Txertoen segurtasuna erdigunean

COVID19 · Dibulgazioa

Koronabirusarengatiko pandemia kontrolatu ahal duen txertoaren informazioa hurbiltzen den heinean, gizartearen zati handi batek dio ez dutela lehenengoak izan nahi txertoa jartzen eta, beharbada, ez direla txertatuko ere. Ez dira benetako negazionistak, baina konfiantza falta dago SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoekiko, arin egin direlako eta, hortaz, seguruak izango ote diren beldurra dago agian.

Europar Batasunean 2018an egindako inkesta batean galdetu egin zen ea bakoitzaren ikuspuntutik txertoak seguruak ote ziren. Inkestatutakoen % 82,1ek hala direla uste zuen, eta Espainiar Estatuan % 91,6raino igo zen ehuneko hori: emaitza askoz altuagoa gertuko herrialde batzuekin alderatuta.

Historikoki, txertoak inoiz egin diren osasun publikoko neurririk arrakastatsuenen artean daude. Urtero 6 milioi heriotza inguru saihesten dute mundu osoan.

Osasunari buruz hitz egiterakoan, zero arriskua ez da inoiz existitzen. Baina dudarik ez dago handiagoa dela txertorik ez jartzeko arriskua, eta beraz, gaixotasuna pairatzeko arriskua, txertoak daukana baino. Esate baterako, elgorria gaitza pairatzen duten 20tik batek pneumonia izateko arriskua du; 2000tik batek, entzefalitisa izateko; eta 3000tik batek, hiltzeko. Elgorriaren kontrako txerto hirukoitzak duen arriskua, aldiz, hauxe da: milioi bat hartzailetik batek entzefalitis izan dezakeela.

1. irudia: “Txertoak seguruak direla uste dut” adierazpenaren erantzuna Europar Batasunean egindako inkestan. (Iturria: Europako Batzordea – State of vaccine confidence in the EU 2018)

Garapenean segurtasuna erdigunean

Txertoa garatzeko egiten diren entsegu klinikoetan segurtasuna bermatzea da abiapuntu nagusietakoa. Txerto berri bat merkatuan jartzeko baimena eman aurretik aztertu egiten dira sortzen dituen ondorio kaltegarriak. Alde batetik, interes bereziko kontrako ondorioen identifikazioa egiten da eta, bestetik, segurtasun klinikoaren analisi metatuak; hau da, neurtu egiten da egin diren entsegu kliniko horietan zenbat arazo agertu diren txertatu diren boluntarioetan.

Baina, aldi berean, behin txertoa baimenduta dagoelarik eta merkatuan dagoelarik gizarteko edonork erabili ahal izateko, segurtasunaren zainketak jarraitzen du uneoro alerta-seinaleak lehenbailehen emateko prest txertoa jarri ondoren kontrako ondorioren bat agertuz gero.

Kontuan hartu behar da entsegu klinikoen kontrol zorrotzek ez dutela uzten, kasu guztietan, nahi ez den ondorioren bat dagoela egiaztatzen, boluntario kopurua mugatua baita, nahiz eta hori handitzen joan den urteekin. Laurogeiko hamarkadan, esate baterako, B hepatitisaren aurkako txertorako 800 boluntario erabili ziren; 2000n, aldiz, pneumokokoaren aurkako txertorako 60.000 haur izan ziren boluntarioak, eta gaur egungo COVIDaren aurkako txertoetarako 40.000-60.000 boluntariotan probatzen ari dira txerto bakoitza. Populazio kopuru handietan (milioi pertsona) txertoek izan dezaketen eragina ezagutzeko aukera bakarra txertoa jarri eta behatzea da, eta, horretarako, zainketa hurbiletik egin behar da, eta berehala.

