Asteon zientzia begi-bistan #299

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

SARS-CoV-2 birusa detektatzeko CRISPR-en oinarritutako diagnostiko azkarreko tresna azkar bat proposatu dute; emaitza 45 minutu inguruan ematen du, RT-PCR proben antzeko zehaztasunarekin. Elhuyar aldizkariak azaldu du COVID-19 gaitza duten 36 pazienteren eta bestelako arnas gaixotasunak dituzten 42ren laginak hartu dituztela. Kasu positiboetan, %95eko zehaztasuna lortu zuten, eta negatiboetan, berriz, %100ekoa.

COVID-19 gaitza detektatzeko testez hitz egiten ari gara egunero baina Berrian Ana Galarragak esaten digun moduan, hauek mugak aurkezten dituzte. Smriti Mallapaty ikertzaileak Nature aldizkarian dio testen ahalmenari balio handiegia eman zaiola, eta txikiegia haien mugei. Zeintzuk dira, hortaz, muga hauek? Halere, ez dugu ahaztu behar testak ezinbesteko tresnak direla jakiteko zenbat hedatu den eta nori eragin dion pandemiak.

Testez gain, maskarak izan dira gizartearen kezka nagusia. Zer dakigu bere erabilerari buruz? Horiek erabiltzea beharrezkoa al da? Zenbat mota daude? Denok eskuragarri izango ditugu? Berrian honen ingurukoak.

Eta ildo honi jarraiki, artikulu honetan maskara motak eta horiek egiteko erabiltzen diren materialez mintzatu dira. Oro har, bi maskara mota daude: kirurgikoak eta babes-maskarak. Horiez gain, baina, beste batzuk aipatzen dira: maskara higienikoak eta etxean egindakoak. Ez galdu horiei buruzko azalpen argigarriak!

Denok gaude konfinamendu hau noiz bukatuko den zain. Bada Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) bere irizpideak argitaratu ditu transmisio komunitarioko agertoki iraunkor batetik transmisio txikiko agertoki batera igarotzeko. Artikulu honen bidez, Miren Basarasek bildu dizkigu irizpide horiek. Ez galdu!

Miren Basarasek artikulu honetan galdera bat planteatzen digu: benetan prestatu gara eta neurriak aldez aurretik hartu dira pandemia hipotetiko horri aurre egiteko? Hain justu, iazko irailean OMEk eta Munduko Bankuko aditu-talde batek txosten bat kaleratu zuten eta bertan ohartarazi zuten osasun larrialdi global baten arriskuaz. Oro har, bertan azaltzen zen ez dagoela nahikoa egiturarik hurrengo pandemia hilgarriari aurre egiteko.

Noiz arte iraungo du urruntze sozialak? Ez dakigu neurri honek zenbat iraungo duen baina badirudi luzarorako joango dela. Halaxe dio Harvard institutuko ikertzaile batzuek lan batean: aurreikusten dute 2022 arte derrigorrezkoa izango dela koronabirus berri honen transmisioa gainditu ahal izateko. Berrian informazio guztia.

Bizi dugun pandemiak ondorio psikologikoak utziko dituela esan dute adituek. OMEk ere ohartarazi du “leku guztietan artatu beharko dela jendearen buru osasuna: lanean, eskoletan, gizarte zentroetan…”. Pandemiak ekar ditzakeen ondorio psikologikoak hondamendi eta gerretakoekin parekatu ditu gainera. Testu honetan, Maite Elizondo psikologoaren eta Iñaki Markez eta Blanca Morera psikiatren hausnarketak aurkituko dituzue.

SARS-CoV-2 birusa eta tabakoaren artean harremana dago Pitié Salpêtrière Parisko ospitalean egindako ikerketa baten arabera. Hipotesi moduan argitaratu dute: tabakoa erretzea aldagai babeslea da COVID-19aren aurrean. Ikertzaileen ustez, giltza nikotina izan daiteke. Izan ere, SARS-COV-2 birusak erasotzen dituen zelula askok nikotinaren errezeptoreak dituzte. Berrian irakur daiteke.

Jose Antonio Lozano BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko zuzendaria elkarrizketatu dute Berrian. Antza lantalde berezi bat sortu dute eta UPV/EHUrekin eta Ikerbasquerekin elkarlanean ari dira Eusko Jaurlaritzakoek erabakiak informazio gehiagorekin hartu ahal ditzaten. Haren esanetan, bi lan dituzte: “Alde batetik, epe motzera begira aurreikusten saiatzea, ea zenbat jende ospitaleratu beharko den eta zenbatek egon beharko duten zainketa intentsiboetako unitateetan [ZIU]; bestetik, luzera begira, eredu makroago bat edukitzea, ikusteko gaitzak nola eboluzionatuko duen eta gobernuaren neurriek nola eragiten duten kutsatuen kopurua”.

