Euren burua etxekotutako azeriak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Dmitri Beliaiev genetista zen, eta Mendelen genetika zientzia faltsutzat hartzen zeneko garai eta herrialde batean bizi eta lan egin zuen. Herrialdea Errusia zen, eta garaia, berriz, Iosif Stalinek Sobietar Batasuna gobernatzen zuenekoa, XX. mendearen erdialdeko hamarkadak, hain zuzen. Genetista batzuei zigor gogorrak ezarri zizkieten zientziarekiko atxikimendua izateagatik, eta zenbaitzuk hil ere egin ziren horregatik. Beliaievek, ordea, Larrugintzarako Animalien Ugalketako Departamentuan zuen lanpostua mantentzea lortu zuen, bere ikerlanak fisiologia ikerketa gisa aurkezten zituelako. 1948an, ordea, kendu egin zioten departamentuko zuzendari kargua. 1953an, Stalin hil zenean, gauzak hobetu egin ziren genetistentzat, eta 1958an SESBeko Zientzien Akademiako Siberiako Dibisioan hasi zen lanean, eta horko Zitologia eta Genetika Institutuko zuzendari izendatu zuten 1963an, eta lanpostu hori izan zuen hil arte (1985).

Institutu horretan, Liudmila Trut zientzialariarekin batera, esperimentu bat garatu zuen, zeina biologiaren historian irismen handieneko bat bihurtu den, bai iraupenagatik (martxan jarraitzen du), bai edukiagatik. Azeri zilarkarak (Vulpes vulpes espeziaren barietate bat) itxian hazi zituzten, eta belaunaldi bakoitzetik otzanenak hautatzen zituzten. Hamargarren belaunaldian, kumeen % 18 otzanak ziren, eta hogeigarrenean, berriz, otzantasun hori banakoen % 33ra ere iritsi zen. Horrela, otzanenak hautespen artifizial bidez ugaltzeko programa baten bidez, azeri zilarkara etxekotuak lortu zituzten.

Irudia: Bi azeri gazte hirigunean. (Argazkia: Klaus Reiser – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Beliaiev eta Truten esperimentu horren alderdirik interesgarriena da egiaztatu zutela azeri etxekotuetan ezaugarri multzo bat agertzen ari zela: etxekotze sindrome edo fenotipo deritzo ezaugarri multzo horri. Beste espezie batzuetan jada ikusitako zerbait da etxekotze sindromea, eta Darwinek berak ere deskribatu zuen. Sindromearen berezko ezaugarri anatomikoak, etxekoturiko animalia espezie guztietan agertzen ez badira ere, honako hauek dira: belarri eroriak, pigmentazio irregularra (batzuetan orbanekin), aurpegi (edo mutur) motza, atzeko hagin txikiagoak, garezur biribil eta txikiagoa, eta gorputza ere txikiagoa. Helduaroan haurtzaroko ezaugarri jakin batzuk mantentzen dituzte (neotenia deritzo fenomeno horri), eta emankorragoak dira. Gainera, kanpoko estimuluekiko erreakzioaren atalasea altuagoa da animalia etxekotuetan, eta gutxiago beldurtzen dira beste espezie batzuk dituztenean gertu.

Etxekotze sindromea, dirudienez, gandor neuraleko –ornodunen enbrioi garapenaren egitura bereizgarri bat– zelulen kopuruaren defizit arin batzuen ondorio da. Eta, dirudienez, defizit horrek enbrioi egitura horren garapen goiztiarrean inplikatutako gene jakin batzuen aldaketa epigenetikoetan izan lezake jatorria.

Ia azken mende osoan, azeri arruntak hiri handietan sartuz joan dira, ez bakarrik Europa kontinentalean, Britainia Handian eta Australian ere bai. Azken hamarkadetan, azeri arrunta asko gehitu da, eta, batez ere, hiriko azeriei esker gertatu da hori. Modu batean edo bestean gizakiek botatzen dituzten hondakinak baliatzera moldatu dira, eta beldurra galdu diote gizakiengana hurbiltzeari. Dirudienez, komentsalismo harreman bat hasi dute azeriek pertsonekin, txakurrak –eta, beharbada, baita beste espezie batzuk ere– etxekotzea eragin zuenaren oso antzekoa. Ziurrenik, horregatik ez dira gizakiengana hurbiltzeko beldur. Eta, aurten bertan jakin dugunez, aldaketa anatomiko batzuk izan dituzte halako azeriek, etxekotze sindromearekin bateragarriak direnak.

Prozesu hori martxan badago, azeriak euren burua etxekotzen ari dira. Ez genuke harritu behar horrengatik: azken batean, azeriek bezala, gizakiok ere geure burua etxekotu dugu.

Erreferentzia bibliografikoak:

Anastasiadi D., Piferrer F. (2019). Epimutations in developmental genes underlie the onset of domestication in farmed European sea bass. Molecular Biology and Evolution, 36 (10), 2252–2264. DOI: https://doi.org/10.1093/molbev/msz153

Parsons K. J. et al. (2020). Skull morphology diverges between urban and rural populations of red foxes mirroring patterns of domestication and macroevolution. Proceedings of the Royal Society B, 287 (1928), 28720200763. DOI: https://doi.org/10.1098/rspb.2020.0763


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude