Gugan bizi diren birusak

Koldo Garcia

Azken asteotan birus batek gure bizitzak irauli ditu. Urtarrilaren bukaeran, oraindik urrunetik zetorren zurrumurrua baino ez zenean, Miren Basarasek aurkeztu zigun birus berria Zientzia Kaieran bertan; Josu Lopez-Gazpiok ere birusei buruzko argibideak eman dizkigu, birusak nolakoak diren azalduz edo zeluletara nola sartzen diren azalduz, hain zuzen ere. Birusak beti lotzen ditugu gaixotasunekin eta ikuspuntu negatiboa dugu haietaz, baina gugan ere bizi dira.

Genoma izena ematen zaio gene-osagaien multzoari; proteoma deitzen zaio proteinen multzoari; metaboloma, metabolitoen multzoari. Horrela izendatzen da maila omiko bakoitza. Era horretan, mikroorganismoen multzoari mikrobioma deitzen zaio eta, mikrobiomaren barruan, biroma izenez ezagutzen da birusen multzoa. Biroma osatzen duten birusak hiru talde handitan sailka daitezke: erretrobirus endogenoak, zelula eukariotoen birusak eta bakteriofagoak.

Erretrobirus endogenoak hainbat animaliaren genoman aurkitzen diren birusen arrastoak dira. Giza genomaren kasuan, % 8 birus horien sekuentziak dira, antzina gure arbasoek pairatutako infekzioen isla. Berez, erretrobirus endogenoak ez daude aktibo gure espeziean; hau da, ez dute bere burua kopiatzeko gaitasunik. Hala ere, hainbat gaixotasunekin lotura dutela ikusi da. Esate baterako, aktibo daudela ikusi da minbizi mota batzuetan, esklerosi anizkoitzean eta artritis erreumatoidean. Horrez gain, sekuentzia fosil hauek baliagarriak dira funtzio berriak eskuratzeko ere, berrerabili egiten baitira haien sekuentziak. Adibidez, plazenta osatzeko ezinbestekoa den gene batek birus hauen sekuentzia batean du jatorria. Giza genomaren parte direnez, erraza da haiei buruzko gene-informazioa lortzea eta, hortaz haiek identifikatzea ez da lan zaila.

1. irudia: Gure genometan badira birus fosilak, antzinako infekzioen aztarna direnak. (Argazkia: Laurent Arroues – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Zelula eukariotoen birusak dira birus hitza irakurtzen dugunean burura etortzen zaizkigun birusak, gaixotasunekin lotura duten birusak, hain zuzen ere. Gizakion zelulak infektatzeko gai diren birusez gain, multzo horretan biltzen dira gurekin bizi diren protozooak eta onddoak infektatzeko gai diren birusak ere. Gaixotasunekin lotzen ditugun arren, horietako hainbat birusek ez dute zertan sintomarik sortu; edo latente gera daitezke. Horren adibiderik argiena herpesaren birusa da, giza populazioaren % 65 inguruk birus hori baitu. Zelula eukariotoen birusen identifikazioa neketsua izan ohi zen sekuentziazio masiboen aurretik. Orain, teknika horiei esker, birusen gene-materiala errazago eskura eta azter daiteke, ez baita beharrezkoa birusak laborategi batean haztea aztertu ahal izateko. Hala, lortu da birusen andui berriak identifikatzea eta ikusi da presente daudela giza gorputzeko hainbat organotan. Horri esker, ondorioztatu da aurretik birusen parte-hartzea ezezaguna zuten hainbat gaixotasunetan parte hartzen dutela; edo gaixotasun berean birus talde edo andui ezberdinek parte hartzen dutela.

2. irudia: Zelula eukariotoak infektatzen dituzten birusak dira gehien ezagutzen ditugunak. (Argazkia: PIRO4D – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Bakteriofagoak dira bakterioak infektatzeko gai diren birusak, askotan fago deiturara laburtzen direnak. Birus horiek gero eta interes gehiago izaten ari dira mikrobiotan —adibidez, hesteko floran— duten eraginagatik. Dirudienez, dietak baldintzatzen ditu hesteko mikrobiotan agertzen diren fagoak; eta fagoen banaketa gorputzeko atal bakoitzean espezifikoa bada ere, handia da indibiduoen arteko aldakortasuna. Fagoek, gainera, gure bakterioak infektatzeaz gain, bakterio horien arteko gene-elkartrukea errazten dute. Horrela, bakterioek gene-funtzio berriak lor ditzakete. Zelula eukariotoen birusekin gertatzen den bezala, sekuentziazio masiboei esker posible da fagoak identifikatzea.

3. irudia: Bakterioak infektatzen dituzten birusek gure mikrobiota moldatzen dute (Argazkia: Baroco Ferison – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hala ere, sekuentziazio masiboei esker zelula eukariotoen eta prokariotoen birusak identifikatzea erraztu bada ere, oraindik erronka handiak daude biroma bere osotasunean behar bezala karakterizatu ahal izateko. Alde batetik, birusak DNAz edo RNAz osotuta egon daitezke eta ezberdina da mota bakoitzetik gene-informazioa eskuratzeko prozedura. Horrek lagin bakoitzetik lor daitekeen gene-informazioa mugatzen du. Beste alde batetik, behin birusen sekuentziak lortu direnean, ezagutzen diren birusen sekuentziekin konparatzen dira sekuentzia horiek identifikatzeko. Hortaz, jada ezaguna denak identifikazioa mugatzen du, eta birusen sekuentzia batzuk sailkatu gabe edo talde oso orokorretan sailkatuta gera daitezke. Bi faktore hauen ondorioz, galdu egiten da biroma behar bezala aztertzeko bereizmena.

Biroma ezagutzea beharrezkoa da hainbat gaixotasunetan duten funtzioagatik. Agerikoa da infekzioak sortzen dituzten birusak hainbat gaixotasunen eragile direla. Baina birusek beste gaixotasun batzuetan hain agerikoa ez den funtzioa ere izan dezakete. Hala, ikertu da biromak zein eragin duen diabetesean, hesteetako hanturazko gaixotasunean edo minbizi mota batzuetan. Gaixotasun horietan, aldaketak detektatu dira biromaren osaketan eta, hortaz, haren ikerketan sakontzea beharrezkoa dela dirudi.

Gugan bizi diren birusak gero eta gehiago ezagutzen baditugu ere, oraindik lan asko dugu aurretik. Batzuek gaixotasunak sor ditzakete, bai, baina beste batzuk gure mikrobiotaren parte diren heinean, garrantzitsuak ere badira gure mikrobiota osasuntsu mantentzeko. Gainera birusek moldatzen dituzte bai gure genoma bai gugan bizi diren bakterioen genomak. Oro har, birusei buruz ikuspuntu negatiboa badugu ere, ezin da ukatu eboluzio-eragile garrantzitsuak direla.

Erreferentzia bibliografikoa:

Santiago-Rodriguez, T. M., et al. (2019). Human Virome and Disease: High-Throughput Sequencing for Virus Discovery, Identification of Phage-Bacteria Dysbiosis and Development of Therapeutic Approaches with Emphasis on the Human Gut. Viruses, 11 (7), 656. DOI: 10.3390/v11070656.

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

—————————————————–

2 iruzkin

Eman iritzia

Itxialdirako genetika (36): Gainontzeko epidemiak (III) – Kolera – Edonola

[…] dituztelako. Hiru bide nagusi erabiltzen dituzte gene-zati horiek jasotzeko eta banatzeko. Baga, bakteriofagoek gene-zatiak bakterio batetik bestera mugitzea (txirriporro jarrita transdukzio deitzen zaio […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>