Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena

Ikasleen begietatik · Kolaborazioak

Txakurraren jatorria gizaki ehiztari-biltzaileen garaikoa dela aitortzen digute fosilek, gainontzeko animalia etxekotuena baino lehenagokoa. Ostera, gaur egun, urria da otsotik txakurrera igarotzeko prozesu honen inguruan dugun ezagutza. Ildo honetatik, Errallako koban (Zestoa, Gipuzkoa) aurkitu da orain arte munduan identifikatu den txakur fosil zaharrena; baliteke zer-esanik izatea aztarna honek txakurraren bilakaerako ezezagunak argitzeko.

Txakurra otsotik datorren animalia da, gizakiok etxekotu genuen lehena, ardiak, behiak eta gaur egun ezagutzen ditugun bestelako espezie etxekotuen aurrekoa; hots, Neolito aurrekoa, mundu osoan zehar egindako ikerketa zientifikoen emaitzek argi utzi baitute txakurraren jatorria Goi Paleolitoan dagoela. Inork ez daki, ordea, noiz, non eta nola gertatu zen zehazki otsotik txakurrera igarotzeko prozesu hau. Honen harira, UPV/EHUko Human Evolutionary Biology ikertaldeko paleogenetikako ikertzaileek egindako aurkikuntzak, Jesus Altuna eta Koro Mariezkurrena zooarkeologoekin batera, ate asko ireki ditu gai honen inguruan hipotesi berriak eraikitzeko, orain arte munduan genetikoki eta morfologikoki identifikatutako eta erradiokarbonikoki datatutako txakur-fosil zaharrena topatu baitute Errallako koban, Zestoan, Gipuzkoan.

Errallako kanidoa

Errallako koba aurreko mendeko 70eko hamarkadan aurkitu zen, Zestoan. Jesus Altunak zuzendu zituen aztarnategi honetako indusketa-lanak, eta haien ostean, 80ko hamarkadan, aztertutako materialen emaitzak argitaratu ziren. Bertan, Jesus Altunak eta Koro Mariezkurrenak, tamainagatik otsoarena izan ezin zitekeen eta txakur batena zirudien humero bat identifikatu zuten fosilaren morfologiari erreparatuz; humeroaren zabalera distalari erreparatuz, hain zuzen ere. Ezin izan zuten, baina, hura segurtasun guztiz bereizi garaiko beste kanido txikiagoetatik (kuoia eta azeria, batik bat).

80ko hamarkadako datazio erradiokarbonikoko metodoak erabiliz, hots, fosilaren kronologia zehatza ezagutzeko erabilitako analisi kimikoei esker, ~20.000 urte inguru zituela estimatu zuten, alegia, Madeleine aldikoa zela. Datazio erradiokarboniko hau humeroaren maila arkeologiko berean aurkitutako (ustez kronologia antzekoko) bestelako hezur txikietan egin zen, orduko metodologiak esleitutako lagin kantitate handiak behartuta.

Garaian, mundu osoan zehar ezagutzen ziren gainontzeko txakur-fosil zaharrenak ere Madeleine aldikoak ziren, eta fosil honen interesa asko pizten zuen horrek, ordura arte aurkitutako txakur-fosil zaharrenetarikoa izateaz gain, ezagupide apur bat ere emango baitziokeen txakurraren etxekotze-prozesuaren ezagutza orokorrari. Ezezagun hau ez zen argitu, ordea, DNA-analisien tekniken inguruan azken hamarkadetan egin diren aurrerapenak antzinako lagin eskeletikoen DNAren ikerketan (paleogenetikan) aplikatu ziren arte.

fosil zaharrena
1. irudia: Errallako kobako indusketa-lanetan ateratako argazkiak. (Iturria: Altuna, J.; Areso, P., 1985)

Txakurra ote?

2022. urtean, Koro Mariezkurrena eta Jesus Altunarekin elkarlanean, UPV/EHUko Human Evolutionary Biology ikertaldeko partaideek Errallako humeroaren gain, analisi paleogenetikoa ez ezik, fosil beraren datazio erradiokarbonikoa egin zuten, 80ko hamarkadan lortutako data gaur egungo datazio-metodologia aurreratuagoen bidez zehazteko asmoz. Horrela, duela ~17.000 urte bitarteko fosila izateaz gain, Errallako kanidoa txakur bat zela ziurtatu zen genetikoki. Hala, orain arte morfologikoki eta genetikoki identifikaturiko eta zuzenean dataturiko munduko txakur zaharrena izatea suertatu da.