Munduan zehar egin diren hainbat ikerketak ondorioztatu dute COVID-19ak kutsadura gehien duten hirietan duela eraginik latzena. Berriako testu honetan, egin diren azterlanen emaitzak irakurtzeko parada izango duzue. Adibidez, Harvardeko Unibertsitateko T.H.Chan Osasun Publikoko Sailak egindako ikerketa baten arabera, PM 2,5 partikulen kutsadura gehien duten Ameriketako Estatu Batuetako hirietan ari da koronabirusa jende gehien hiltzen. Europan egindako azterlanak ere ondorio berdinera iritsi dira. Ez galdu!

Genetika

Azken hilabete hauetan birusak bilakatu dira gure bizitzaren erdigune. Egoera honi jarraiki, Koldo Garcia genetikariak birusei buruz dugun iritzi negatibo hori zokoratu du eta gugan bizi diren birusak izan ditu mintzagai honetan. Hasteko, biroma osatzen duten birusak hiru talde handitan sailka daitezkeela aipatu -erretrobirus endogenoak, zelula eukariotoen birusak eta bakteriofagoak-, eta horiei buruz hitz egin digu. Aukera polita duzue ikusteko gugan bizi diren birus batzuk garrantzitsuak direla, adibidez, gure mikrobiota osasuntsu mantentzeko.

Pandemia honek ekarri dituen gaiak eta arloak askotarikoak izan dira. Horien artean, eta animaliei dagokienez, pangolinak eta saguzarrak aipatu dira. Koldo Garciak bi animalia hauek hizpide hartuta, euren genetikaz mintzatu zaigu, beste ertz batetik, alegia, ikuspegi osoa izan dezagun.

Zer da zitokinen ekaitza? Immune-sistemaren gehiegizko erreakzio bat da. Garciak azaltzen digunez, bertan zelula txuriek kontrolik gabe ekoizten dituzte zitokinak deitzen diren molekulak. Eta prozesu horretan zein genek hartzen du parte? Erantzuna, artikulu honetan.

COVID-19 pandemiak behartu gaitu historian jazotako beste pandemia eta epidemia ugari gogoratzera. Garciak testu interesgarri batzuen bitartez, HIESa, Ebola eta Kolera aurkeztu dizkigu. Aukera paregabea duzue historian atzera egiteko! Ez galdu!

Medikuntza

Europako bost estatutan –Espainian, Frantzian, Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan– egindako inkesta batek gurasoek txertoekiko duten jarrera aztertu dute. Emaitzen arabera, Espainiako gurasoak dira txertoekiko konfiantza handiena dutenak (%94). Tartean, Alemania (%88), Italia (%87) eta Erresuma Batuko (%86) gurasoak daude eta azkenik, Frantziako gurasoak (%73). Elhuyar aldizkarian topatuko dituzue xehetasun gehiago.

Eboluzioa

Gizakiok hitz egiteko behar ditugun bide neuronalak uste zena baino lehenago garatu zituzten primateek. Orain arte uste zen duela 5 milioi urte sortu zela konexio hori baina orain badirudi duela 25 milioi urte sortu zela ikerketa batek aditzera eman duenez. Ikertzaileentzat harrigarria izan da aurkikuntza hori. Elhuyar aldizkarian xehetasunak.

Orain dela gutxi egindako azterlan batek duela 5.500 eta 3.000 urte artean Europan bizi ziren gizabanakoen genomak eta egungo europarrenak konparatu ditu. Bertan, oinarri genetikoan aldaketa gehien eta gutxien izan duten funtzioak identifikatu dira. Halaber, funtzio hauetan parte hartzen duten aldaera genetikoak hartu dira kontuan. Testu honetan funtzioetako batzuk azaltzen dira adibide gisa, gure giza espeziaren bilakaera ikusteko.

Emakumeak zientzian

Tina Negus zoologoak (Erresuma Batua, 1941) hamabost urte zituenean teoria zoro bat proposatu zuen: organismo konplexuen bizitza frogatzen zuen Charnia masoni fosil bat aurkitu zuen baina fosil hori bizia oraindik existitzen ez zen garaikoa zela gaineratu zuen, hau da, Kanbriarraurreko arokoa zela esan zuen (beranduago egiaztatu zen Ediacararra garaian izandako bizimodua zela). Baina ez zen hemen bukatu istorioa. Izan ere, urte batzuk beranduago, fosil hori jada ez zegoela jabetu zen. Nork hartu zuen Negusek aurkitutako fosila? Emakume zientzialari honen ingurukoak artikuluan.

Astrofisika

Orain arte ikusitako supernobarik argitsuenaren berri eman dute; SN2016aps izenekoa argitsuena, energetikoena eta masiboena da, aurkitzaileen arabera. Testuan azaltzen diguten moduan, supernoba batek egiten duen eztanda halako hamar izan da oraingoa eta jatorrizko izarraren tamaina gure Eguzkiarena halako 50-100 izan dela uste dute.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.