre bateko haurrarentzat, herrialde aberats batean jaiotakoarentzat baino. Hamaika datu objektibok diote txertoak eraginkorrak direla, baina askotan, arrazoia alde izatea ez da aski jendea ere alde izateko. Hain zuzen, gizarteak txertoekiko duen konfiantzari buruz inoiz egin den inkestarik handiena argitaratu dute, eta iritziak oro har positiboak diren arren, Europan horien segurtasunaz dagoen eszeptizismoa deigarria da.

“Txertoak seguruak ote diren galdetuta, Europa da erregio eszeptikoena. Harrigarria da hori. Eta gaur egun, Internet baliatuta, txertoekiko sinesmenak eta kezkak salto batean partekatu daitezkeela kontuan hartuta, ezin dugu gutxietsi honek guztiak munduko beste herrialdeetan izan dezakeen eragina”, dio Heidi Larsonek, ikerketa honen egile nagusiak.

Londresko Higiene eta Medikuntza Tropikalaren Eskolako ikertzailea da Larson, eta bertatik ari dira gidatzen Txertoekiko Konfiantzaren Proiektua. Iaz gaiarekiko aurreneko ikerketa plazaratu eta gero, orain egun gutxi argitaratu dute bigarrena: ia 66.000 lagunekin munduko 67 estatutan egindako inkesta da, eta txertoen garrantziaz, segurtasunaz eta eraginkortasunaz dituzten usteei buruz egin dizkiete galderak, besteak beste.

1. irudia: ‘Oro har, txertoak seguruak direla uste dut’ adierazpenarekin ados ez dauden herritarren proportzioa irudikatzen du mapak; zenbat eta kolore ilunagoa, orduan eta handiagoa da estatu horretan dagoen eszeptizismoa. Grisez ageri diren estatuek ez dute inkestan parte hartu. (Argazkia: Larson et al.)
1. irudia: ‘Oro har, txertoak seguruak direla uste dut’ adierazpenarekin ados ez dauden herritarren proportzioa irudikatzen du mapak; zenbat eta kolore ilunagoa, orduan eta handiagoa da estatu horretan dagoen eszeptizismoa. Grisez ageri diren estatuek ez dute inkestan parte hartu. (Argazkia: Larson et al.)

Txertoak seguruak ote diren, horren inguruan bildutako iritziek eman dute zeresan handiena. Izan ere, adierazpen horrekiko desadostasuna agertu dutenak %12a izan dira oro har, baina gorabehera handiak izan dira estatu batetik bestera. Esaterako, Frantzian aurkitu dute eszeptizismo handiena. Izan ere, inkestan parte hartu duten frantsesen artean, %41a ez da txertoen segurtasunaz fio: munduko batez bestekoa halako hiru baino gehiago da hori. Haren atzetik datoz Bosnia-Herzegovina (%36), Errusia (%28), Mongolia (%27), eta Grezia, Japonia eta Ukraina (%25). Eszeptizismo handieneko hamar estatuen artean zazpi daude Europan.

Asia hegoekialdea, aldiz, beste muturrean dago: Bangladeshen, %1ak baino gutxiagok dio txertoak ez direla seguruak; Indonesian, %3ak; eta Tailandian, %6ak. Estatu bakoitzaren emaitzak ikusgai daude horretarako prestatu duten grafiko interaktiboan.

Bereziki Frantzian antzeman duten eszeptizismoaren inguruan, hainbat hipotesi aipatu ditu Larsonek. Esaterako, bertan nahiko zabalduta dago B hepatitisaren aurkako txertoaren eta esklerosi anizkoitzaren arteko loturari buruzko ezinegona, nahiz eta halako usteak izateko inolako oinarririk ez dagoen. Beste hainbeste gertatzen da giza papilomaren kontrako birusari eta haren ustezko albo ondorioei dagokienez. Gainera, 2009ko A gripearen pandemiaren harira, Frantziako Gobernuak txerto asko alferrik erosi zituelako kritika ere oso zabalduta dago herritarren artean.

2. irudia: Txertoei garrantzia aitortzen diete gehienek, nahiz eta batzuk segurtasunarekin kezkatuta egon. (Argazkia: Sandra Rugio / CC BY 3.0)
2. irudia: Txertoei garrantzia aitortzen diete gehienek, nahiz eta batzuk segurtasunarekin kezkatuta egon. (Argazkia: Sandra Rugio / CC BY 3.0)

Dena dela, bitxia bada ere, txertoak seguruak direla ukatzeak ez du esan nahi garrantzitsutzat jotzen ez direnik. Frantzian bertan, %41a segurtasunarekin eszeptikoa izan arren, %83k baino gehiagok uste du txertoak garrantzitsuak direla haurrentzat, eta %77k baino gehiagok dio eraginkorrak direla, oro har. “Gure ikerketak iradokitzen duenez, jendeak oro har ulertzen du txertoak garrantzitsuak direla, baina segurtasunarekin kezkatuta daude. Zientziaren eta osasun publikoaren komunitateak bere lana hobetu behar du, gizartean konfiantza eraikitze aldera, txertoaren segurtasunari buruz ari garenean”.

Adinaren faktorea ere oso kontuan hartzekoa da inkesta honetan. Izan ere, ikertzaileek azaldu dutenez, 65 urtetik gorakoek iritzi positiboagoa dute mundu osoan, txertoen inguruan. Hor egon daiteke gure kontinenteko eszeptizismoaren gakoetako bat: poliomielitisa eta beste zenbait gaitz zer diren ere ez dakite europar askok eta askok, eta nekez izango diete beldurra ezagutu ere egin ez dituzten gaixotasunei. Paradoxikoa da: neurri handi batean txertoei esker desagertu dira gure artetik gaitz asko, baina ezagutu ez ditugunez, gutxietsi egiten ditugu gaitza bera, eta haren kontrako txertoa.

Larsonek laburbildu bezala, “osasun publiko globalaren hobebeharrez, funtsezkoa da txertoei buruz dauden jarrerei maiz behatzea, konfiantzan beheranzko joera duten estatuak eta taldeak azkar identifikatzeko. Jarrera aldaketa hori zergatik gertatzen ari den azkar ikertu dezakegu hala. Horrek aukera emango liguke elgorria, polioa eta meningitisa bezalako gaitzen balizko agerraldiei aurrea hartzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa

Heidi J Larson, Alexandre de Figueiredo, Zhao Xiahong, William S Schulz, Pierre Verger, Iain G. Johnston, Alex R Cook, Nick S Jones. The State of Vaccine Confidence 2016: Global insights through a 67-country survey. EbioMedicine.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.