Txakur-fosil zaharrenen kokalekua

Fosilen kronologia (urtetan)

Erralla (Gipuzkoa) 17,410–17,096
Abri le Morin (Frantzia) 15.114-14.237
Bonn-Oberkassel (Alemania) ~14.800-14.000
Kesslerloch (Suiza) 14,319–14,040
Grota Paglicci (Italia) 14,311–13,860
Kebara (Israel) ~12.500-12.000
Jiahu (Txina) 9.000-7.800

1. taula: ziurki txakurtzat identifikatutako munduko fosil zaharrenak irudikatzen dituen taula. (Iturria: Hervella, M., et al., 2022)

Horrek interes handia piztu du jakintza arlo honetan ikerketa burutzen duten ikertzaileengan, agerian geratu baita txakurraren etxekotze-prozesua uste zena baino lehenago gertatu zela. Zehazki zertan datza, baina, haren garrantzia?

fosil zaharrena
2. irudia: Errallako txakurraren humeroa: a) aurretiko bista, b) atzetiko bista, c) erdiko bista eta d) albotiko bista. (Iturria: Hervella, M., et al., 2022)

Hipotesi berriak zabalik

Biologikoki, etxekotze-prozesu guztietan, lehenik jarrera-aldaketak gertatzen dira, eta jarraian aldaketa morfologikoak. Jarrera-aldaketa eta aldaketa morfologiko hauek erruz aztertu dira bai animalietan eta bai landareetan, eta hauek etxekotze-sindromearen ezaugarri gisa sailkatu dira. Animalien kasuan, sindrome honen parte izango lirateke, esaterako, belarri eroriak, ilaje-kolore argiak, portaera baretu eta sozialak, etab. Otsoaren eta txakurraren artean, gaur egun behintzat, agerian dauden ezaugarriak dira hauek (3. irudia).

3. irudia: otsoaren (ezkerrean) eta txakurraren (eskuinean) argazkia, hauen ezberdintasun morfologikoak agerian uzten dituena. (Argazkia: nickjans.com)

Txakurraren eta otsoaren arteko ezberdintasuna, bereziki, haien tamainan dago, otsoa txakurra baino handiagoa baita, eta horixe erakusten du Errallako txakurraren fosilak. Horrenbestez, eta aurrez esan bezala, etxekotze-prozesuetan aldaketa morfologikoak jarrera-aldaketen ondoren gertatzen direla jakinik, Errallako txakurra bizi zenerako jada otsoaren etxekotze-prozesua aurreratua zegoela baieztatu du aurkikuntza honek. Laburbilduz, txakurraren etxekotze-prozesua uste zena baino lehenago, hau da, Madeleine aldia baina lehenago, gertatu zela utzi du agerian fosil honek.

Aurkikuntza honekin, galdera mordo bat ireki berri da otsoaren etxekotze-prozesuaren harira: Kantauri Itsasoko Kostaldea garrantzizko kokaleku geografikoa izan al zen prozesu honetan? Nolakoa izan zen garaiko kostalde honetako giza ehiztari-biltzaileen partaidetza? Eta nolakoak izan ziren gizaki eta otsoen arteko lehen harremanak? Etorkizun laburrean Human Evolutionary Biology ikertaldeko paleogenetikako ikertzaileak erantzuten saiatuko diren galderak dira hauek, Errallako humeroaren gain eta Kantauri Itsasoko Kostaldeko zenbait kronologiatako beste otso eta txakur-fosilen gain egingo dituzten analisi genetiko sakonagoen laguntzaz.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Altuna, J. & Areso, P. (1985). Situación y descripción de la cueva. Historia de las excavaciones. Descripción del relleno. Munibe, 37, 11-23.
  • Altuna, J. & Mariezkurrena, K. (1985). Bases de subsistencia de los pobladores de Erralla: Macromamíferos. Munibe, 37, 87-117.
  • Boudadi-Maligne, M., Mallye, J.B., et al. (2012). Des restes de chiens magdaléniens à l’abri du Morin (Gironde, France). Implications socio-économiques d’une innovation zootechnique. PALEO, 23, 39-54. DOI: https://doi.org/10.4000/paleo.2260
  • Brumm, A., Germonpré, M., et al. (2023). The human-initiated model of wolf domestication – an expansion based on human-dingo relations in Aboriginal Australia. Frontiers in Psychology, 14, 1082338. DOI: https://doi.org/10.3389/fpsyg.2023.1082338
  • Hervella, M., et al. (2022). The domestic dog that lived ~17.000 years ago in the Lower Magdalenian of Erralla site (Basque Country): A radiometric and genetic analysis. Journal of Archaeological Science: Reports, 46, 103706. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jasrep.2022.103706
  • Mech, L. D. & Janssens, L. A. A. (2022). An assessment of current wolf Canis lupus domestication hypotheses based on wolf ecology and behaviour. Mammal Review, 52, 304–314. DOI: https://doi.org/10.1111/mam.12273
  • Wilkins, A. S., Wrangham, R. W., et al. (2014). The “Domestication Syndrome” in Mammals: A Unified Explanation Based on Neural Crest Cell Behavior and Genetics. Genetics, 197(3), 795–808. DOI: https://doi.org/10.1534/genetics.114.165423

Egileaz:

Aloña Aldasoro Zabala, Zientzia Biomedikoetan graduatua da eta doktorego-tesia egiten dabil UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologiako Sailean, Giza Biologia Ebolutiboa ikerketa-taldean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.