Koleraren aurkako txertoa, mikrokapsuletan

Vibrio cholerae, kolera eragiten duen bakterioa

Vibrio cholerae, kolera eragiten duen bakterioa

EHUko ikertzaile baten lanari esker, hotz katerik behar ez duen koleraren aurkako txerto bat garatzeko bidea ireki da

Kolera inaktibatua bezain eraginkorra da mikrokapsularatutako txertoa. Horrez gain, erraz dosifikatu eta manipula daiteke eta, gainera, txertoa garraiatzea eta banatzea horrenbeste garestitzen duen hotz katea saihestu daiteke. Horiexek dira joan den ekainaren bostean, EHUko Farmazia Fakultatean Marta Pastorrek defenditu zuen nazioarteko doktorego tesiaren ondorio nagusiak. ‘Gastro-resistant microparticles as an oral cholera vaccine approach’ da tesiaren izenburua eta José Luis Pedraz eta Amaia Esquisabel doktoreak aritu dira zuzendari lanetan. Ikerketa-taldeak lorturiko emaitzak, nazioarteko farmazia-teknologiako aldizkari batean argitaratu dira1.

Txertoak eraginkorragoak izan daitezen, antigenoak mikrokapsularatzearen aukera balioztatzen ari dira azken urteotan. Mikropartikula baten barruan sartuz gero, antigeno batek desberdin jokatzen du antigeno disolbagarriarekin alderatuta, eta sistema immunearekin modu eraginkorragoan aritzen da bien arteko elkarrekintzan.

Txertoa, “spray drying” edo atomizazio bidezko lehortzearen bidez mikrokapsularatu zen lan honetan. Polimero gastrorresistenteak erabili ziren horretarako. Erabilitako mikrokapsulak pH mendeko disolbagarriak dira; hau da, urdaileko azidoetatik babestuta dago botika, baina pH alkalinoaren azpian, mikrokapsula disolbatu egiten da eta, duodenoaren edukia alkalinoa denez, bertan askatzen da txertoa. Horixe da, hain zuzen ere, doktoregaiak nahi zuena, koleraren aurkako erantzun immunea duodenoan sortzen delako.

Kolera inaktibatua bezain eraginkorrak dira tesi lan honetan prestatutako mikropartikulak. Horrez gain, mihipeko konprimituak, kapsulak edo aho bidezko suspentsioak prestatzeko erraz dosifikatu eta manipula daitekeen hautsa izatearen abantaila ere badute. Halaber, urtebete 25º C-ko tenperaturan egon eta gero antigenizitate eta gastrorresistentzia mantentzen direnez, posible izango litzateke txertoaren garraioa eta banaketa horrenbeste garestitzen dituen hotz katea saihestea.

Nazioarteko lankidetza

Marta Pastor, doktore-tesiaren egilea

Marta Pastor, doktore-tesiaren egilea

Farmazia eta Farmazia Teknologia saileko laborategiko NanoBioCel taldea eta Kubako Finlay Institutua lankidetzan aritu dira, eta esfortzua eta ezagutza uztartu dituzte koleraren aurkako txerto inaktibatu bat garatzeko mikrokapsularatzearen bitartez. Lankidetza horri esker, ezagutza trukatu dute bai maila mikrobiologikoan, bai farmazia teknologiaren arloan.

Vibrio cholerae delakoa XIX. mendetik ezagutzen den arren, urteko hiru eta bost milioi pertsona artean infektatzen dira egun eta 100.000 eta 120.000 heriotza inguru eragin ditzake. Koleraren ondorioak are suntsitzaileagoka dira osasun azpiegitura urriak dituzten eremuetan, hondamendi naturalak gertatu ondoren edo gerra gatazketan.

Gaur egun koleraren aurkako zenbait txerto daude, baina Vietnamen baino ez dira egiten herritarrei jartzeko kanpainarik. Existitzen diren txertoak eraginkorrak direla frogatuta dago. Alabaina, prezioa nabarmen merkatuko litzateke hotz katea saihestea posible izango balitz eta, gainera, txerto horiei esker, gaixotasun honen kontrako borroka errazagoa izango izango litzateke.

References

  1. Pastor M., Esquisabel A., Talavera A., Año G., Fernández S., Cedré B., Infante J.F., Callicó A. & Pedraz J.L. (2013). An approach to a cold chain free oral cholera vaccine: in vitro and in vivo characterization of Vibrio cholerae gastro-resistant microparticles, International Journal of Pharmaceutics, 448 (1) 247-258. DOI:

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>