Oilar, oilo eta oilaskoen jatorriaz

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Charles Darwinek pentsatzen zuen gaur egungo oilarrak Asiako hego-ekialdeko oihanetako espezie tropikal baten ondorengoak zirela, Gallus gallus oilar gorri basatiarenak. Antza handia daukate eta hibridatu ere egiten dira. Espezie horrek bost azpiespezie basati dauzka, Indonesiako oihanetatik Himalaiaren Pakistango adarrerainoko eremu geografiko zabal batean banatuta. Hain zuzen ere, oilarra Indian etxekotu zutela uste zuen naturalista ingelesak.

Darwinen lehen ustea zuzena zen, baina bigarrena, okerra. Gallus gallus-a, egiazki, gure oilaskoen jatorrizko espeziea da, baina ez dirudi Indiako azpikontinentean etxekotu zituztenik. Asiako zenbait lekutan aurkitutako hezur aztarnetan oinarrituz, arkeologo askok pentsatzen zuten oilaskoak duela 9.000 urte inguru etxekotu zituztela Txinako iparraldean, lehenik eta behin, eta duela 4.000 urte inguru Pakistanen –Indoren haranean–, ondoren.

oilaskoak
Irudia: Oilaskoek funtsezko garrantzia izan dute mundu osoko gizarteetan. Hala ere, gaur egun, gai polemikoak dira hauen etxekotzearen jatorri geografikoa eta baita prozesu hori noiz gertatu zen. (Argazkia: Xuân Tuấn Anh Đặng – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Berriki argitaratutako ikerketa batean, etxeko oilarren zenbait barietatetako, lau espezie basatietako eta bost oilar gorri basatiaren bost azpiespezieetako 863 aleren genoma aztertu dute. Ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, gaur egungo etxeko oilarrak azken horren azpiespezie batetik datoz, Gallus gallus spadiceus izenekotik. Gaur egun, Txinako hego-mendebaldean, Thailandiako iparraldean eta Birmanian banatuta dago. Baina etxekotu ondoren, Asiako hego-ekialdera eta hegoaldera eraman zituzten. Eremu horietan, beste oilar basati espezie batzuk zeuden (eta oraindik ere badaude), baita beste oilar gorri barietate batzuk ere (edo azpiespezieak) eta horietako askorekin gurutzatu eta ondorengo ugalkorrak izan zituzten. Beraz, gaur egungo oilaskoen iragan genetikoa oso korapilatsua da, jatorrizkoari beste espezie eta azpiespezie mota batzuk gehitu zaizkielako. Txinako, Asiako hego-ekialdeko eta Asiako hegoaldeko etxeko oilar guztiek genoma hibridoak dauzkate eta ia laurden bat jatorrizkoa ez den Gallus gallus azpiespezie batekoak dira.

Beste ondorioetako bat izan da etxeko oilarrak duela 9.500 urte inguru bereizi zirela oilar gorri basatitik, hau da, etxekotzea hasi baino lehenago, beraz, horrek ez zuen bi oilar moten, basatiaren eta etxekoaren, arteko zatiketa eragingo. Bi oilar motak klima-aldaketa handiko garai batean bereizi ziren, Pleistozenotik Holozenora arteko trantsizioaren ondoren; garai hartan, Asiako hego-ekialdean tenperaturak igo eta montzoiak ugaritu egin ziren. Baliteke eguraldi aldakorrak eragin izana jatorrizko espeziearen (Gallus gallus spadiceus) dibertsifikazioa eta bere aldaera bat edo batzuk aurrerago etxekotu izana.

Giza kontsumorako erabiltzen diren espezieekin gertatzen den bezala, ekoizpenarekin lotutako geneek hautespen positibo indartsua izan dute eta hori, logikoa denez, hazkunde azkarra eta arrautzen produkzio handia bilatzearen emaitza da. Azken finean, oilaskoak planetako baserriko animalia ugarienak bihurtu dira; gizaki bakoitzeko hiru inguru daude.

Oilar basatiaren barietatea desagertzeko arriskuan dago gaur egun, bere karga genetikoa berarekin hibridatzen diren etxeko oilar askoz ere ugariagoetan galtzen bukatu dezakeelako; hala balitz, dibertsitate genetikoko iturri baliotsu bat galduko litzateke. Agian modu bitxian bada ere, gaztelaniazko esaera zahar bat beteko litzateke: «Ez dago nor bere egurrekoa baino ziri txarragorik».

Erreferentzia bibliografikoa:

Wang, MS., Thakur, M., Peng, MS. et al. (2020). 863 genomes reveal the origin and domestication of chicken. Cell Research, 30 (8), 693–701. DOI: 10.1038/s41422-020-0349-y


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude