‘Tartalo’ aurkeztu dute, Miozenoko hartz–txakur berria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Izaki mitologikoaren omenez izendatu dute Pirinioetan aurkitutako hartz-txakur baten fosila. Duela 12 milioi urte bizi izan zen harrapari itzel hau.

30 milioi urte inguruz Ipar Hemisferioan jaun eta jabe izan ziren hartz-txakurrak. Alabaina, jakina da erregealdi guzti-guztien ondoren datorrela ezinbestean erorialdia: duela 36 milioi urte agertu baziren ere, duela 7,5 milioi urte behin betiko iraungi ziren.

Animalia horiek —Amphicyonidae familiakoak, zehazki hitz eginda— hartz baten eta txakur handi baten ezaugarrien arteko hibrido bat bezala irudika genitzake. Garaiko zenbait animalia irudikatzea zaila denez gero, horrelako nahasketetara jotzen da sarritan horien inguruko ideiaren bat egiteko.

Tartalo
1. irudia: bi hartz-txakurren irudikapena, Sallespisse inguruko kostan lehorreratutako moko-bale bat jaten. (Irudia: Denny Navarra)

Ez ziren, ordea, ez hartz eta ez txakur: ez filogeniari helduta bederen. Txakurren antzekoak ziren proportzioetan, baina haien egiturak antz handiagoa zuen egungo hartzekin. Kasurako, hartzak bezala, hartz-txakur gehienak plantigradoak zirela uste da; hots, oineko hezur guztiek lurra ukitzen zuten. Gaur egungo txakurrek eta beste animalia askok, berriz, ez dute hala egiten, eta behatz-puntetan ibiltzen dira, nolabait adierazteko: digitigradoak dira.

Espeziearen arabera, tamaina oso desberdinetakoak ziren Amphicyonidae familiako animaliak: 9 kilotan hasi eta 320 kilotara iristeraino. Orain ikertzaile talde batek Peer J. aldizkarian argitaratutako artikulu batean aurkeztu duen aleak 200 kilo inguruko pisua zuela kalkulatu dute. Harrapakaria zela jakinda, seguruenera latza izan beharko zen halako animalia baten aurrean egotea.

Pirinioetatik gertu aurkitutako barailezur fosil batean oinarritu dira espezie berria berreraikitzeko, eta genero berritzat jo dute ere. Zehazki, beheko baraila da Sallespisse herrian (Pirinio Atlantikoetako departamendua, Frantzia) aurkitu dutena.

Tartarocyon cazanavei izendatu dute espeziea. Tartalo edo, zehazkiago, horren aldaera den Tartaro izenean oinarritu dira genero berria izendatzeko, euskal mitologian ezaguna den pertsonaiaren omenez. Aurkikuntzaren herria berez Euskal Herrikoa ez izan arren, zientzialariek azaldu dute Bearno inguruan ere zabalduta dagoela Tartalo izakiaren gaineko kondaira. Cyon (κύων) atzizkiak, berriz, grezieraz txakurra esan nahi du.

Espeziea izendatzeko erabili duten bigarren terminoaren bitartez, berriz, fosilaren aurkikuntzan parte hartu duen lagun bat omendu nahi izan dute: Alain Cazanave fosila topatu den lurren jabea da, eta “urte luzez indusketetan lagundu” du, zientzia artikuluan bertan azaldu dutenez.

Espezie berria dela ondorioztatzeko hagin batean oinarritu dira, Amphicyonidae familiako beste aleetan orain arte aurkitu ez duten laugarren aurreko hagin berezkoa duelako. Ikertzaileek prentsa ohar batean adierazi dutenez, hortz hau garrantzitsua da espezieak eta generoak zehazterakoan.

Azken urteotan paleontologiaren munduan ohikoa den bezala, hiru dimentsiotan eskaneatu dute fosila, ikertzaile eta interesatu guztien esku egon dadin.

Tartalo
2. irudia: barailezur fosil batean oinarritu dira espezie eta genero berria proposatzeko. Haragijaleen kasuan bereziki, halako hezurrek informazio oso baliotsua eskaintzen diete paleontologoei. (Argazkia: Sole F. et al.)