Kontrako ondorioak

Albo-ondorioen % 90 baino gehiago txertoa eman ondoko 40 egunetan agertzen dira. Txertoak eragindako kontrako ondorio gehienak arinak eta iragankorrak dira, eta ziztatu den lekuko minera, gorritasunera edo edemara mugatzen dira. Lehenengo 4 orduetan agertu eta ordu gutxiren ondoren desagertzen dira. Batzuetan ere, gorputz osoko erreakzioa ager daiteke, hala nola sukarra.

Bigarrenik, biltegiratze, manipulazio edo administrazio akatsekin lotutako erreakzioak ager daitezke. Kasu horiek saihesteko ezinbestekoa da txertoa jartzen duten osasun-langileek administrazio-tekniken berri izatea eta erabilitako txerto-prestakinekin trebatuta egotea.

2. irudia: Onartutako txerto guztiei proba zorrotzak egiten zaizkie entsegu klinikoen faseetan, eta jarraiko ebaluazioa egiten zaie merkaturatu ondoren ere. (Argazkia: Willfried Wende – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hirugarrenik, badira, horrez gain, kontrako ondorio larriak edo oso larriak. Zorionez horiek oso bakan agertzen dira (100 txertatutatik 0,001ean ager daiteke). Ondorio horietariko bat erreakzio alergikoa izatea da txertoak duen konposatu baten aurrean, baina halako erreakzioa sarritan milioi bat txerto jarri ondoren atzeman daitezke. Horregatik, txertoa eman ondoren, komeni da 15-30 minutuko zaintza-aldi bat egitea, txertatutakoak ondorio kaltegarriak izango balitu berehala artatzeko.

Horrez gain, batzuetan aldi-baterako erreakzioak ager daitezke. Hau da, txertoaren administrazioarekin aldi berean agertzen diren erreakzioak, baina pazienteak txertoa jaso ez balu ere adieraz zitezkeenak. Horiek, beraz, ez daude txertoarekin erlazionatuak.

Txertoen segurtasuna zaintzeko sistemak

Osasunaren Mundu Erakundeak badu txertoen segurtasunari buruzko aholku-batzorde orokor bat. Modu lokalean autonomia-erkidego bakoitzak botika guztien ondorio kaltegarriak aztertzen ditu, txertoak barne, eta gero Espainiako Medikamentuen eta Osasun-produktuen Agentziako farmakozaintza-sistemari jakinarazten zaizkio. Nazioarteko beste agentzia batzuekin kontaktuan jarriz, ustezko ondorio kaltegarri horiek aztertzen dira.

Azterketa horretan begiratzen da ea txertoa ematearen eta kontrako ondorioa agertzearen artean denbora-harremana dagoen. Horrez gain, ikusi egin behar da kontrako eragina txertoaren toxikotasunarekin lotuta ote dagoen edo ebidentzia zientifikoak erakutsi ote duen kontrako ondorioak izateko arrisku handiagoa dagoela txertoa jarri zaien pertsonetan txertatu gabeetan baino.

Aurreikusitako bigarren mailako ondorio baten eta txertoaren artean loturaren bat dagoela ziurtatzen denean, osasun-agintariek berehalako erabakia hartzen dute, arriskuak eta onurak egiaztatuz eta aztertuz, eta txertoen gomendioak aldatu behar ote diren erabakitzen dute, aukeretako bat delarik txertoa bertan behera uztea ere.

Agentzia arautzaileek eskatzen dituzten baldintza zientifiko-teknikoak gainditu ondoren, onartu egiten da aztergai den txertoa segurua eta eraginkorra dela. Gainera, txertoa merkaturatu ondoren, etengabe zaintzen da haren segurtasuna. Txertoen segurtasunarekin lotutako arazo errealek edo sumatuek eragin negatiboa dute txertaketa-programetan, eta oihartzun handia dute biztanlerian eta komunikabideetan.

Bukatzeko, historiak eta, beraz, esperientziak erakutsi diguna hauxe da:

TXERTORIK EZ JARTZEKO arriskua txertoari lotutako arriskua baino HANDIAGOA dela.

Iturriak:


Egileaz:

Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.