Asteon zientzia begi-bistan #292

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Astronautika

Marten lurrikarak detektatu dituzte NASAko ikertzaileek. InSight zunda Marteko azalera iritsi zenetik, 174 gertaera sismiko identifikatu dituzte, horietatik batzuk 3-4 mailako lurrikarak izan dira. Gauzak horrela, mugimendu sismikoak egoteak frogatu du Marte sismikoki aktiboa dela. Halaber, zundak aztertu ditu planetaren atmosfera, haizeteak eta magnetismoa. Elhuyar aldizkarian topatuko dituzue xehetasun gehiago.

Biologia

Garunak musika eta hitzak nola bereizten dituen argitu dute McGill Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileek. Horien arabera, pertzepzioa estimuluan dagoen informazio akustikoaren araberakoa da: hitzen pertzepzioaren oinarrian modulazio tenporal motzak prozesatzeko ahalmena dago. Musikaren pertzepzioan, berriz, soinuen espektroan dago gakoa. Egindako esperimentuaren xehetasunak Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue.

Zer egiten dute moko-baleek orketatik babesteko? Sakontasun handiko uretan ibiltzen dira normalean baina itsas azalera itzultzean, haientzako izugarrizko eremu arriskutsua denez, estrategia bat jartzen dute martxan: isilpeko igeriketa. Moko-baleek erabiltzen duten ibilbidea eta portaera aztertu dituzte ikerketa batean eta ikusi dute itsas azalera bueltatzean, ez dutela modu zuzenean egiten, zeharka baizik. Gainera, igotzean, 700 metroko sakonetik erabateko isiltasuna mantentzen dute, artikuluan irakur daitekeenez.

Osasuna

Diabetesari buruzko hirugarren atalean, iraganera egin dugu jauzi, historian zehar gaixotasunak izan duen garapena eta data esanguratsuenak bildu dizkigu Josu Lopez-Gazpiok. Badakigu aspalditik ezaguna dela diabetesa eta horri aurre egiteko hainbat ahalegin egin direla. Hala nola, 1869. urtean Paul Langerhansek pankreako zelula-multzoak ezagutzera eman zituen haren tesian. 1921.urtean, adibidez, Frederick Banting eta Charles Best ikertzaileek ordura arteko ideiak elkartu eta pankrearen substantziak bilatzen hasi ziren. Bazekiten pankreak zerbait izan behar zuela eta horren gabeziak diabetesa sortzen zuela. Ez galdu ibilbide historiko hau!

Ikerketa batek frogatu du depresioak %50 areagotzen duela hiltzeko arriskua. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, arriskua are handiagoa da gizon gazte eta adin ertainekoetan: 18-64 urteko gizonek 6 aldiz arrisku handiagoa dute hiltzeko.

Bizi-itxaropena handiagoa da herrialde aberatsenetan herrialde pobreenetan baino, hau da, zenbat eta diru-sarrera handiagoak orduan eta elikadura, etxebizitza, arropa hobea, eta horrenbestez, orduan eta hobea da osasuna. Baina Samuel Preston demografoa konturatu zen agian dena ez zegoela diru-sarreraren mailaren mende. Hamarkada bat geroago, John C. Caldwell demografoak ikusi zuen eskualde pobreetan bizi-itxaropenak gora egiten zuela osasun zerbitzuak hobetzeaz gain emakumeek hezkuntzarako sarbidea zuten tokietan. Halaber, Wolfgang Lutz eta Endale Kebede ikertzaileek ikusi zuten hezkuntza mailak diru-sarreren mailak baino eragin handiagoa zuela biztanleriaren osasun egoeran. Honen guztiaren informazioa artikuluan.

Geologia

Azken bi milioi urtean izandako erupzio handienetakoa gertatu zen duela 74.000 urte inguru Sumatra uhartean (Indonesia): Toba sumendiak eztanda egin zuen eta zientzialari askok uste dute horrek eragin handia izan zuela garaiko gizakiengan. Orain, baina, nazioarteko zientzialari talde batek esan du gertakizun hori ez zela hain katastrofikoa izan. Elhuyar aldizkarian informazio guztia.

Mikrobiologia

Errealitate bilakatu den fenomeno baten aurrean gaude: gure betiko antibiotikoak geroz eta ahulagoak dira bakterioen aurka. Super-bakterio hauei buruzko ikerketa asko abiatu dira azken urteotan, eta adimen artifizialak badu zeresana afera honetan, izan ere, aurreko astean argitaratu zen artikulu batean erakusten zuten nola erabili neurona-sare artifizialak antibiotiko berriak diseinatzeko. Ikertzaileek erakutsi dute era horretara diseinatutako antibiotiko berritzaile batek hainbat superbakterio hiltzen dituela laborategiko probetan. Berrian irakur daitekeenez, bide berri bat ireki dute superbakterioak garaitzeko!

Ingurumena

Zaldibarko zabortegiaren harira, asteon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du dioxina eta furano maila “nabarmen” murriztu dela, eta “hiri eremuetan ohikoak” diren mailetan daudela. Zaldibarko zabortegiaren inguruko herrietan egindako dioxina eta furano azterketen emaitzen sintesia aurkituko duzue Berriako artikulu honetan.

Neurologia

Sare neuronalak izan dituzte mintzagai Unibertsitatea.neteko artikulu honetan. Giza burmuinaren funtzionamendua eredutzat hartuta, patroiak ezagutzeko erabiltzen diren algoritmo multzoak dira. Definizioa eta sailkapenaz gain, sare neuronalen osagaiak aztertu dituzte, baita ikaskuntza-algoritmoak ere. Honen inguruan unibertsitatea.neten.

Adimen artifiziala

Datuen Zientzien eta Adimen Artifizialaren Institutua martxan jarri du Nafarroako Unibertsitateak. Institutu berriak ikerketa, berrikuntza, transferentzia eta formakuntza izango ditu helburu. Jesus Lopez Fidalgo institutuko zuzendariak Big data-ren garrantziaz hitz egin du Berrian: “Beti izan dugu datu asko. Orain dela bi mende datu asko ziren 500, orain datu asko dira milioika, milioika eta bilioika datu, aldagai eta zenbaki. Beti arazo hori izan dugu: datu kopuru handiak analizatzearena. Orain, arazo horrek salto oso handia eman du aurrerapen teknologikoei esker eta denetariko datuak ateratzeko dugun gaitasunari esker”.

Kimika

Egun, materialak ezaugarritzeko erabiltzen diren teknikek informazio dezente uzten dute agerian. Informazio hau garrantzitsua eta beharrezkoa da polimero horietatik eratorritako materialen propietateak ezagutzeko. Polimeroak karakterizatzeko, Matrix Assisted Laser Desorption-Ionization Time of Flight Mass Spectrometry (MALDI/TOF MS) teknika dugu, sortu zenetik asko hedatu dena, polimeroen karakterizazioan, masa molarraren banaketaz gain, polimeroen unitate monomerikoa, polisakabanatzea eta kateen muturrak ezagutzea lor daitekeelako. Lan honetan teknika horren oinarriak azaltzeaz gain, zenbait polimeroen karakterizazio adibideak aztertu dituzte.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.