Ale honen kasuan, paleontologoek kalkulatu dute duela 12 miloi urte bizi izan zela harrapakaria, Erdi Miozenoan. Inguruan aurkitu dituzten molusku fosilak ere oso erabilgarria izan zaizkie estratua datatzeko.

Oro har, Miozeno osoan—duela 23 eta 5,3 milioi urte artean— hartz-txakurrak oso zabalduta zeudela azaldu dute zientzialariek. Hala izanik ere, gutxi dira Pirinio inguruetan data honen bueltan aurkitu diren fosilak, eta horregatik aurkikuntza are garrantzitsuagoa da, egileen esanetan.

Barailezurra aztertuta agerikoa da haragijale indartsua zela. Aurreko hortzen bitartez harrapakina heldu eta haragi zati handiak ateratzeko gai zela uste dute, eta atzeko partea, berriz, haragia puskatzeko erabiltzen zuen. Beste espezieengatik ezagutzen da animalia hauek hanka indartsuak zituztela.

Halere, haren anatomiagatik ez zen oso haragijale azkarra izan behar, gaurko kanidoak edo felidoak ez bezala. Seguruenean zelatan edo beste haragijaleek ehizatutakoaz baliatzen zen janaria eskuratzeko.

Eta hau izan daiteke, adituen ustez, animalia hauen desagerpenaren arrazoietako bat, klimaren eta paisaiaren aldaketekin batera. Antza, inoiz izan den ugaztun talde arrakastatsuenetakoa ez zen gai izan gure gaur egungo munduan ohikoak bihurtu ziren azken aldaketa garrantzitsuei taxuz egokitzeko.

Klima milurtekoz milurteko hozten zen heinean, pixkanaka planeta osoa hartzen zuten basoak ez ziren hain ugariak. Ondorioz, gero eta eremu garbi eta larre zabalagoak sortu ziren Eurasian eta Ipar Amerikan. Landare altuen artean segadak egiteko ezkutatzea gero eta zailagoa bihurtu zen. Gainera, belarjaleak gero eta tarte zabalagoak egin behar zituzten elikatzeko, haien elikadura dagoeneko ez baitzen oinarritzen zuhaixken murriztean.

Horrela, eboluzioak horretarako prestatuenak ziren belarjaleak saritu zituen: belaunaldiz belaunaldi, belarjale azkarrenak nagusitu ziren, eta horrek suposatu zuen harrapariengandik alde egiteko aukera gehiago zituztela. Hartz-txakurrak ez zeuden horien abiadurarekin lehiatzeko prestatuak. Kasurako, paleontologoek badakite Miozenoaren amaierarako gaur egungoekin antza handia zuten zaldi azkarrak zabalduta zeudela.

Gaur egun badakigu zelai zabaletan belarjaleak ehizatzeko ezinbestekoa dela abiadura handiaren eta erresistentziaren arteko oreka ona izatea. Horrelakorik nahikoa ez den kasuetan ere, aukeran dagoen beste estrategia osagarri eta arrakastatsua talde ehizarena da, eta baina ez dago probarik hartz-txakurrek halakorik erabiltzen zutenik. Haien ehiza tekniken inguruan espekulatzea baino ezin badugu ere, adituek ez dute uste hartz-txakurrek nahikoa abilezia izango zutenik horretarako. Gainera, oraingo harrapakarirekin alderatuta, beren garuna sinpleagoa zela pentsatzen dute paleontologoek. Horregatik, planeta honetan bizi izan diren beste espezie asko eta asko bezala, hartz-txakurrak garai urrun baten oroimena baino ez dira gaur.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sole, F., Lesport, J., Heitz, A., Mennecart, B. (2022). A new gigantic carnivore (Carnivora, Amphicyonidae) from the late middle Miocene of France. PeerJ, 10, e13457. DOI: https://doi.org/10.7717/peerj.13457


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Hartz-txakur baten fosila aurkitu dute Pirinioetan, eta “Tartalo” izena jarri diote. Izendapena, hizkera arruntean euskal mitologian ezaguna den pertsonaiaren omenez jarri diote eta, bestalde, Tartarocyon cazanavei izen zientifikoa eman diote. Espezie berri bat da, beraz, eta hau ondorioztatzeko hagin […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..