Moko-baleen estrategia bizirik irauteko: isilpeko igeriketa sinkronizatua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zetazeo hauek portaera bitxia garatu dute haien harrapakari diren orketatik babesteko. Ur sakonetan aritzen dira, eta, itsas azalera bueltatzean, isilpean eta zeharka igotzen dira.

Ez da erraza moko-balea edo zifio bat ikustea, eta agian horregatik ere ez dira oso ezagunak. Askotan, hondartzetan hilik agertzen direnean baino ez dira ikusten. Horren arrazoia da normalean sakontasun handiko uretan denbora gehiena ematen dutela. Ez da soilik habitat kontua: tartean biziraupena dago.

Arazoaren muina moko-baleen areriorik handiena da, eta Orcinus orca du izena. Bai, orka. Haiengandik babesteko, moko-baleak gutxitan joaten dira itsasoaren azaletik gertu, eta, egiten dutenean, kontu handiz egiten dute, haientzako arrisku handiko eremua baita. Beste hainbat zetazeok badute abantailaren bat orkei aurre egiteko: balearik handienek tamaina eta indarra dituzte alde. Izurdeek, batera eta arin igeri egiteko gaitasuna. Odontozento klaseko hainbat espeziek, berriz, orkek entzuteko gai ez diren komunikazio-frekuentzia bat erabiltzen dute. Moko-baleen kasuan, sakontasun handietan igeri egitea da haien abantaila, baina, hain ezezagunak izanik, zientzialariek portaeraren atzean gehiago jakin nahi izan dute. Eta ikasi dute.

moko-balea
1. irudia: Izurdeen itxura dute moko-baleek, baina elefante baten tamainan. Ez dira oso ezagunak, denbora gehiena urpean ematen dutelako. (Argazkia: Ivan Dominguez / La Lagunako Unibertsitatea – CC BY 3.0 lizentziapean)

La Lagunako Unibertsitateko (Tenerife) itsas biologoek gidatutako ikerketa batean, moko-baleen portaera aztertu du nazioarteko zientzialari talde batek; atera dituzten ondorioak Scientific Reports aldizkarian ezagutarazi dituzte. Zehazki, bi dira aztertu dituzten espezieak: Cuvier moko-balea (Ziphius cavirostris) eta Blainville moko-balea (Mesoplodon densirostris).

Zetazeoen jarduna jarraitu ahal izateko, sentsoreak jarri dizkiete hiru talde desberdinetako sei animaliari. Lagin gehiago nahiko lituzketen arren, arras zaila da moko-balea bati halako gailu bat txertatzea. Modu horretan, zetazeoek hartzen duten sakontasuna eta urpetik ateratzean hartzen duten ibilbidearen makurdura neurtzeko aukera izan dute, eta egiten dituzten soinuak ere grabatu dituzte.

Datu berrietan oinarrituta, aurretik zituzten hainbat susmo berresteko moduan izan dira, eta gauza berriak ikasteko abagunean egon dira. Ikertzaileek azaldu dutenez, beste zenbait zetazeo espezieren artean ohikoa da kumeak itsas azaletik gertu uztea, taldeko heldu batzuen zaintzapean, uretan murgildu eta janari bila joateko. Baina moko-baleek kumeak ere eramaten dituzte beraiekin. Gainera, modu sinkronizatuan egiten dute, eta isilpean. Soilik sakontasun handiko uretara iristean hasiko dira ekolokalizazioa erabiltzen, janaria aurkitu ahal izateko.

Maila fisikoan, badirudi hori egiteko ondo prestatuta daudela ere. Umeek arren tamaina berdina dute, eta kumeak nahiko handiak dira, jaiotzetik bertatik. Modu horretan, helduekin batera urperatzeko gai dira. Nagusiek kilometro bateko sakontasunera iristeko gaitasuna dute, zenbait kasu berezitan marka hori bizpahiru kilometrora luza daitekeelarik.

Jaistean, 450 metroko sakontasunean hasten dira ekolokalizazioa erabiltzen, eta taldeko kideak sakabanatu egiten dira, ehiza egiteko. Ehiza bukatzean, bildu egiten dira, gorantzako norabidea hartuta arnastu ahal izateko. Urpean bi ordu eta erdi inguru eman dezakete, baina, ugaztunak direnez gero, noizean behin arnasa hartu behar dute, ezinbestean.

Dena dela, goian zain dituzte orkak. Sakontasun handietara iritsi ezin badaitezke ere, orkak gai dira ekolokalizariorako erabilitako deiak entzuteko, eta moko-baleak noiz aterako diren zain geratzen dira, adi-adi.

moko-balea
2. irudia: Moko-baleek erabiltzen duten ibilbidea eta portaera aztertu dituzte, sentsoreak erabilita. Igotzean, 700 metrotik aurrera desbideratzen dira, orken harrapakaritza saihestu nahian. (Irudia: Scientific Reports – CC BY 4.0 lizentziapean / Eraldatuta)

Harrapakariaren eta harrapakinaren arteko beste hainbat harremanetan bezala, hemen ere portaera bitxia garatu dute moko-baleek: itsas azalera bueltatzean, ez dute modu zuzenean egiten, zeharka baizik, bertikalarekiko angelu bat osatuz. 700 metroko sakonetik, gainera, erabateko isiltasuna mantentzen dute. Gainera, pixkanaka joan behar dira, halabeharrez, oxigeno gehiegi ez kontsumitzeko.

Gorantzako bidean, ekolokalizazioa egiteri utzi dioten puntutik kilometro batera atera daitezke. Modu horretan, orkek harrapatuak izateko aukerak gutxitzen dituzte moko-baleek. Kalkulatu dutenez, moko-baleak atera daitezkeen eremuaren %10 baino ezin dute behatu orkek. Hortaz, estrategia hau erabilita, moko-baleek %90 handitzen dute bizirik irauteko aukera.

Dena dela, ikertzaileek argitu dutenez, dena ez da abantaila: ezkutuan ibiltzeko behar izanagatik, itsasoan gora egiteko ordubete inguru behar dute, eta horrek janaria lortzeko denbora kentzea dakar. Ikertzaileen esanetan, janaria lortzeko denbora %35 murrizten zaie, beste zetazeoekin alderatuta.

Hau gutxi balitz, orkak ez dira arerio bakarrak: orka diruditen arren, orka ez direnak ere arazo iturri dira moko-baleentzat. Sonar militarrei buruz ari gara. Orkek erabili ohi dituzten antzeko frekuentziak erabiltzen dituzte, eta horregatik moko-baleek soinu horiek orketatik datozela pentsatzen dute. Ondorioz, izugarrizko ezustekoa hartzen dute, eta ziztu bizian alde egiten dute. Zenbait kasutan, horrek heriotza dakarkie; orketatik babesteko urpean igeri egiteko behar diren eskakizun fisiologikoak hain muturrera eraman behar izanagatik, sonarrek eragindako estresak enboliak eta barneko odoljarioak eragin ahal dizkiete.

Natacha Aguilar de Soto itsas biologoaren hitzetan, ez dago modurik zetazeoek halako alarma baten aurrean hartzen duten izua murrizteko, baina badago aukera gobernuei neurriak har ditzaten eskatzeko, “maniobra militarrak inpaktua izango ez duten eremuetara mugatu ditzaten”.

Eboluzioaren bidean, bada, orkei aurre egiteko moduan egon dira zetazeo bitxi hauek, baina, tamalez, hamarkada gutxietan garatu diren sonarrei egokitzeko denbora nahikorik ez dute izan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aguilar de Soto, N., Visser, F., Tyack, P.L. et al. (2020). Fear of Killer Whales Drives Extreme Synchrony in Deep Diving Beaked Whales. Scientific Reports, 10:13. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-019-55911-3.


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.