Noiz hasi ziren orkak beste itsas ugaztun batzuk jaten?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zetazeoen bi espezie soilik elikatzen dira beste itsas ugaztun batzuez: orka (Orcinus orca) eta orka faltsua (Pseudorca crassidens). Azken hau orkaren oso antzekoa da, baina eskeleto txikiagoa du eta gris koloreko azala, orkaren bereizgarri diren orban zuririk gabe. Bi harrapari hauek izurdeen familiako kideak dira, baina, esan bezala, elikatzeko beste itsas ugaztunak ehizatzen dituzten bakarrak dira. Izatez, orkak ezagunak dira dituzten ehiza-teknika bikainengatik. Taldeetan antolaturik, ikusi da gai direla balea urdinak ehizatzeko, inoiz Lurrean bizi izan den animalia handiena. Alabaina, zientzialariek ez zuten argi bi espezie horiek noiz garatu ote zuten harrapakaritza-jokaera hori eboluzioan zehar. Orain, ikerketa berri batek oinarrizko ebidentzia batzuk plazaratu ditu misterio honen inguruan.

Itsas ugaztunak talde oso heterogeneoa dira. Talde horretan sartzen dira zetazeoak (izurdeak, baleak eta fozenidoak), pinnipedoak (fokak, mortsak, itsas lehoiak eta itsas txakurrak), sirenioak (dugongoak eta manatiak), eta baita igarabak ere. Jada ohartuko zineten moduan, ugaztun horiek ez dute lotura filogenetiko esturik beren artean, baina ezaugarri ebolutibo zehatz bat partekatzen dute: itsasoa behar dute bizirauteko. Batzuek beren bizitzaren parte handi bat itsasoan pasatzen dute, baina ahal dira lurrazalera atera (igarabak, adibidez). Beste batzuk, berriz, ezin dira itsasotik kanpo bizi; zetazeoak, esate baterako.

orkak
Irudia: orkak ezagunak dira dituzten ehiza-teknika bikainengatik. (Argazkia: Schmid-Reportagen – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ugaztun horien dietak askotarikoak dira oso. Gehienak arrainez, moluskuez edo krustazeoez elikatzen dira, eta badira belarjaleak direnak ere (manatiak, adibidez). Baina orka eta orka faltsua dira beren dietan itsas ugaztunak sartu dituzten bakarrak. Super-harrapariak dira orkak eta orka faltsuak, hau da, kate trofikoaren puntu gorenean daude kokatuta eta ez dute harrapari naturalik. Bi espezieak haragijale hertsiak dira, eta harrapakin ugari dituzte. Habitataren arabera, espezie batzuk edo besteak: txipiroiak, izurdeak edo/eta fokak ehizatzen dituzte elikatzeko.

Dieta-berezitasun horren jatorria hobeto ulertu dezakegu orain, martxoan Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker. 2020an sortu zen ikerketa hori abiatzeko aukera, Rodas izeneko Greziako irlan antzinako izurde ezezagun baten arrastoak aurkitu zituztenean. Arrasto horiek orken jatorriaren lehen fosil-ebidentzia bihurtu ziren. Rododelphis stamatiadisi izendatu zuten antzinako espezie hori, aurkitu zen irlaren omenez eta aurkitu zuen paleontologoaren omenez (Polychronis Stamatiadis). Arrastoaren gainean metatu den lur geruzan oinarriturik, ikertzaileek uste dute izurde hori duela 1,5 milioi urte bizi izan zela, Pleistozenoan zehar.

Rododelphis hobeto ulertzeko, haren anatomia gaur egungo orkaren eta orka faltsuaren anatomiarekin konparatu zen, bai eta Orcinus citoniensis espeziearekin ere, ordura arte ezagutzen zen orkaren ahaide fosil bakarra. Burezurraren zabalerak alderatuz, ondorioztatu zuten Rododelphis anatomikoki orka faltsuaren oso antzekoa zela; 4 metro luze zen eta 500 kilo baino gehiagoko pisua zuen, seguruenik. Arrasto horien ondoan, alabaina, animalia horren azken bazka izan zenaren hondarrak topatu zituzten: arrain hezurrak. Rododelphis-en hortzak aztertuz, gainera, ikusi zuten gaur egungo orkek baino hotz txikiagoak zituela, eta hortzetako urratuek ere arrainak jan izana iradokitzen zuten.

Emaitza hauek erakusten dute, beraz, antzinako izurdeak artean arrainez elikatzen zirela duela 1,5 milioi urte. Ebidentzia hau gaur egun oso hedaturik dauden teoria batzuen kontra doa. Izan ere, zientzialari batzuen ustetan, balea urdina bezalako balea handiak hain handiak izatearen arrazoia, hain zuzen ere, harrapakaritza saihestea da. Balea handiek, ordea, duela 3,6 milioi urte eboluzionatu zuten, eta ikerketa honen arabera, hori baino askoz geroago garatu zuten antzinako izurdeek beste itsas ugaztunak ehizatzeko jokabidea. Beraz, bi teoria hauek kontraesanean daude.

Ikertzaileen esanetan, oraindik informazio asko falta da antzinako izurdeen eboluzio-historia eta dibertsifikazioa erabat ulertzeko. Rododelphis generoak eboluzioko hutsune bat bete du, eta asko estutu du elikatze-moldaera berezi hori agertu zitekeen denbora tartea (gehienez duela 1,5 milioi urte gerta zitekeen). Tamalez, garai hartako fosilak oso urriak dira. Gauzak horrela, ikerketa gehiago beharko dira orkak eta orka faltsuak duten elikatze-moldaeraren jatorria eta jatorri horren zergatia ulertu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bianucci, G., Geisler, J. H., Citron, S., Collareta, A. (2022). The origins of the killer whale ecomorph. Current Biology, 32 (8), 1843-1851.e2. DOI: 10.1016/j.cub.2022.02.041


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..