Antzutasun maskulinoaren biomarkatzaile berrien bila
EHUko ikertzaileek protokolo sendo bat garatu dute espermatozoideen erreakzio metabolikoetan parte hartzen duten molekulak detektatzeko. Metodo berriak lagin txikietan ere analisi zehatzak egitea ahalbidetzen du, eta orain arte identifikatutako biomarkatzaile potentzialen kopururik handiena detektatzeko aukera eman du; aurrerapen horrek antzutasun maskulinoaren diagnostikoan eta etorkizuneko konponbide klinikoen garapenean lagundu dezake.
Giza antzutasuna osasun- eta gizarte-arazo garrantzitsua da. Munduko biztanleriaren % 17,5ari eragiten dio gutxi gorabehera, eta faktore maskulinoekin lotuta daude kasu guztien ia erdiak. Gaur egun, seminograma bat eginez aztertzen da gizonezkoen ugalkortasuna; zenbait parametro orokor neurtzen dira mikroskopio bidez: laginaren bolumena, espermatozoideen kontzentrazioa, mugikortasuna, morfologia eta abar. “Hori interesgarria bada ere, ez da nahikoa. Seminograma batek ez dauka diagnostikorako eta pronostikorako gaitasunik. Balio horiek normalak izateak ez du esan nahi pertsona bat ugalkorra denik”, azaldu du Irune Calzado Giza Ugalkortasunaren taldeko ikertzaileak. Beraz, premiazkoa da gizonezkoen antzutasuna hobeto ebaluatzeko biomarkatzaile fidagarriak aurkitzea.

Espermatozoideen metabolismoan parte hartzen duten molekulen multzoari erreparatu diote EHUko ikertzaileek. Horretarako, metabolomika erabili dute, metabolitoak aztertzen dituen teknika. Metabolitoak organismoan gertatzen diren erreakzio metabolikoen produktu eta bitartekariak dira: lipidoak, aminoazidoak, proteinak, azido nukleikoak, karbohidratoak eta abar. Informazio asko ematen dute: “Adibidez, metabolitoak aztertuz jakin daiteke ea gaixotasunen batean bide metabolikoren bat alteratuta dagoen”, azaldu du ikertzaileak.
Orain arte arlo honetan egin diren ikerketa gehienak semenaren plasman oinarritu dira, baina ez espermatozoideetan. Hain zuzen ere, Giza Ugalkortasuneko ikertzaileek metodologia zehatz bat garatu dute ikerketa hori espermatozoideetan egin ahal izateko. EHUko ikertzaileek hainbat erronka metodologikori aurre egin behar izan diete, espermatozoideak aztertzeak zenbait zailtasun baititu: “Oso zaila da espermatozoideak apurtzea, oso gogorrak dira. Horrenbestez, maiztasun altuko ultrasoinu bidezko teknika bat optimizatu behar izan dugu (sonikazioa), ziurtatzeko espermatozoideak ondo apurtzen direla eta bertako metabolito guztiak erauzten ditugula”, dio Calzadok.
Bestalde, paziente batzuk oso espermatozoide gutxi isurtzen dituzte, eta lagin horietan are zailagoa da metabolitoak detektatzea. Beraz, jakin nahi izan dute zer espermatozoide-kantitate txikienarekin detekta daitekeen metabolito-kantitaterik altuena. Ikertzaileek egiaztatu dutenez, “1,25 milioi espermatozoideko lagina da emaitza fidagarriak ematen dituen lagin txikiena. Hori izan da ikerketaren beste erronketako bat: etorkizunean, espermatozoide gutxi dituzten laginetatik abiatuz diagnostiko hobea eman ahal izateko urratsak ematea”, erantsi du.
Biomarkatzaile potentzialak: 955 metabolito eta 473 lipido
Hala, EHUko Giza Ugalkortasunaren taldeak garatutako metodologia sendoari esker, lipidoen eta metabolitoen analisi zabala egin daiteke zelula-kantitate minimo batetik abiatuta. Masa-espektrometria erabiliz espermatozoideak izan ditzaketen biomarkatzaile potentzialak determinatu dituzte ikertzaileek. Orain arte inoiz ez bezala, espermatozoideetan 955 metabolito eta 473 lipido egon daitezkeela identifikatu dute. “Espermatozoideen metabolitoen ikuspegi orokor bat lortu dugu. Hemendik aurrera, patologia bakoitzean metabolito horiekin zer gertatzen den ikertzen hasi beharko genuke. Antzutasuna duten pazienteek zer alterazio dituzten aurkitu behar da orain. Litekeena da, adibidez, patologiaren batean lipido batzuk, edo proteina batzuk, ez aurkitzea edo kantitate handiagoa egotea, txikiagoa, eta abar. Hori dena ikertzeko dago”, azaldu du EHUko ikertzaileak.
EHUko Giza Ugalkortasunaren taldeak plataforma sendoa lortu du etorkizunean gizonen ernalezintasuna diagnostikatzeko biomarkatzaileak eta aplikazio klinikoak aurkitzeko. “Honek ateak irekitzen ditu paziente horiei diagnostiko eta tratamendu hobea emateko. Aurrerapauso garrantzitsua lortu dugu, orain patologia bakoitzaren biomarkatzaileak bilatzea da helburua”, ondorioztatu du.
Ernalezintasun maskulinoaren ikerketa hastapenetan dago; izan ere, “historikoki ikerketa gehiena emakumeetan egin da. Antzutasunaren pisu handiena emakumeei jarri izan zaie beti. Baina frogatuta dago ernaltzeko ezintasuna bikotearen arazoa dela”, dio Calzadok. Kasuen % 30 emakumeen faktoreekin lotuta daude; beste % 30ak jatorri maskulinoa du, eta gainerakoek kausa mistoak dituzte edo azaldu gabeko antzutasunarekin lotuta daude. Beraz, emakumezkoek eta gizonezkoek antzeko pisua daukate arazo honetan, baina historikoki arazoa ez da gizonezkoetan ikertu. “Horregatik, gure ustez, arlo honetan ikerketa asko dago egiteko oraindik, eta horretan aritzea da gure helburua”.
Iturria:
EHU prentsa bulegoa: “Antzutasun maskulinoaren biomarkatzaileak identifikatzeko metodologia berri bat garatu dute“.
Erreferentzia bibliografikoa:
Lipidomic and Metabolomic Profiling on Low-Count Human Spermatozoa: A Robust and Reproducible Method for Untargeted HPLC-ESI-MS/MS-Based Approach. Cells, 15, 7. DOI: 10.3390/cells15070649